
Mikel Gardoki bizi zen auzoan gogoratu dute larunbat honetan, Ategorrietan. Andoainen jaio zen 1949an. Hil, Astigarragako Ergobian hil zuen Espainiako Poliziak, tiroz.
Bertsio ofizialak ETAren aurkako operazioa zela zabaldu zuen. Gardokik propaganda politikoa zeraman autoan, hori baino ez. Lekukoek esan zutenez, ihes egiteari ekin zioten Gardokik eta berarekin zihoan Juan Migel Goiburu ‘Goiherri’k, eta orduan akabatu zuten polizikideek lehena eta zauritu bigarrena, errukirik gabe.
Goiburuk berak hitza hartu du Ategorrietako frontoian eginiko ekitaldian. Polizia beren atzetik omen zebilen, aurretik horren susmorik ez zuten arren. Egun haietan propaganda ekarri zutela Hernanira gogoratu du, Maiatzaren Lehenaren testinguruan.
Juan Migel Goiburu ‘Goiherri’: «Korrika hasi ginen eta tiroka josi gintuzten. Nik zorte handia izan zuen, tiro bakarra jaso bainuen, besoan»
Poliziak geldiarazi zituen Ergobian: «Korrika hasi ginen eta tiroka josi gintuzten, Mikel Gardoki batez ere. Han bertan hil zen. Nik zorte handia izan nuen, tiro bat bakarra jaso bainuen, besoan». Han 22-23 polizikide zirela azaldu du; honekin agerian gelditzen da atxilotzeko aukera bazegoela, baina tiroka hastea erabakita zuten. Goiburu espetxeratu zuten.
Egiari Zorren izenean Ane Muguruzak hartu du parte ekitaldian. Fundazioak nabarmentzen duenez, «mende erdia pasatu bada ere, kasu hau argitu lezakeen dokumentazioak Sekretu Ofizialen legepean blindatua darrai. Bertsio ofizialen kutxa iluna ireki beharra dago, Sekretu Ofizialen Legea indargabetu behar da. Egia jakiteko dugun eskubidea ezinbestez ahalbidetu behar zaigu».
EH Bilduko ordezkariak ere azaldu dira ekitaldira, dozenaka herritarrekin batera. «Bertsio ofizialak Ergobian gertatu zena ezkutatzen segitzen du. Bada garaia egia, justizia eta erreparaziorako», nabarmendu du ezkerreko indar abertzaleak.
Kalearen izena ere, debekatuta 33 urte pasata
Urte berezia izan zen 1975. hura. Eta ez soilik zazpi hilabete geroago Franco diktadorea ohean hil zelako. Estatu terrorismoak gogor jo zuen, Iñaki Egaña historialariak NAIZen argitaratutako artikulu honetan bildu duenez.
29 urtez Mikel Gardokiren izena izan zuen Ategorrietatik Uliara igotzen den kalea, baina 2008an aldarazteko agindua eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak
Gardokiren hilketa ikertu eta zigortu gabe gelditu zen, jakina. Eta haren memoria ere jazartua izan zen gero, 33 urte pasata. Izan ere, 1979an bere izen-abizena Ategorrietan pilotaleku honen ondoan abiatzen den kaleari eman zion Donostiako Udalak, eta horrela iraun zuen 2008ra arte.
Urte honetan izena aldatzeko agindua eman zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, Gardoki ETAko kidea zela argudiatuz. Odon Elorza alkate zela, epai honen aurka egin zuen Donostiako Udalak, militantzia hori ez zegoela ofizialki frogatuta salatuz, baina erabakia berretsi egin zuten espainiar auzitegiek. Gaur Bordatxipi da Uliara igotzen den kale honen izena, baina Mikel Gardokiren memoria bizi-bizirik dago Ategorrietan, ekitaldiak frogatu duenez.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani
