Zaleei eskaini ahal izan diete lorpena.
Zaleei eskaini ahal izan diete lorpena. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Bufandak airean hartu dituzte jokalariak.
Bufandak airean hartu dituzte jokalariak. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Zaleen gerturatu dira jokalariak.
Zaleengana gerturatu dira jokalariak. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Juan Mari Aburto alkateak egin die harrera.
Juan Mari Aburto alkateak egin die harrera. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Autobusean ere ibilbidea egin dute txapeldunek.
Autobusean ere ibilbidea egin dute txapeldunek. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Giro bikaina izan da arratsaldean Bilbon.
Giro bikaina izan da arratsaldean Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Jendetza gerturatu da Eurocupa ospatzera.
Jendetza gerturatu da Eurocupa ospatzera. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Lorpenaren arduradun nagusietako bat: Jaume Ponsarnau.
Lorpenaren arduradun nagusietako bat: Jaume Ponsarnau. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Javi Salgado, gazteekin kopa konpartitzen.
Javi Salgado, gazteekin kopa konpartitzen. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Hirukoa peñako kideak.
Hirukoa peñako kideak. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Autobusak argi zioen: txapeldunak.
Autobusak argi zioen: txapeldunak. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Jokalariak eta zaleak, bat eginda.
Jokalariak eta zaleak, bat eginda. (Monika DEL VALLE | FOKU)
Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Surne Bilbao Basket, lau hilabetean Bilboko enbaxadore izatetik, Bilboko erreferente izatera

Eguzkitan hasieran eta euritik ihesi gero, 6.000 lagun pasatxo bildu dira Udaletxearen eta Foru Jauregiaren aurrean Bilbao Basketen FIBA Europe Cup-eko garaipena ospatzen. 13 herritartasuneko taldea baina denak bilbotar, «unerik zailenetan izandako batasunaren» saria izan dela berretsi dute denek.

Isabel Iturbe, Jaume Ponsarnau, Juan Mari Aburto eta Xavi Rabaseda, jokalari eta zaleekin, denak garaikurraren itzalean.
Isabel Iturbe, Jaume Ponsarnau, Juan Mari Aburto eta Xavi Rabaseda, jokalari eta zaleekin, denak garaikurraren itzalean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Duela lau hilabete, Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan izan zineten Bilbao Basket Bilboko enbaxadore izendatzeko. Orain, Bilboko erreferente ere bazarete FIBA Europe Cup torneoko garaipena lortuta». Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen berbak izan dira Surne Bilbao Basketeko familia guztia osatzen duten jokalari, entrematzaile, direktibo eta langileen aurrean, horietako zenbait, azken 25 urteetan buru-belarri klubari lotuta, unerik estuenetan ere. Baina ostiral honetan estuasunak beste baterako geratu dira, ospatzeko garaia izan baita.

«Igandeko Murtziaren aurkako partida prestatzeko gogotsu gaude, baina lehengo FIBA Eurocup honi merezitako amaiera eman behar diogu ospakizun honekin», gehitu du Jaume Ponsarnau entrenatzaileak, neurri handi baten udaletxeko balkoira atera direnen artean, txalorik handienak jaso dituen pertsona, baita jokalarien gainetik ere.

Pixkanaka hurbildu dira zaleak, azkenerako 6.000 lagun baino gehiago elkartu badira ere, Udaltzaingoak emandako datuen arabera. «Hirukoa» Peñakoak, 2001etik martxan, izan dira goiztiarrenak. Eguzki galdatan egonagatik, ekaitzagatik larrialdi horia 18.00etatik aurrera martxan jarriko zela jakinean egon arren, aurreneko ilaran jarri dira eta neurri baten ospakizuneko giroa berotzeko ardura hartu dute. Jendeari kosta egin zaio udaletxera hurbiltzea, baina behin hurbildu delarik, arratsalde bikaina pasa dute, jokalariek ere beren ahalegina egin baitute hala izan dadin. Abdur-Rahkman eta Thijs De Ridder ikurrina bana altzoan hartuta azaldu dira, Rabaseda kapitaina eta Javi Salgado jokalari ohi eta egun bigarren entrenatzailea eguzkitako betaurrekoekin. Irribarreak, besarkadak, komentario alaiak... 18.00etatik aurrera, zerua iluntzen joan bada ere, festa bete-betekoa izan dute jokalari, teknikari eta klubeko langileek zaleekin.

«Nire bizitzan gauza asko irabazi ditut, baina hauxe da lehenengoa kapitain gisa irabazten dudana», onartu du Xavi Rabaseda kapitainak. Salonikan jokatu arte lesionaturik eta meningitisak jota egon da hegaleko katalana eta ahaleginak eta bi egin ostean lortu zuen asteazkeneko deman minutu apur batzuetan jokatu ahal izatea. «Asko kosta zait honaino iristea, baina pena merezi izan du, batez ere sari hau zuei eskaintzeko», onartu du Rabasedak udaletxeko balkoira aterata.

Aurrez ekitaldi instituzionala izan da: bi dantzarik aurreskua egin diete txapeldunei, Aburto alkatearen berbak izan dira ostean eta Bilbao Basketeko kideen esker ona gero.

Guztien ekarpena

«Garaipen guztiak ospatzekoak dira, baina hau berezia da, zalantzarik gabe», gaineratu du Jaume Ponsarnauk. «Gaizki pasatzen izan garen tarteetan ere elkarrekin izan gara. Zaleen laguntzari esker gure "otso taldeak" erresilientzia handia duela erakutsi du, eta kide guztiek zerbait eskaini ahal izan diote taldeari, Horregatik, inoiz baino gehiago, taldearen garaipena da hau», azpimarratu du Tarregako entrenatzaileak.

Entrenatzailearen esanaren harira, antzeko iritzia plazaratu du Tomasz Gielo hegal-pibot poloniarrak ere. «Bistan da Bilbao Basketen proiektu hau Jaumerena –Ponsarnau– dela, bere eskutik jokalari guztiek zerbait eman dugulako. Pentsa, finalerdietan pibotik gabe geunden eta Amar –Sylla– eta Bassala –Bagayoko– sekulako mailan aritu ziren atzetik aurrerako lan aparta egiteko. Nik hiruko jaurtiketekin min eman dezaket, baina Thijs De Ridderrek sekulako lana egiten du uztaipean erreboteen bila eta nekatu gabe lan egiten du defentsan. Kullamae eta Rabasedak min hartu zutenean Ruben Dominguez azaldu zen eta bere jaurtitzaile sen fina erakutsi digu. Finaleko MVPa –Jokalaririk Baliotsuena– Melwin –Pantzar– izan zen, bere gaitasun fisiko horri esker inor baino gorago iritsi delako, baina begira Harald –Frey– nola aritu zen finalean. Garaipen guztiak dira pozgarriak, baina taldeak hainbesteko eragina duen sari batek, askoz poz handiagoa ematen du», laburbildu du.

«Taldea hiriarekin erabat identifikatzen da, leku ezberdin askotatik bagatoz ere. Azken bost urteetan irabazi dudan aurreneko garaikurra da hau eta unea gozatzea garrantzitsua bada ere, titulu hau besterik gabe irla bat bezalakoa ez dadila izan espero dut, baizik eta taldeak hiriari ematen dion aurreneko poza», gaineratu du jokalari poloniarrak, urtebetetik hona jokoan eta moralki zenbat gora egin duen aipatzeko Bilbori, zaleei eta entrenatzaileari eskerrak eman dizkielarik.

Jai-giroa nagusi dela autobusa hartuta abiatu dira Bilbao Basketeko jokalari, entrenatzaile eta direktiboak Bizkaiko Foru Aldundiko Foru Jauregira. Zerua majo ilundu bada ere eta aurreneko euri tantek arratsaldea itsustu duten arren, ostiral hau gustuko tokia izan da Bilbao Basketentzat eta jakina da halakoetan ez dela aldaparik izaten.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak ere klubari esker bizitako «egun historikoa» azpimarratu du. Izan ere, kirol erreferenteak hartuta, beti ere Athleticen itzalean egonda ere, Surne Bilbao Basketen balentriak hirian beste erreferente bat badagoela erakusteko balio izan du, eta berotasun horrekin hain zuzen ospatu dute zale eta jokalariek.