Kazetaria / Periodista

Liberalek botereari eustea lortuta, Mark Carney izango da Kanadako lehen ministro

Kanadako liberalek laugarren aldiz jarraian irabazi dituzte hauteskundeak. Azken asteotako inkestek iragarri bezala, duela gutxi arte porrot handi batera zihoan alderdiak irauli egin ditu iragarpenak. Neurri handi batean, Donald Trumpi zor diote garaipena. Orain, Mark Carneyren txanda da.

Carney, pozik emaitzak jakin osteko agerraldian.
Carney, pozik emaitzak jakin osteko agerraldian. (Dave Chan | AFP)

Ottawan gaueko hamarrak eta Euskal Herrian goizaldeko laurak zirenean itxi zituzten Kanada mendebaldeko azken hautetsontziak. Handik ordu laurdenera, ekialdeko probintzia txikietako botoak baino ez egon arren zenbatuta, CBC Kanadako irrati-telebistak publiko egin zuen bere proiekzioa: liberalak garaile ziren.

Herrialderen ekialdean dauden Atlantikoko probintziek ez dute biztanle askorik eta Parlamentuan ere ordezkaritza txikia dute. Baina hautetsontziak ixten lehenak dira eta, ondorioz, zenbaketan aurreratuenak izan ohi dira. Lehen datuetan ez zen eserlekuen orain arteko banaketan alderik ageri, baina iragarritako datu bat bete zen: botoaren kontzentrazioa bi alderdi nagusietan metatu zen (liberalak eta kontserbadoreak), NDPko ezkerraren edo Berdeen kalte.

Aurreratutako botoak ere parte-hartze handia iradokitzen zuen, zazpi milioi boto izan ziren astelehena baino lehen, boto-eskubidea zutenen ia laurdenak. Datu horiek eta esku artean zituzten sondeoak, aski izan ziren herrialdeko hedabide nagusiek xake-matea iragartzeko. Boz historikoetan, herrialdean ezohikoa den emaitza zegoen, alderdi batek laugarrenez irabaztea, alegia. Poza lehertu zen Mark Carneyren aldekoen artean, Ottawa hiriburuko egoitza nagusian.

Gauean zehar Parlamentuko aulkiak banatzerakoan egongo ziren txalo eta oihuetan lehena zen. Aparteko bozkarioa lehertu zen, esaterako, Toronto-St Paul’s barrutian liberalak garaile zirela iragartzean. Ez zen emaitza harrigarria ere, XXI. mende guztian zehar gailendu baitira liberalak, harik eta iazko udan egin behar izan zuten bozketan kontserbadoreek aulki hori kendu zieten arte. Izan ere, ziurtzat jo ohi zuten barrutiak kontserbadore bozkatzeak nabarmen utzi zuen liberalekiko eta Trudeauren gobernuarekiko herritarrek konfidantza galdu zutela. Atzoko garaipena, aro berri baten hasiera gisa irakur liteke.

Trumpen eragina

Ez da ahaztu behar joan den udazkeneko inkestetan kontserbadoreak %50etik hurbil zeudela, eta 25 puntu baino gehiago ateratzen zizkietela liberalei. Zenbait inkestak NDP ezkertiarrarekin parekatuta ageri zuen Trudeauren alderdia, eta Quebec-en Bloke Quebectarrari garaipena ematen zioten. Egun, oso urruneko kontuak dirudite duela hiruzpalau hilabeteko datu horiek.

Kanadako kontserbadoreak zur eta lur geratu ziren porrotarekin. Liberalek aurreranzko joera Donald Trumpek mehatxu eta irainei ekin eta gutxira nabari baziren ere, azken egunotan giroa baretu ahala kontserbadoreek zertxobait aurrera egin zutela zirudien. Baina beranduegi zen, kanpainan ere beranduegi erreakzionatu zuen gisa berean. Pierre Poilievre-ren ‘Lehenbizi Kanada’ leloak Donald Trumpek ‘America’ hitzarekin (AEBri buruz, noski) erabilitakoaren antz handiegia dauka, nahiz eta ahalegin berezia egin duen kanpainan zehar Etxe Zuritik bereizteko. Astelehenean, hauteskunde-egunean bertan, Donald Trumpek kanadarrei idatzitako mezua, hautagai eskuindarrari eman ziezaiokeen bultzada kaltegarriena bihurtu zen ziurrenik.

Kontserbadoreek haizea guztiz alde zutenean, Trump tsunamia iritsi zen, eta ez ziren egokitzeko gai izan. Poilievrek Trudeauren eta haren neurrien aurka jarraitu zuen, baita lehen ministroak dimititu eta Mark Carneyk «ikatz-tasa» kentzea agindu zuenean. Liberalek justu kontrakoa egin dute: Trudeau erabat «ezkutatu» kanpainan, eta Trumpen mehatxuan eta Kanadaren aldeko mezu abertzalera eraman fokua.

Ez da inorentzat atsegina munduko pertsonarik boteretsuenak bullying egitea, baina kanadarrei bereziki zaie mingarri, AEBk duen aliatu leialenetakoa izan baitira historikoki. Are gehiago, ez daude ohituta: munduko herrialde gehienek badute mehatxu, gerra edo inbasioaren baten memoria. Kanadak ez: XIX. mendean Kanadako federazioa sortu zenetik, inork ez dio haren subiranotasunari mehatxu egin orain arte. Kanadarrek, erabateko eraso gisa hartu dute Trumpek AEBko 51. estatu bihur daitezen egindako adierazpenak, eta arantzelekin etengabe erabili duen jarrera mafiosoa.

Horrek guztiak kanadarrak astigar-hostoaren bandera zuri-gorrian biltzera eraman ditu. Kasualitatea, gorria liberalen kolorea ere bada, eta haiek gorpuztu dute Washingtonen aurreko defentsa patriotikoa.

Gainerako alderdiak

Mark Carneyren liberalen garaipena kontserbadoreen aurka dauden Kanadako gainerako alderdiek galdutakotik puztu da. Porrot handiena ziurrenik NDP ezkertiarrari dagokio. 24 aulki izan dituzte azken legealdian, horien erdiak Columbia Britainiarra mendebaldeko probintzian. Alderdiaren egoitzatik informatzen, bakar-bakarrik zegoela esan zuen CBCko kazetariak. Besteak beste, Jagmeet Singh alderdiko buruak ere galdu zuen probintzia horretako eserlekua. Botoen ehuneko 13 galdu dute, liberalek 12,8 egin dute gora. Montrealen zeukaten aulkiari eutsiko diote, baina Parlamentuan geratuko zaien bakarra izan liteke. Columbia Britainiarrean beste eserlekuren bat lortuta ere, ezingo dute talde-parlamentariorik izan.

Quebec-en jarraituta, Bloke Quebectarrak ere askoz emaitza hobeak espero zituen duela ez askora arte, eta astelehen gauean zehar bere ohiko guneetako batzuk liberalen esku geratzen zirela ikusi zuten. Eta hala ere, Parlamentuko hirugarren alderdia izango dira.

Carneyren erronkak

Kanadako lehen ministroak kanpainan zehar adierazi duen bezala Trumpen aurrean eusten dakiela erakutsi beharko du. Badirudi Etxe Zuriko bizilagunak ere Trudeauri baino errespetu handiagoa diola (edo ez duela hura beste mespretxatzen, behinik behin). Esanguratsua izan zen behin-behineko kargua hartu eta atzerriko lehen bisita Keir Starmer eta Emmanuel Macronengana izatea, eta ez Washingtonera. Bidenabar, Londres eta Parisen ostean Iqaluit-era joan zen, Nunavut inuiten lurraldeko hiriburuar, Artikoak hartu berri duen garrantziaren adierazle.

Aurrerantzean ere, Europarekiko lotura estuagoak bultzatuko ditu ziurrenik Carneyk, Washingtonen probokazio eta mehatxuen aurrean. Kontuak kontu, esportazioen ehuneko 80 AEBra daukan herrialdea da, eta Europarekiko merkataritza hauspotuta ere, kopuru horretan aldaketa handiak gertatzeko denbora luzea beharko da.