Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Iñigo Martinez de Albornoz, Skimoko Munduko Kopatik Neguko Olinpiar Jokoetara?

Amaitu berri den nazioarteko erregulartasunaren zirkuituan, eskiatzaile donostiarrak zazpigarren postuan bukatu du sailkapen orokorrean. Heldu den abenduan, berriz, olinpiadetara sailkatzeko txartela jokatuko du.

Iñigo Martinez de Albornoz zazpigarrena izan da Munduko Kopako sailkapen orokorrean.
Iñigo Martinez de Albornoz zazpigarrena izan da Munduko Kopako sailkapen orokorrean. (ISMF)

Mendi Eskiko Nazioarteko Federazioak (ISMF) antolatutako denboraldia amaitu da. Eta aurtengoa berezia izan da, batez ere Cortina-Milan Neguko Olinpiar Jokoetara begira jarri delako. Gogoratu behar dugu lehen aldiz mendiko eskia edo skimoa olinpikoa izango dela. Hain zuzen ere, bi modalitatek ohorea izango dute: esprintak eta errelebo mistoak.

Dagoeneko txartel batzuk banatu dira. Zehazki esanda, amaitu berri den Munduko Kopak banatu ditu. Baina hitzordu horretara joan aurretik, nazioarteko federazioak antolatutako erregulartasunaren zirkuituan euskal eskiatzaile batek eginiko lana aztertuko dugu. Iñigo Martinez de Albornozi buruz ari gara. Eskiatzaile donostiarrak urte batzuk daramatza esprinteko modalitatean parte hartzen, eta lasai asko esan daiteke bere burua lehen lerroan kokatu duela. Orain «soilik» ginga jartzea falta zaio; hots, Neguko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratzea.

Munduko Kopan lau finaletan ikusi dugu; beste hirutan, aldiz kanpo. Podiumek ere ihes egin diote. Baina, oro har, NAIZi baieztatu dionez, nahiko erregularra izan da: «Denboraldian egin dudan lanarekin gustura nago. Final batzuetan sartu naiz, eta beste bitan ez naiz sailkatu zigortu nindutelako. Onartzen dut azken txanda horretan errematatzea falta izan zaidala. Dakizunez, akats txiki batek dena pikutara eramaten du. Horrelakoa da modalitate hau. Halere, uste dut urrats bat egin dudala; konstantea izan naiz».

Euskal eskiatzaileak aipatu duen bezala, esprinta berezia da oso. Bi minutu eta gutxi irauten duten proba ikusgarriak dira, eta lehiakidea topera joaten da. Ibilbide motz hori kudeatzea ez da batere samurra; izan ere, erronboa, trantsizioak eta igoera zein jaitsiera bana ditu.

Zirkuitu erregularra egin badu ere, Martinez de Albornozek ez du aukera izan podiumetara igotzeko. Onartu du urrats txiki hori egiteko lanean jarraitzen duela: «Neure burua podiumetan ikusten dut. Konfiantza dut, baina dena ondo atera behar da. Oso gertu izan dudanean, Azerbaijanen bezala, zigorra jaso nuen. Nahiz eta den-dena ondo antolatu, materialarekin ere arazoren bat izan dut. Pena da, batez ere dena ematen duzulako eta horrelako egoera batek kanpo uzten zaituelako. Lan ona egiten ari naiz, eta bide horretan jarraitu behar dut. Jakina, gauza batzuk hobetu behar ditut. Agian, aerobiko gehiago landu. Erronboetan teknikoki ondo nabil, eta trantsizio batzuetan eraginkorra izan behar dut. Finean, xehetasunen menpe gaude, eta horiei aurre egin behar zaie».

Olinpiar Jokoak

Euskal eskiatzaileak balorazio positiboa egin du amaitu berri den denboraldiaren inguruan. Eta ez da gutxirako. Munduko Koparen sailkapen orokorrean zazpigarren postuan geratu da. Baina ezin dugu ahantzi ere egin Morginsen (Suitza) jokatutako Munduko Txapelketan finalean sartu zela eta seigarren postua sinatu zuela: «Uste dut denboraldi onena izan dela. Munduko Kopan, bederen, orain arte sinatu dudan sailkapen onena izan da. Eta diozun bezala, Munduko Txapelketan seigarrena izan nintzen».

Denboraldia atzean utzi eta Martinez de Albornoz hurrengo helburu nagusira begira jarri dugu. Neguko Olinpiar Jokoetara ez da zuzen sailkatu, baina heldu den abenduan aukera bat izango du txartel preziatu hori eskuratu ahal izateko. Herrialde bakoitzak bi ordezkari izango ditu olinpiadetan. Dagoeneko espainiar selekzioak badu bat: Oriol Cardona. Bestea Ot Ferrer katalanaren eta euskal eskiatzailearen artean argitu beharko da abenduko proban.

Donostiarrak onartu digu helburu nagusi hori lortzeko dena emango duela: «Pena da taldekide batekin, Otekin, txartel hori jokatzea. Baina Olinpiar Jokoetan egon nahi dut; hitzordu bakarra da! Berez, biok ala biok sailkapen orokorrean erdietsitako postuengatik olinpiada horietan geundeke. Zaila izango da, baina udaran topera entrenatuko dut eta ikusiko dugu helburu hori lortzen dudan».

Cortina-Milanen mendiko eskia edo skimoa lehen aldiz olinpikoa izango da, baina soilik esprint eta errelebo mistoak modalitateetan. Bertikala eta indibiduala, aldiz, kanpo geratu dira. Martinez de Albornozek onartu digu oso positiboa dela skimoa Olinpiar Jokoetan ikustea: «Lehen aldia izango denez, badaude gauza batzuk hobetzeko daudenak. Baina diozun bezala, lehen aldia da. Bederen, kirolari batzuek aukera dugu profesionalki dedikatzeko; orain dela urte batzuk hori pentsaezina zen. Ez dira modalitate guztiak sartuko, baina uste dut hori konponduko dela. Jakina denez, esprinta eta erreleboak telebistaz eskaintzea askoz ere egokiagoak dira. Eta horrek asko laguntzen du».