NAIZ

‘Pleibak’ eta ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’, 111 Akademiaren finalistak

Miren Amurizaren ‘Pleibak’ eta Unai Elorriagaren ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ liburuen artean erabakiko da aurtengo 111 Akademiaren sariduna.

Miren Amuriza idazle eta bertsolariren ‘Pleibak’ da finalistetako bat.
Miren Amuriza idazle eta bertsolariren ‘Pleibak’ da finalistetako bat. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

111 Akademiak baditu finalistak. Miren Amurizaren ‘Pleibak’ eta Unai Elorriagaren ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’ lanak, biak Susak argitara emanak, dira aurten boz gehien eskuratu dituztenak.

Joxean Agirreren ‘Gizon barregarriak’, Uxue Alberdiren ‘Hetero’ eta Beñat Sarasolaren ‘Coca-Cola bat zurekin’ izenburuak ere izan dira aurtengo lehian.

«Bigarren txanda amaitu ondoren ez da izan bost obra horien artekorik gutxienez botoen %40 bere alde izan duenik saridun izendatua izateko. Horrenbestez, boto gehien jaso duten bi obrek egin dute aurrera eta bi obra horien artean erabakiko dute akademiakideek hirugarren bozketa txandan», azaldu dute 111 Akademiako sustatzaileek.

Sariaren berri maiatzaren 19ra aldera emango du 111 Akademiak, behin hirugarren bozketa txanda amaiturik, azkena baita.