
Donald Trumpek Detroit kanpoaldean bildu zituen jarraitzaileak, bigarren presidente aroaren lehen eguneko ospakizun ekitaldian. Hamalau asteotako lorpenak goraipatu eta puztu eta porrotak ukatu zituen, gezurrak zirela esanez eta aurkariei iseka eginez. Automobilen konpainiak Michiganen fabrika berriak irekitzeko irrikaz daudela esan zien Trumpek bertaratutakoei. Ordu batzuk lehenago, aurreko asteetan iragarritako neurrietako batzuk, atzerriko autoen eta piezen inportazioari ezarritako muga zergak arindu zituen Trumpek. Halaxe eskatu zioten autogintzako konpainiek, prezioek gora egin ez zezaten.
Trumpek kanpainan agindutakotik gehien bete dena immigrazioari dagokiona da. «Bi hilabetez segidan, inoiz zenbatutako legez kanpoko muga sarrera gutxien zenbatu da», esan zuen. Otsailean 7.181 eta martxoan 8.346 lagun atzeman dituzte mugan eta, AEBko presidenteak esan bezala, 2000. urtean hilabeteko zenbaketak hasi zirenetik egon den kopuru txikiena da. Egia da, Trumpek esan bezala, 350.000 lanpostu sortu direla ere. Baina iazko epe berean 468.000 izan ziren Joe Bidenen agintaldian.
Hortik aurrera, zenbakiak puztu eta behin baino gehiagotan gezurretan aritu zen. Arrautzen prezioa %87 jaitsi zela bota zuen Detroiten; bere Gobernuko Nekazaritza Sailak berak %52 dela dio. Gasolinaren prezioa ere «asko jaitsi» izateagatik harropuztu zen, eta galoiaren prezioa (3,78 litro) orain «zenbait estatutan 1,98 dolar» dela esan zuen. Europan baino askoz merkeagoa da gasolina Estatu Batuetan, baina inon ere ez dago bi dolarretik behera galoia. American Automobile Association-en (AAA) arabera, datuak ia ez dira aldatu urtarriletik hona, eta, egitekotan, zertxobait gora egin dute, galoiko 3,12tik 3,16 (litroko 82-83 zentabo).
Trumpen gezurren atzean onarpen indizeetan izan duen beherakada handia dago. Gallupen arabera, %44koa da. Ez da antzeko datuak aipatu dituen bakarra; joan den igandean Ipsosek Reutersentzat egindakoak Trumpen onarpena %39ra jaitsi zuen, YouGov-ek (CNNrentzat) %41era, eta New York Timesek %42ra. Bigarren Mundu Gerratik AEBko presidente bakar bat ere ez da egon %50etik behera lehen ehun egunen ondoren. Donald Trumpek ukatu egin zituen datu horiek, eta «faltsuak» zirela esan zuen.
Gobernadore demokrata
Detroitera iritsitakoan, ezohiko harrera izan zuen aireportuan, Gretchen Whitmer, Michigango gobernadorea zain baitzeukan. Alderdi Demokratan distira gero eta handiagoa egiten duen izarretako bat, eta 2028rako balizko presidentegaietako kinieletan dago. Presidentea hegazkinetik jaitsitakoan, bostekoa ematera joan zitzaion gobernadorea, baina Trumpek gorputza aurreratu eta demokrata askok atsegin izango ez duten besarkada bat irten zitzaien.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

