«Esperientzia honek konfiantza handia eman dit neure buruarengan»
Mirandesek Ipurua bisitatuko du gaur, paperak aldatuta. Eibarrek mailari eutsi nahi dio 50 puntuetara iritsiz eta talde gorritxoa play-off postuetan dago. Bere denboraldi onaren arduradunetako bat Jon Gorrotxategi da (Eibar, 2002). Realak utzita, sekulako debuta izaten ari da futbol profesionalean.
.jpg)
Tamalez, Eibarrek ez du zereginik aurten Bigarren Mailako azken txanpan, baina euskaldunok badugu nor animatu Ligako azken bost jardunaldietan, gure futbolaren ordezkaritza ugaria baita igoera eta play-offa lehiatzen ari diren taldeetan. Hor daude Sarabia eta Nuñezen Elx, Elgezabalen Levante, Luengoren Oviedo eta Racing eta Mirandes. Edo ‘EuskoRacing’ eta ‘EuskoMirandes’, bakoitzean zazpi euskaldun baitaude.
Kamiseta gorritxoarekin, Jon Gorrotxategi eibartarra denboraldiko ustekabe handienetakoa bihurtu da. Realak udan utzita, lehen esperientzia du futbol profesionalean eta emaitza, momentuz, ezin da hobea izan: dena jokatu du bere historian lehen aldiz Lehen Mailara igotzeko aukera argia duen talde batean.
Galdetu ordez, baieztatu egingo dut: denboraldi bikaina.
Oso urte polita izaten ari da eta oso pozik nago. Gutxi falta da amaitzeko eta ilusio handia daukagu. Eta pertsonalki ere oso pozik nago, noski. Ez nuen pentsatzen horrela joango zenik; azkenean nire lehen urtea da futbol profesionalean, eta hasieran ez dakizu zelan joango den dena... Baina misterrak lehen egunetik eman dit konfiantza, gustura sentitzen ari naiz... Oso pozik nago.
Ez dakit zein neurritaraino imajina zenezakeen abuztuan, utzitako jokalari bihurtu zinenean, maiatz hasiera honetan denboraldiaren irakurketa honelakoa izango zela.
Nire pentsamendu baikorrenekin ere ez nuen asmatuko. Mirandesera iritsi nintzenean, taldea egiten ari zen oraindik, hamaika-hamabi jokalari geunden bakarrik. Eta pentsatzen nuen gutxienez denboraldi hasiera ez zela erraza izango. Baina azkenean talde polita egin dugu, gaztea, energia handikoa... Eta hor daude emaitzak.
Zer izaten ari da ustekabe handiena? Taldearen maila edo zure protagonismoa?
Biak, ezta? Nik beldur pixka bat neukan. Realean eman ditut zazpi urte, etxetik irtetea batzuetan zaila izaten da... Futbol profesionaleko nire lehen urtea izanik, ez nuen espero maila hau ematea, eta, egia esan, ez nuen uste ere taldeak hain ondo egingo zuenik.
«Futbol profesionaleko nire lehen urtea izanik, ez nuen espero maila hau ematea, eta, egia esan, ez nuen uste ere taldeak hain ondo egingo zuenik»
Ez dute gutxik esaten Bigarren Maila osoko denboraldiko jokalari onenetakoa zarela.
Gauza asko esaten dira, baina nik nahiago dut larregi ez entzun; askotan kanpoko zaratak ez dio futbolariari laguntzen. Egia da heltzen zaizkidan mezu guztiak positiboak direla, baina horrela ere ez diet kasu handirik egiten. Nahiago dut zentratuta egon eta nire lanarekin jarraitu, oinak lurrean izan.
Asko entzuten eta irakurtzen ez baduzu ere, seguru «Mirandesen iparrorratza» esamoldea entzun duzula. Gustuko duzu? Ondo definitzen zaituela uste duzu?
Ez dakit, futbolean ezizenak jartzeko ohitura handia dago. Ez diet kasu handirik egiten gauza horiei, egia esan, baina tira, egia da nire postua leku horretan dela, zelai-erdian, eta zentzua daukala «iparrorratza» esateak. Erasotzea gustatzen zait, taldeari erasoko lanean laguntzea, eta defentsako lanean aritzea ere gustatzen zait, taldeari laguntzeko; oreka hori gustuko dut. Bai, ezizen horrekin identifika naiteke.
Uztailean, Mirandeseko iparrorratza Zubietara itzuliko da. Minutu asko, guztiak, jokatzeaz gain, zer eramango duzu utzita jokatze aldi honetatik, esperientzia benetan baliagarri egin duena?
Aurreko udan nik ez nekien irten behar nuenik, eta hasieran zalantzak dauzkazu, ez dakizu zelan joango zaizun, baina uste dut bete-betean asmatu genuela. Ondo etorri zait, esan ohi den bezala, «erosotasun gunetik» irtetea eta futbol profesionalean probatzeko aukera hau izatea. Asko ikasi dut.
Futboleko ikaskuntza eta bizitzakoa ere bai? Azkenean, Mirandesera utzita joateak etxetik irtetea ere ekarri dizu.
Egia esan, Gasteizen bizi naiz eta oso gertu daukat Eibar, nahi dudanean joateko. Baina Realean nengoen, filialean, eta agian han gauzak errazagoak dira. Kluba ezagutzen duzu, zure adineko jokalariekin zaude eta taldea baino gehiago agian familia txiki bat da; kanpora joatean, berriz, ez dakizu zer topatuko duzun. Baina zorte handia izan dut, hemen ere talde gaztea egin dugu, oso harreman ona egin dugu denon artean... Ona izatea espero nuen, ez pentsa, baina agian ez hain estua eta ona. Eta uste dut horrek ere asko lagundu digula eguneroko lanean eta hain urte ona egitearen parte bat horregatik izan delakoan nago.
Zelaian asko nabaritu duzu mailari dagokion jauzia?
Bai! Erritmoan, kalitatean... Ez dut pentsatu nahi ere Lehen Mailan nolakoak izango diren jokalariak! Bigarren Mailan denak, postu guztietan, oso onak baitira. Baloiarekin, azkarragoak dira, indartsuagoak, intentsitatea, erritmoa... Batez ere, ikasi dut partida osoan zehar xehetasun guztiei arreta handia jarri behar diezula, maila askoz altuagoa delako eta edozein jokalditan min egin diezazuketelako. Askotan emaitzak 0-0, 1-0, 1-1 dira eta partidak xehetasun txikietan erabaki daitezke, jokaldi batean gola dator, zure alde edo zure kontra, eta baloi, jokaldi, xehetasun guztiak dira garrantzitsuak. Zailagoa, zailagoa da.
Zaila izango da, baina zu azkar egokitu zara. Horrek lagunduko dizu tokatzen zaizunean beste jauzi bat egiten; Realera eta, beraz, Lehen Mailara.
Ez dakit hurrengo denboraldian non egongo naizen, baina bai urte honek nire buruarengan konfiantza handia eman didala. Hurrengo etapa berri bati konfiantza handiagoarekin ekingo diot, zalantzarik gabe.
Esan duzu ez dakizula hurrengo etapa hori zein izango den, baina uste dut argi daukadala zein izatea nahiko zenukeen.
Bai, noski, Realean gauden jokalari guztion ametsa lehen taldera heltzea da, bide batetik edo bestetik. Nire kasuan oso zoriontsu nago Mirandesen utzita, kontratua daukat eta denboraldiaurrean Zubietan egongo naiz. Hortik aurrera ez dakit zer gertatuko den, baina nire amets eta ilusio handiena lehen taldera heltzea da, Realean gauden jokalari guztiona bezala, inolako zalantzarik gabe.
«Nire amets eta ilusio handiena Realeko lehen taldera heltzea da»
Asko poztuko zinen Sergio Francisco lehen taldeko entrenatzailea izango dela jakitean.
Bai, asko pozten naiz. Alde batetik, pena ematen dit Imanolek ez jarraitzeak, asko eman diolako Realari eta badakigulako nolako entrenatzaile bikaina izan den baina, bestetik, oso pozik nago Sergio Lehen Mailara heldu delako. Urte asko eman ditut berarekin eta pozten nau Realak horrelako aukera emateak etxeko jendeari.
Beragatik pozten zara, baina zuregatik ere bai, ezta? Azken finean, zure entrenatzailea izan da Sansen eta hirugarren taldean eta bere konfiantza osoko jokalaria izan zara.
Egia da minutu asko izan ditudala berarekin eta harreman ona daukagula. Urte politak bizi izan ditugu, igoera batekin, play-off batekin... Baina hemendik aurrera ez dakit; lehen taldean dena aldatzen da. Ziur nago berak ondo egingo dituela gauzak, baina nire etorkizuna ez dakit non egongo den. Ikusiko dugu. Baina gogoa dut bera ikusteko eta zoriontzeko.
«Minutu asko izan ditut Sergio Franciscorekin, urte politak bizi izan ditugu. Baina lehen taldean dena aldatzen da. Ziur nago gauzak ondo egingo dituela»
Bere aginduetara jarri aurretik beste ilusio bat daukazu betetzeko: Mirandesekin lortzea denboraldia hasi zenean inork imajinatzen ez zuena.
Lehen helburua, eta bakarra, mailari ahalik eta lehenen eustea zen. Eta azken jardunaldian lortzen bazen ere, konforme. Baina hain azkar lortu genuenez, beste helburu batzuk jarri ziren, puntuak lortzen hasi ginen eta bost partidaren faltan ikusten da oso aukera polita daukagula igoeraren alde borrokatzeko. Sekulako ilusioa dago taldean eta herrian.
Hiri txiki bat, inork kontuan hartzen ez duen talde apal bat... Eibarren igoera gogorarazten du.
Ni umea nintzen Eibar Lehen Mailara igo zenean, baina gogoan dut nola bizi izan zen herrian. Eta inork ez zuen espero gertatuko zenik. Ziur antzekoa izaten ari dela. Orain lehen pertsonan bizitzen ari naiz eta oso hunkigarria da. Jendeak kalean gelditzen zaitu animatzeko... ilusio handia dago.
Bosgarrenak zarete, igoera zuzenetik lau puntura, zazpigarrenak baino hiru puntu gehiagorekin... Nola ikusten dituzu aukerak?
Guk taldean hitz egin dugu. Aurreko urteotan play-offean sartzeko batez bestekoa 67 puntukoa izan da. 62 ditugu, 5 falta zaizkigu. Hori da gure helburua. Zuzen igotzea une honetan urrun ikusten dugu, baina partidaz partida goaz eta ikusiko dugu.
Denboraldiko bolada txarrena gainditu berri duzue. Urduritasuna nabaritu da?
Bai, eta horregatik ospatu genuen hainbeste Burgosen kontrako garaipena. Horrelako partida bat behar genuen, bai jendeak eta bai taldeak, gainera derbia… Energia eta konfiantza asko eman digu.
Presioa zuen aurkariena baino txikiagoa izan beharko litzateke, baina behin egoera honetara iritsita, nabarituko da ere.
Bai, abantaila hori daukagula uste dut. Baina gu ere nabaritzen goaz amaiera heltzen doan heinean, oso gertu ikusten baitugu. Hala ere, ilusioa dago presioa baino gehiago, eta esperientzia disfrutatzeko eta partidak jokatzeko gogoa.
«Presioa nabaritzen goaz amaiera heltzen doan heinean, baina ilusioa dugu batez ere, eta esperientzia eta partidak disfrutatzeko gogoa»
Gaurkoa ezin bereziagoa da zuretzat.
Anduvakoa ere berezia izan zen eta hau... Gainera, lehen aldia izango da niretzat Ipuruan. Asko joan naiz Eibar ikustera, baina ez dut inoiz jokatu eta sekulako ilusioa egiten dit. Lagun mordo bat joango da, familia...
Pena da, baina ondo datorkizue Eibarrek ezer berezirik ez izatea jokoan.
Bai, pena da, azken urteetan hain gertu geratu izana izan den bezala. Baina ez dut uste denboraldia amaitutzat eman duenik. Denarekin joango da irabazteko eta irudi ona emateko asmoarekin. Oso berezia bai, baina seguru partida erraza ez dela izango.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

Periodismo en tiempos de maraña golpista
