
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Pasaiako Udalak 15 kale garbitzaile kontratatzeko deialdian gutxieneko euskara eskakizuna baliogabetu zuen Donostiako auzitegi baten epaiaren aurka jarritako errekurtsoa. Guztira bi epai izan ziren, kale garbitzaileen lanpostuen egonkortzeko deialdiei zegozkienak.
Deialdiaren oinarrietan ezarritakoaren arabera, lanpostuak betetzeko beste hainbat eskakizunen artean, euskarazko 1. hizkuntza eskakizuna (B1 maila) jarri zitzaien 2015. urtean hamabost lanposturi, baina bi partikularrek errekurritu egin zuten, hori espainiar Konstituzioaren aurkakoa zela argudiatuta.
Donostiako auzitegiak ebatzi zuenez, diskriminatzailea da euskararen gutxieneko eskakizun hori ezartzea, lanpostu publikoetara baldintza beretan iristeko oinarrizko eskubidea urratu egiten delako.
Epaitegiak argudiatu zuenez, nahiz eta EAEko administrazio guztiek «euskal hiztunen presentzia bermatu behar duten, herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko», garbiketako langileen eginkizunen artean ez dago «herritarrei laguntzeko» jarduerarik.
Hori dela eta, epaitegiak ebatzi zuen kasu honetan Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko duten eskubidea ez zela urratzen.
«Horregatik guztiagatik –zioen ebazpen hark–, deialdiko 15 lanpostuetan 1. hizkuntza eskakizuna eskatzea diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa da, ez baitago behar bezala justifikatuta».
Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak argudio horiek guztiak onartu ditu. Bere epaiaren arabera, «neurrigabea» da aipatu euskara eskakizuna kale arbitzaileen lanpostuetarako. Era berean, gogorarazi du profesional horien lanek ez dakartzatela «herritarrekiko harremanik, Pasaiako Udalak nahi bezala euskara jakitea eskatzen duenik».

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
