Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Sambou Diaby, Asier Urbieta eta Jone Laspiur
‘Faisaien irla’ filmeko lantaldea

«Etengabe gurutzatzen ziren fikzioa eta errealitatea»

Mugek, eta batez ere muga inposatuek beti eman dute zer esana Euskal Herrian. ‘Faisaien irla’ filmean, Bidasoako muga da kokaleku nagusia, berau igaro nahi duten pertsonen egoera erdigunea. Filmeko zuzendari Asier Urbietarekin eta protagonistekin, Sambou Diaby eta Jone Laspiurrekin, elkartu gara.

Sambou Diaby, Jone Laspiur eta Asier Urbieta.
Sambou Diaby, Jone Laspiur eta Asier Urbieta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Galdera batek zeharkatzen du Asier Urbietak zuzendu duen ‘Faisaien irla’ filma: «Eta zuk, zer egingo zenuke?». Bidasoan kokatutako istorioa da, Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) Faisaien irla paretik paseatzen doaz, bi pertsona ikusten dituzte ibaia zeharkatu ezinik, Laidak laguntzeko jauzi egiten du.

Thriller kutsua eman diote, filmak «ikuslea harrapatu» eta «gai sakonen inguruan» hitz egiteko asmoz. Izan ere, albistegietan lantzen den gai bati beste leku batetik heldu nahi izan dio Urbietak, migrazioaren eta mugen gaiari fikziotik, hain zuzen. Goteborgen, Malagan eta Bartzelonan izan ostean, 22. Giza Eskubideen Zinemaldiko estreinaldiaren ondoren elkartu gara filmeko zuzendari eta protagonistekin, Victoria Eugeniako luxu itxurako besaulkietan, lokatzetan sartzeko prest.

Egunkari batean irakurri zuen zuzendariak pertsona batek bere buruaz beste egin zuela Bidasoko ibai aurrean; atentzioa eman zion eta ikertzen hasi zen: «Bidasoko muga garrantzitsu bilakatu da Afrikatik Ipar Europara bidean trantsitoan dagoen jendearentzat. Bidaia luzea egiten dute, basamortua zeharkatzen dute, Mediterraneoa gurutzatu, eta behin Europara iritsita uste dute ez dagoela mugarik, baina bat-batean Bidasoko mugarekin egiten dute topo. Asko psikologikoki oso nekatuta iristen dira, eta honek bere buruaz beste egin zuen». Irungo Harrera Sarearekin harremanetan jarri zen Urbieta eta esan zioten ez zela gertakari bakana izan, eta filma gauzatu arteko denboran bederatzi pertsona hil ziren Bidasoan: bost ibaian itota, hiru tren geltokian eta urkatutakoa.

«Ez nekien muga hau existitzen zenik, banekien Afrikatik Europara zein muga dauden, baina hemengo zailtasunez ez nekien ezer ez, kolpe handi bat izan zen»

Laspiurri eta Diabyri zuzenean deitu zien. Laidaren pertsonaia idatzi zuenean Laspiurrek duen «energia» zuen buruan zuzendariak. «Pertsonaia nigan pentsatzen idatzi zuela esan zidan Asierrek; aktore gisa izugarrizko oparia da hori, gutxitan gertatzen den gauza bat. Hasieratik eman nion baiezkoa», kontatu du Laspiurrek. Bere pertsonaiarekin une batzuetan asko enpatizatzea lortu duela gehitu du; izan ere, «erru zuria» edota «salbatzaile zuriaren» ikuspegia nahi baino maizago gailentzen zaizkigula uste du. Eta interesgarria iruditzen zaio interpretatzen duten arrazarteko bikotearen harremana ere, pertsonaia bakoitzaren biografiak asko eragiten baitu harremanean.

Diabyk eta Urbietak ‘Altsasu’ telesailean egin zuten lan elkarrekin lehenago, eta handik hiru bat urtera jaso zuen Diabyk ere zuzendariaren deia: «Nik ere pentsatu gabe esan nuen baietz».

Bidasoko muga

Pozarren hartu zuten eskaintza, baina ezer gutxi zekiten Bidasoko mugaren bueltan gertatzen ari zenaz. Diabyk honakoa esan du: «Ez nekien muga hau existitzen zenik. Banekien Afrikatik Europara zein muga dauden, baina hemen zein zailtasun dituzten ez nekien. Kolpe handi bat izan zen». Laspiurrek ere aitortzen du «oso azaletik» ezagutzen zuela errealitate hau: «Gertu nuen nolabait, baina ez dakit, agian ez nuen ikusi nahi gaiaren sakonera». Urbietaren proposamenaren ondotik, ordea, ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala, desobedientzia zibilaren bidez egindako ekintza ezberdinak zein Harrera Sarearen eta inguruko boluntarioen  lan guztia ezagutu zuten. Dokumentazio fasean, Gari Garaialde argazkilariarekin ere egon zen Urbieta, eta bada horren arrastorik filmean, pertsonaia bat argazkilaria baita, eta Faisaien Uhartean agertutako hilotzaren argazkia du, nahiz eta ez argitaratzea erabakitzen duen Ximun Fuchsen pertsonaiak. «Garik esan zidan berak bazekiela ez zituela inoiz argitaratuko, baina bazuela horrelako argazkirik, ‘hildako bat egon da’ esango duena behintzat».

Bertan egon arte, ordea, maiz zaila da entzundakoak irudikatzea. «Grabatzen ari ginenean jende gaztea muga zeharkatu nahian zebilela ikusten nuen; nire begiekin ikusteak asko hunkitu ninduen. Errealitate hori zuzenean ikustea kolpe handia izan zen», esan du zumaiarrak.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Izan ere, beraiek fikzio bat antzezten ari ziren, baina beren ondotik igarotzen ari zirenak benetan ari ziren trantsito hori egiten. «Oso heavya izan da; uste dut inoiz ez zaidala beste proiektu batean puntu horretaraino berriro gertatuko; denbora guztian gurutzatzen ziren errealitatea eta fikzioa», azaldu du Laspiurrek. «Zubian filmatzen ari ginen gau batean hainbat pertsona etorri zitzaizkigun galdezka ea nondik gurutzatu behar zuten. Frantzia non zegoen, hau zer zen eta norantz joan behar zuten azaltzen saiatzen ari ginen, gure hizkuntza arazoekin, eta hor bat-batean Laidarekin topatu nintzen, eta hamar minutura ‘akzioa’ eman, eta Laida izan behar nuen... Oso frustrantea zen, oso jende gaztea zebilen pasatzeko ahaleginean, eta gu begira». Batzuk Harrera Sareko kideekin aurrez egonak zirela kontatzen dute, informazio gehiagorekin iristen zirela mugara, «baina beste asko oso galduta ikusten genituen; jende asko dago mugarik dagoenik ere ez dakiena», ohartarazi du donostiarrak.

Ikuslea hunkitzea

Eta hain zuzen ere, horregatik, emozio horiek jendearengana iristeko hautatu zuen zinema eta fikzioa Urbietak: «Albiste bat hotzagoa da film bat baino, eta hori zen gure xedea, fikzio bat eraikitzea errealitate honekin. Pelikula bat ikusten ari zaren bitartean errealitate berri bat ezagutzea, eta emozionatzen baldin bazara, akaso zure kontzientzia astintzea».

«Errealitate bat ikusten duzun momentutik aurrera, ezin duzu ez ikusi. Orain niretzat oso gauza agerikoa da eta espero dut filmak ere efektu hori izatea, behin ikusita jendeak ere beste alde batera ez begiratzea», esan du Laspiurrek.

Aitortu beharra dago kontzientzia astintzea lortzen dutela, filma zeharkatzen duen galdera elkarrizketa osoan zehar ere gure artean egon baita: Eta zuk, zer egingo zenuke? Ikusleari galdera hori zuzenean pausatu nahia azaltzen du zuzendariak: «Ikusleari, hausnarketa bat sorrarazteko, galdera bota nahi genion: zein da gure tokia munduan? Zer egiten dugu gertatzen diren arazoen aurrean? Ikusle hutsak gara edo zerbait egiten dugu gauzak aldatzeko». Eta zuk, irakurle, Laida eta Sambouren egoeran, zer egingo zenuke? Jauzi egingo zenuke?

«Errealitate bat ikusten duzun momentutik aurrera, ezin duzu ez ikusi. Orain niretzat oso gauza agerikoa da eta espero dut filmak ere efektu hori izatea»

Filmean zein bizitzan, ardura indibidual zein kolektiboak txirikordatzearen garrantzia azpimarratu du zuzendariak: «Bakoitzak zer egin dezake bere txikian? Eta elkartzen baldin bagara? Argi dago elkartuta gehiago egin dezakegula». Hala ere, zuzendariak Euskal Herrian zein Mediterraneoan «akziorako bidea» hartu duen jendeak lege aldetik jaso duen erantzuna gaitzetsi du, «pertsonen trafiko ilegala» egozten dietelako.

Kasu jakin bat ekarri du mahai gainera zuzendariak,  Lampedusako nekazari batek horrelako gertakizun bategatik izan zuen epaiketan agertu zuen jarrera goraipatzeko: «Berak, epaiketan, besterik gabe norbaiti bere autoan sartzen utzi eta leku batetik bestera mugitzeko nortasun agiria ez diola zertan eskatu defendatu zuen, eta irabazi egin zuen». Eta, horrekin, aurrekari bat ireki daitekeen esperantzaz mintzatu ziren, gogora ekarriz Korrikan Santiago Zubian egin zen ekintzaren ondorioz bederatzi lagun epaiketaren zain daudela, gaur-gaurkoz.

Faisairik gabeko irla

Izenburura ere jo dugu: munduko kondominio txikiena den, garaian gaizki itzulitako izen traketsa hartu duen eta bi estaturen menpe dagoen lur zatia da Faisaien Irla. Laspiurrek aurkeztu digu filmaren abiapuntua den eszenatokia: «Irla ezin da zapaldu, ilegala da; guk nolabaiteko pribilegioa izan dugu lanean geundela irla zapaltzeagatik. Ni espektatiba handiekin iritsi nintzen, eta benetan da oso irla txikia, ez dauka ezer, ezin da habitatu, ez dago pertsona edo animaliarik, eta faisairik ere ez, noski. Urte erdian Estatu espainolarena da, beste erdian frantsesarena, baina guk euskaldun sentitzen dugu urte osoan. Bada metafora bat mugen absurdoa eta euskaldun gisa dugun identitatea ikusarazteko». 

Filmean zehar mundua alda daitekeela baina ez egun batetik bestera aldarrikatzen dute pantailaz beste aldekoek. Azken batean, mugak ez al dira gizakiak sorturiko marra ikusezin hutsak?