
Maite Zaitut abestiak 20 urte bete ditu. Arrazoi potoloa –eta badira beste asko– Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen lana goratzeko, haien ekarpena aitortzeko. Xabi Zabalaren pianoan sortu zen Maite Zaitut doinua, suabe eta xume. Letra Aiora Zulaikak eta Joxe Mari Agirretxek marraztu zuten Zarauzko hondartzan goiz eguzkitsu batean. Tekla berezi bat ukitu du abesti horrek. Jende askok dauka barru-barruan, ikusten ez den baina sentitzen den tokian jasoa.
Ez da pailazoen bidean arrastoa utzi duen kanta bakarra. 38 disko eta kasik 500 abesti. Eta bakoitzak bere kanta kutuna dauka, bat edo gehiago. Egungo agenda sozial, kultural eta politikoan borborka dauden gai askok badute pailazoek neurrira egindako abesti bat. Musika hizkuntza indartsua eta eraginkorra baita gauzak kontatzeko. Maite Zaitut herri omenaldiaren haria pailazoen abestiak izango dira, horietan baitaude jasota beren giza balioak eta mundu ikuskera.
Igande goiz honetan Pasai Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunean elkartu dira emanaldiari zuzeneko musika jarriko dioten musikariak, entsegu orokor bat egiteko. Guztira 14 musikari, puntako profesionalak eta pailazoekin bidea partekatu dutenak. Xabi Zabala arduratu da zuzendaritza musikalaz eta moldaketak egiteaz. Maiatzaren 3an pianoa, akordeoia eta whistleak bere kargu izango dira. Igor Telletxea izango da baterian eta kajoian; Ruben Caballero eta Urbil Artola gitarrekin; Ritxi Salaberria baxuarekin; Luis Mari Moreno ‘Pirata’, Ion Viejo eta Diego Martinez haizezko instrumentuekin. Hari laukote bat ere arituko da zuzenean: Jurdana Otxoa eta Areta Senosiain biolinekin; Iraide Sarria biolarekin eta Pello Ramirez biolontxeloarekin. Horrez gain, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte izango dira txalapartarekin.
Musikariak, abeslariak eta abesbatza
Xabi Zabalaren hitzetan, «pailazoen abesti ezagunak joko ditugu, zuzeneko musikariekin. Hamalau musikari zuzenean entzuteko aukera ez da askotan izaten; horrek alaitasuna, handitasuna eta zuzeneko indarra emango dio. Hamalau musikari oholtzan eta gero abeslari gonbidatuak. Eta berrogei laguneko abesbatza ere izango da, Landarbasoko haur eta gazteak. Oso ederra da hori, ikuskizun handia izango da alde horretatik».
Musika izango da emanaldiaren oinarria, musika zuzenean iristen zaigun hizkuntza delako. «Arte diziplina guztiek daukate barrura iristeko gaitasuna, emozioak eta oroitzapenak piztekoa eta musikak ere botere handia dauka alde horretatik, barrukoa kanpora ateratzeko gaitasuna dauka». Dozenatik gora musikari, puntakoak. «Urte hauetan guztietan nirekin eta pailazoekin lan egin duten musikariak dira, profesional apartak. Ilusio handiarekin batu dira Maite Zaitut jaialdira. Zorte handia da musikari horiekin kontatu ahal izatea».
Maite Zaitut abestiaren 20. urteurrena izan da herri omenaldiaren pizgarri nagusia. «Ederra izan da abesti horren bidea. Hizkuntza desberdinetara itzulia dago eta belaunaldi desberdineko herritarrei iritsi zaie barrura. Batzuetan ez da jakiten zergatik egiten duten bide bat abesti batzuek. Hori da Maite Zaitut abestiaren kasua», nabarmendu du Zabalak. Kasik 25 urte daramatza zarauztarrak pailazoen ametsei eta erronkei neurriko doinuak janzten. «Izugarria izan da pailazoen inguruko munduak nolako dimentsioa hartu duen ikustea eta bizitzea. Zenbat emanaldi, zenbat gai, zenbat abesti... nik asko zor diet pailazoei alor askotan, bai profesionalean eta bai pertsonalean», nabarmendu du.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

