
Espainiar Estatuko flotak berdelari esleitutako kuotaren %73 eta antxoarentzat ezarritako kopuruaren %30 arrantzatuta dagoela jada jakinarazi du ostiral honetan Leandro Azkue Lakuako Arrantza sailburuordeak.
Getarian egin den XIII. Antxua Egunaren aurkezpen ekitaldian eman ditu zifra horiek Azkuek, eta bertan izan da Norberto Emazabel Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentea ere.
Martxoan hasi zen Kantauriko antxoaren kanpainaren kasuan, apirilaren 30era arte 8.565.011 kilo harrapatu ziren, hau da, aurten ezarritako kuotaren %30a; orotara 28.610.515 kilo harrantzatzeko aukera dago.
Berdelari dagokionez, apirilaren amaierara arte 18.255.963 kilo deskargatu ziren, hau da, kuotaren % 73 inguru; guztira 25.006.750 kilo jasotzen ditu kanpainak.
Leandro Azkuek «txartzat» jo du berdelaren kanpaina, bereziki amuko tresna txikien flotarentzat, eta antxoaren batez besteko prezioaren balantze «positiboagoa» egin du.
Antxoa garestiago
Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan, lonjetan lehorreratutako antxoaren kopurua 3.073.611 kilokoa izan da, 2024ko 8.155.772 kilotatik urrun, baina kiloko batez besteko prezioa 2,27 eurokoa izan da, iazkoa baino nabarmen handiagoa (1,51 euro).
Azkueren arabera, harrapatutako antxoaren tamaina handiagoak eragin du igoera hori; izan ere, arrainaren truke prezio handiagoa ordaintzeko gai den erdi-kontserba industriak gehiago estimatzen du.
Euskal lonjetan lehorreratutako antxoa-kopuruak behera egin du, harrapaketa gehienak Bizkaia eta Kantabria arteko mugan egin direlako; hori dela eta, flotaren zati handi batek Kantabriako portuak aukeratu ditu deskargatzeko.
Izan ere, euskal ontzidiko antxoa-harrapaketek gora egin dute 2.931.463 kilora iritsita, hau da, esleitutako kuotaren %36, eta iaz data horietan zenbatutako 2.894.286 kiloak baino gehiago deskargatu dituzte.
Berdela ere iaz baino garestiago
Berdelari dagokionez, 9.230.000 kilo lehorreratu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta enkantean jarri dira 2,10 euroko batez besteko prezioan, iazkoa baino handiagoa hori ere, 1,34 eurokoa izan baitzen iazkoa.
Azkuek azaldu duenez, berdelaren lehorreratzea EAEko portuetan mantendu bada ere, ez da horrela gertatu euskal flotak egindako harrapaketekin. Izan ere, aurten 5.739.365 kilo arrantzatu ditu, eta 2024an, berriz, 5.856.207 kilo. Gainera, kanpaina «oso irregularra» izan dela nabarmendu du.
Arraste- eta inguraketa-segmentuen harrapaketak handiak izan dira; amu-aparailu txikien flotaren kasuan, berriz, askoz txikigoak izan dira harrapaketak, 537.649 kiloko hain zuzen ere, (arrantza-aukeren % 14 inguru), eta 2024an harrapatutako 1.134.464 kiloetatik oso urrun, Azkuek adierazi duenez.
Zentzu horretan, Opegui erakundeko zuzendari Miren Garmendia kezkatuta agertu da «arte txikien flotari nabarmen eragiten dion berdelaren egoeragatik», arrantzaldi hori izaten baita «urteko diru-sarreren ehuneko handia».
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»
