«Bertikalean entzuteko musika pieza da eta hau ez da ohikoena izaten»
‘Pasabide bertikala: heriotzaren heriotza’ proiektua ondu du Tabakalerako eskilaran Garazi Navas soinu-jotzaileak. Espazioak berak ezarritako bertikaltasuna baliatuz, igarobidea funtzio duen espazioan geldiunea egiteko gonbidapena da bertarako propio sortu duen musikaren bitartez. Geratu eta entzun.

Soinu esperientzia berezia proposatu dio bisitariari Garazi Navasek (Usansolo, 1995): ‘Pasabide bertikala: heriotzaren heriotza’. Tabakalerako sartu-irtenen gunean kokatu du bere instalazioa, eskailera nagusian, hain zuzen ere. Bertan egin ohi dira Scala egitasmoko proiektuak.
«Bertikalean entzuteko pieza da eta hau ez da ohikoena izaten. Bereziki espazio horretarako pentsatuta dago», nabarmendu dio NAIZi soinujoleak ezer baino lehen.
«Eskilara da, suposatzen da pasoko gunea dela, ez geldirik egoteko, eta bertikalitate horretan gelditzera gonbidatzen zaitu. Eta entzutera perspektiba ezberdinetatik, altuera ezberdinetatik. Ez dago entzuteko puntu onenik, bakoitzak nahi duen lekuan entzun dezake», argitu du.
Ikustea baino, entzutea baitu proiektuak bere funtsa, abuztuaren 17ra arte aditu daitekeena. Joan den apirilaren 3an zuzeneko saioa eskaini zuen, proiektua aurkeztuz.
«Itzulgarria ez den aldaketa bakarra bezala agertzen da heriotza, baina begiradak desafio egiten dio haren transzendentziari, heriotza bera hilko delako», laburbildu du Navasek bere ideia.
Heriotzari bakarrik ez, begia edo belarria non jartzen dugunari ere erreparatzen dio sorkuntzak. «Tabakaleran sartu eta nahi izanez gero begirada artistikoa lortu dezakegu eta behin handik irtetetean bapatean begirada ‘mundano’ batean bihurtzen da. Begirada hiltzen doa denbora guztian, eraldatzen. Prozesu guztiak itzul daitezke, eskilara bezala, igo eta jeitsi, edo bidean aurrera eta atzera joan», argitu du.
John Donneren (1572-1631) ‘Death be not proud’ olerkian aurkitu zuen inspirazioa Navasek. Heriotza itzulerarik gabekoa denaren ideiaren aurka egiten du bizkaitarrak. «Eskilara zuria ikusi eta sinesmen judeo-kristauaren ideia etorri zitzaidan burura. Ez dakit zergatik, bote-prontoan etorri zitzaidan, nahiz ez naizen oso erligiosoa. Zuzentzen dudan abesbatzan musika sakroa lantzen dugu eta agian horrek eragina izan du», azaldu du.
Garbi izan zuen olerkiaren aukeraketa. «‘Wit’ filma ikusia nuen duela hamabost urte edo. Antzerkiko testu batean oinarritua da, eta poema hau du ardatz. Poemaren barruan puntuazio zeinuek zenbateko inportantzia duten aipatzen du. Esaldian non ipintzen duzun puntu eta koma, horren arabera heriotza hiltzen da ala ez. Betidanik eduki dut buruan poema. Eta aitzakia perfektua iruditu zitzaidan Tabakalerako eskilaran zeozer egiteko».
Lau maila
Proiektua lau mailatan banatuta dago. «Azpikoak kronologia edo garapen jakin bat dauka, eta goikoak berdina, baina atzetik aurrera. Itzulgarritasuna musikan ere islatu nahi izan dut», esan zuen musikariak.
«‘Herio, ez zaitez harrotu’ esaldiaz hasten da Donneren poema. ‘Amets laburra pasatuta esnatu egiten garela esanez amaitzen da, eta bat-batean jada ez dela heriotzarik existituko. ‘Herio, zu hilko zara’ dira hitzok. Donnek poeman dioena musikalki nola izan daitekeen probatu nahi nuen. Erronka hau jarri nion neure buruari», adierazi du.
Eskusoinuaren doinuak egiten du ongietorria. «Hasieran akordeoiarekin ez egitea pentsatu nuen, biok elkarri lotuta goaz-eta beti... baina lau hilabetetan zehar erakusteko espazio finkoa ematea eta akordeoiaren tinbrea entzun ahal izatea super polita irudi zitzaidan instrumentuari bere lekua emanez. Akordeoia, poema eta eskilararen sinbolismoarekin, hiru elementuekin lanean hasi nintzen».
Zortzi bozgorailu
Beheko aldean partitura aurkituko du bisitariak. «Musika irakurtzen ez badaki ezker aldean plano bat dago. Planoa izan zen abiapuntua, partitura egin aurretik. Musika denboran zehar ematen den artea izanik linealki pentsatzen da, baina proiektu honek daukan berezitasuna da zortzi bozgorailu dauzkala, binaka, lau mailatan banatuta. Altuera eta erreberberazio asko daukanez espazioari presentzia nola eman pentsatu nuen. Gakoa ez zen zein musika egin, baizik nola antolatu ere», jarraitu du musikariak.
1620. urte inguruan idatzia da Donneren olerkia, Errenazimendu berrantiarraren garaian. «Garai hark abesbatzarako sortutako musika du ezaugarri. Normalean gizonezkoen koruak ziren, lau ahotsekoak: baxua, altua, tenorra eta sopranoa. Bertikalitatean pentsatuz, eskilara maila bakoitzari ahotsa lotu nion. Grabeak ohikoan behean egoten dira eta goian sopranoa edo discantus-a garai hartan. Hori ikusita eta garai hartan ohikoena mezarako musika egitea zenez, alegia, tenorrei zuzenduak, altua eta tenorrean akordeoiaz gain nire ahotsa –nahiko ezkutatuta– sartzea pentsatu nuen», azaldu du.
Behetik gora eginez baxua, altua, tenorra eta sopranoa edo discantus-a kokatu ditu. «Ohikoan tenorra altua baino grabeagoa da baina aldatu egin nituen. Hau da, ahotsa bigarren mailan ez, hirugarrenean entzutea nahi nuen espazioaren akustika kontuengatik».
Pieza akorde geldo batekin hasi eta akorde berarekin amaitzen da. «Garrantzi handia du. Prometeo akordea deitzen da. Bi interbalo motaz dago osatuta, tritonoa, oso disonantea eta ezegonkorra eta laudun justua, interbalorik puruena, egonkorrena. Ondorioz, akorde beraren barruan egonkortasuna eta desengorkotasuna dauzkagu. Horrek atentzioa eman dit betidanik eta heriotzari aurrez aurre hitz egiten diozun unean akordeak dena dauka bere baitan. Jainkoen boterearen erakusgarri edo. Akordea igotzen doa bost minututan zehar, suabetik ozenera. Oso astiro, akordea osatu arte. Eta bukaeran alderantziz, oso fuerte hasi eta desagertuz», esan du irribarrez.
‘Death’ –heriotza, ingelesez– hitzarekin ere jolastu du Navasek. «Letra bakoitza nota bati lotuta dago eta beheko ahotsak ‘Death’ esaten du eta goikoak aldrebes, ‘Htaed’. Itzulgarritasunaren ideiarekin bat eginda. Eta erdiko ahotsetan batek poemaren sonoritatea dauka kontsonanteen bitartez eta bestean poema osoa entzun daiteke kantu gregoriano moduan».
Musika entzun bai. Baina Navasen proposamena ez da honetara mugatzen. Bisitariak, partiturarekin batera, liburak eta faksimileak aurkituko ditu Scalan. «Bitrina batean bi lamina daude. Batetik, Donneren poemaren eskuizkribua jarri dut, gordetzen den lehenengoa, Londreseko Saint Paul Katedralean topatu zena eta bestetik lehenengo aldiz argitara eman zen bertsioa, 1635ekoa. Ez da originala, hura Londreseko artxibategi batean dago».
Lau liburu ere aurki daitezke Tabakaleran. «‘Soneto sakratuak’ deitutako poema ziklo baten parte da hau. Gaur egungo argitalpen bat daukagu, ingelesez. Eta bi itzulpen gazteleraz, euskaraz ez dago, Donneren poesia osoa batetik eta soneto sakratuen itzulpen berezia argentinako argitaletxe batean. Ez da berriro editatu eta gutxi geratzen da. Bitxia da itzulpenaren arabera modu ezberdinetan ulertu daitekeela. Jendeak ikus dezala poesiak interpretazio asko dituela. Ingelesez, kasu honetan, ez badakizu, itzultzaileak nahi duen modura ulertuko duzu», adierazi du.
Tradizionala eta modernoa, era berean
Beti eskusoinu handia aldean, ari da bere ibilbidea egiten Navas. «Akordeoia interesatzen zait bi alde dituelako: popularra edo tradizionala da batetik, eta modernoa bestetik. Gaur egun daukagun akordeoia 70eko hamarkadan amaitu zen garatzen Errusian eta akordeoirako idatzita dauden piezak garai hartatik honakoak dira. Kontserbatorioan sartu zenean bapatean abangoardiako instrumentu bihurtu zen, konposatzaileek bere kapazidaderik muturrekoenak atera zizkioten. Eta kultura askoren, ez bakarrik euskalduna, erakusgarri tradizionak edo folklorikoaren sinbolikoa ere bada. Ni saitzen naiz biak uztartzen. Jende askok aurriritzi asko dauzka eta alde bat ala bestea defendatzen dute. Nik ez», adierazi du.
Musika betidanik gustatu zaio baina beste aukerei ateak irekita zituen Musikenera jo zuenean. «Probatu eta ondo atera zait. Bizitzak eraman nau», dio. Ibilbidea ere filosofia berarekin ari da eraikitzen. «Etorri zaidana hartzen joan naiz. Ez naiz bizi bakarrik kontzertuetatik, instrumentu bat jotzen dugun gehienon modura klaseak ematen ditut eta gero suertatzen diren aukerak, proiektuak egiteko edo kontzertuak jotzeko, hartzen joaten naiz. Ez noa gauza konkreturen baten bila. Zer hartzen duzunaren arabera ikasten zoan, martxan».
Orain arte interpretazioari emana egon bada, azkenaldian konposatzen ari da. «Nire ikasketetan ez du jartzen ‘konposizioa’, beraz badaukat Iruzurtiaren Sindrome pixka bat», aitortu du irribarrez.
Manu Gaigne perkusionistarekin ari da agertokian. Eta beste hainbat musikarirekin denetatik lantzen du: folk musika, orkestra musika, klasikoa... Maria Asun Meni akordeonistarekin traskripzioak lantzen ditut, eta antzerkian ere banabil Maite Aizpuruarekin», kontatu du.

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia

Yala Nafarroa lanzará un txupinazo que sea «una luz de esperanza para detener este genocidio»

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»
