
1.600 langabetu gutxiagorekin itxi du urteko lehen hiruhilekoa Hego Euskal Herriak, astelehen honetan INE-k argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Guztira 108.100 pertsona daude langabezian.
Lurraldeka, Gipuzkoak du langabezia-tasa baxuena, % 6,55ekoa. Zertxobait altuagoa Arabak % 6,59koa. Nafarroak aldiz, %7,49koa dauka. Eta Bizkaia da tasa altuena aurkezten duena: % 8,66koa.
Nafarroan lehen hiruhileko honetan, 577.700 pertsona zeuden 16 urtetik gorako biztanlerian, aurreko hiruhilekoan baino 2.800 gehiago ( % 0,49) eta urtebete lehenago baino 10.400 gehiago ( % 1,83). Horietatik 336.600 aktibo zeuden (aurreko hiruhilekoan baino 4.900 gutxiago eta urtebete lehenago baino 3.300 gehiago).
2025eko lehen hiruhilekoan 311.400 landun zeuden (aurreko hiruhilekoan baino 7.600 gutxiago, -% 2,37, eta urtebete lehenago baino 7.500 gehiago, % 2,45). Gainera, INEren arabera, Nafarroan 25.200 langabe daude hiruhileko honetan (aurreko hiruhilekoan baino 2.700 gehiago, % 11,82, eta 2024ko hiruhileko berean baino 4.200 gutxiago, % 14,26). Horrekin guztiarekin, Nafarroako jarduera-tasa 58,26koa da eta langabezia-tasa % 7,49koa.
Sexuaren arabera, 166.500 gizon nafar daude lanean eta 13.100 langabe; gizonen jarduera-tasa % 63,14koa da eta langabezia-tasa % 7,30ekoa. Bestalde, Nafarroan 144.900 emakume daude lanean eta 12.100 langabetu. Emakumeen jarduera-tasa % 53,53 izanik eta langabeziakoa % 7,71.
2008tik okupazio tasa altuena
EAEn, aldiz, lehen hiruhilekoan 11.300 lanpostu sortu ziren, eta okupatuak 992.000 izan ziren guztira, 2008tik lehen hiruhileko batean izandako okupazio-zifrarik handiena. Bestalde, lehen hiruhilekoaren amaieran 1.074.900 aktibo zeuden EAEn, azken hiru hilabeteetan 7.000 pertsona gehiago (+%0,65).
Aurreko urtearekin alderatuz, 9.000 langabe gutxiago izan dira (-%9,8), eta 7.000 enplegu sortu dira (+%0,7); aktiboen bolumena, berriz, 1.900 gutxiago izan da (-%0,18).
Sexuen arabera, lehen hiruhilekoan emakumeen langabezia 1.400 emakumetan jaitsi zen (%-3,6), eta gizonen artean 2.900 langabetu gehiago izan ziren (+%6). Datu horiekin, langabezian dauden emakumeen kopurua 37.600ekoa izan zen, eta emakumeen langabezia-tasa % 7,13koa. Bestalde, 45.300 gizon langabezian zeuden hiruhilekoaren amaieran, eta gizonen langabezia-tasa % 8,28koa zen.
Gazteei dagokienez, EAEn langabezian dauden 25 urtetik beherakoen kopurua 6.500 pertsonatan murriztu da azken hiru hilabeteetan, eta gazteen langabezia-tasa % 13,35era iritsi da.
ELAk ohar batean azpimarratu duenez, «enpleguan hobekuntza txiki batzuk izan diren arren, enpleguaren kalitate baldintzek okerrera egin dutela ikusten da». Hori dela-eta, datuek ez dutela «errealitate kezkagarri bat» ezkutatu behar defendatu dute. «Lan merkatuak prekaritate maila handiak, genero desberdintasuna eta behin-behinekotasun handia ditu oraindik ere, batez ere sektore publikoan».
LABek, modu berean, industria sektoreak bizi duen egoeraren inguruko kezka azaldu du. «Milaka langile egoera ezegonkorrean dago, mehatxupean. Industriak izan dezakeen bilakaerak sektorean eragiteaz gain, inpaktu zuzena izango du hainbat eskualde zein Euskal Herriko egoera sozioekonomiko orokorrean». Honen aurrean, «langile guztien lan eta bizi baldintza duinak lortzeko, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa eta industriaren trantsizio ekosozial justua» aldarrikatu ditu.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
