
Mendiko kirolen lehiei dagokienez, joan den asteburua oparoa izan da. Batez ere, Hego Euskal Herriko mendizale federazioek antolatutako proba ofizialei dagokienez. Eskaladak eta mendi lasterketek txoko berezia izan dute, eta bietan ohiko txapelak banatu dira.
Climbat Barakaldo rokodromoak jaso zuen Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Zailtasuneko Euskadiko Txapelketa. Nahiz eta antolatzaileek lan bikaina egin zuten eta lehian zehar giro oso ona egon zen, txapelketa horrek ez zuen eguna biribiltzeko aukerarik izan. Zoritxarrez, gure lurraldean zein nazioartean hainbat lehia egun berean (joan den larunbatean) jokatu ziren: Blokeko Nafarroako Txapelketa, Europako Kopa (zenbait euskal ordezkari egon ziren) eta aipatu dugun azken hau.
Egoera horrek eragin handia izan zuen Barakaldoko deialdian; izan ere, lehiakideen kopurua ez zen handia izan. Alabaina, EMFren hitzorduak nota handiarekin amaitu zuen. Enrique Beltran eta Iñaki Arantzamendi izan ziren txapelketaren ekipatzaileak. Sailkapenetan lau bide prestatu zituzten kategoria ezberdinetan, eta sei onenak finalera sailkatu ziren.
Seniorretan, emakumezkoetan, Ines Allende aise gailendu zen bidea kateatu ondoren. Elur Arteaga bigarrena izan zen, eta Ainhoa Uskola hirugarrena. Jon Barrutiak ere ez zuen arazorik izan mutilen kategorian irabazteko. Eneka Guenetxeak zilarra lortu zuen, eta Markel Garmendiak brontzea.
18 urtez azpikoetan, Enara Malo eta Ander Beitia gailendu ziren. Elene Otermin eta Lier Perez, berriz, 16 urtez azpikoen mailan. Eta azkenik, 14 urtez azpikoen kategorian, Maddi Mendiburuk eta Asier Intxaurbek txapel bana jantzi zituzten.
Barakaldotik Lizarrara egingo dugu jauzi. Mugitu rokodromoa Blokeko Nafarroako Txapelketaren geltokia izan zen. Eta aurreko hitzorduarekin alderatuta, lehiakide gehiago bertaratu ziren Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioak antolatutako deialdira. Ikusle andanaren berotasunak ere ez zuen hutsik egin. Oro har, Mugitu rokodromoko arduradunek lan ederra egin zuten; baita ekipatzaileen taldeak ere. Gorka Karapetok, Andres Jordanak eta Ibon Mendiak lan horretan jardun zuten.
Hirukote horrek bloke oso interesgarriak prestatu zituen, eta lasai asko esan daiteke lehiakideek proposamen horiekin gozatu zutela. Jakina, ekipatzaileek buruhausteren bat edo beste eragin zizkieten. Nafarroako txapelak, nagusien mailan, Iratxe Lasherasentzat eta Martxel Vicariorentzat izan ziren.
Nafarroa Xtrem
Eskaladako hitzordu ofizial horietan ez bezala, mendiko lasterketek Euskal Herrian jaso zuten bakarrean ez zen giro izan. Zubiriko herrian irteera eta helmuga izan zituen Nafarroa Xtrem lasterketak aurpegi hori erakutsi zuen. Espero ziren baldintzak bete ziren: laino itxia, euria eta hotza. Bai, egun zaila izan zuten lasterkariek. Egoera horrengatik, besteak beste, lehiakide askok proba utzi zuten, batzuk-batzuk ez ziren irteera puntuan azaldu, eroriko asko egon ziren, anbulantziek korrikalari batzuk artatu behar izan zituzten…
Lasterketa horrek Euskal Herriko Txapelketa jaso zuen ultra modalitatean; euskal Koparako ere baliagarria izan zen. Nahiz eta giro gaiztoa egon zen, Nafarroa Xtrem lasterketan ehunka kirolarik parte hartu zuten. Nesken kategorian, Jocelyne Paulyk irabazi zuen 68 kilometro eta 4.000 metroko desnibel positiboa izan zituen ibilbidean. Frantziarraren denbora 8:49:02 izan zen.
Bigarren sailkatuari, Oihana Azkorbebeitiari, 10 minutu eta 39 segundoko aldea atera zion. Abadiñarra izan zen Euskal Herriko Txapelketaren irabazlea. Bigarren euskal korrikalaria, Ainara Arkarazo, hirugarren postuan helmugaratu zen irabazlearengandik 17 minutu eta 22 segundora. Oihane Unzalu izan zen euskal txapelketaren hirugarren sailkatua.
Bestalde, mutilen mailan, Iraitz Legorburuk sasoi bikaina erakutsi zuen, eta ez zuen oztoporik izan Zubirin lehena izateko. Erakustaldia emateaz gain, getariarrak errekor berria ezarri zuen. Hots, duela hiru urtekoa hobetu zuen 6:53:12 kronoarekin: «Ez dut neure burua gehiegi estutu. Erritmo egoki batean joatea izan da nire estrategia. Berdin zitzaidan lehena edo laugarrena joan; kontuan zen erritmo on bati eustea. Eguraldi gaiztoa izan dugu, baina nik gustuko dut egoera hori».
Adur Mendizabalentzat izan zen zilarra; zaldibiarra 27 minutu eta 25 segundora heldu zen. Euskal Herriko Txapelketaren hirugarren postua Ander Iñarrak sinatu zuen. Lezoko lasterkaria 36 minutu eta 48 segundora helmugaratu zen.

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia

Yala Nafarroa lanzará un txupinazo que sea «una luz de esperanza para detener este genocidio»

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»
