Joanes Bakaikoa izango da Zubizarretaren aurkaria B Serieko finalerdietan

Etxarriarrak Julen Egiguren 22-9 menderatu du final-laurdenetako partida erabakigarrian, 16 tanto segidan eginez: 6-9tik zuzenean joan da 22-9ra. Iraitz Zubizarreta ataundarra izango du aurkari maiatzaren 16an Azkoitian.

Joanes Bakaikoa, garaipena ospatzen.
Joanes Bakaikoa, garaipena ospatzen. (Jon URBE | FOKU)

Joanes Bakaikoa B Serieko Buruz Buruko Txapelketaren finalerdietan izango da aurten ere, final-laurdenetako partida erabakigarrian Julen Egiguren 22-9 menderatu ondoren. Neurketaren hasiera parekatua eta nahiko gogorra izan bada ere, bigarren erdian erabat apurtu da eta etxarriarra, 16 tanto segidan eginez, 6-9tik zuzenean joan da 22-9ra. Bakaikoak Iraitz Zubizarreta ataundarra izango du aurkari maiatzaren 16an Azkoitiako Gurea pilotalekuan jokatuko diren finalerdietan.

Bakaikoa eta Egigurenen arteko aurrekari hurbilena duela bi urtekoa zen, nafarrak azpeitiarra 22-21 menderatu zuenekoa, eta gaur ere partida gogorra eta luzea espero zitekeen. Eta esan daiteke norgehiagoka hasiera hala joan dela. Egiguren hobeto sartu da Beotibarreko kantxara, eta lehen partzialean 0-4 aurreratu da bi sake on eta airez jotako horma-biko batekin.

Bakaikoari kosta egin zaio bere jokoa ateratzea lehen tanto horietan, eta sakez falta bat ere egin du. Egigurenek, bien bitartean, berera jarraitzen zuen eta oso ongi jokatutako beste tanto sorta bati esker 4-8 aurretik jarri da. Bikain irekitako pilota batekin iritsi da geroxeago 6-9koa.

Baina ordurako jada Baikaikoa jokoan sartzen hasia zen. 5-8koa eta 6-8koa merituzko tantoak izan dira, bata txokoan luze amaitua eta bestea zabalean goxo-goxo utzia. 7-9koa ere apuntatzekoa, aurkaria buruz gain pasa duelako pilotakada eder batekin.

Sakearekin sarraskia

Eta hortik aurrera sakea bilakatu da protagonista nagusia. Etxarriarrak lau tanto egin ditu segidan sakez, markagailuan zulo handia irekiz. Eta saketik zuzenean tantoa egin ez duenean ere, bigarren pilotakadan min handia egin dio Egigureni. Azpeitiarrak ez du asmatu zaparradari nola erantzun, aukeraren bat izan duenean ere ez da fin ibili, eta konturatzerako neurketa erabat apurtu da.

Sakez egindako seigarren tantoarekin lortu du nafarrak 22-9koa, 16-0eko partzial ikaragarria borobilduz eta finalerdietarako txartela eskuratuz.

«Hasiera oso gogorra izan da. Banekien hala izango zela eta oso kontzentratuta atera behar duzu. Baina pozik nago egoera iraultzeko gai izan naizelako, bigarren zatia oso ona izan da. Aste hauek zailak izan dira, finalerdietara sailkatu nahia sailkatu beharra bilakatzen denean arazoak etortzen direlako. Ea bi aste hauetan finalerdia ongi prestatu eta prozesuaz gozatzea lortzen dudan», nabarmendu du Joanes Bakaikoak.

Julen Egiguren, aldiz, «oso minduta» agertu da. «Hasiera nahiko ona egin dut, baina sakea hartu duenean asko asmatu du eta ni errestoan ez naiz ongi aritu. Bietatik egon dela esango nuke. Ezin nuen bere jokoa moztu eta alde egin dit. Zoriondu besterik ezin dut egin eta uda prestatzen hasi beharko da», onartu du.

Gogoratu behar da beste finalerdia oraindik erabaki gabe dagoela. Aldabe jada sailkatuta dago baina bere aurkaria, Agirre edo Salaberria, maiatzaren 9an ezagutuko dugu Villabonan jokatuko baitute elkarren aurka.