Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Eskerrik asko taupadengatik. Zuek eman diozue bihotz forma Euskal Herriari»

14.000 herritar bildu gara BEC!en, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi aitortza kolektibo bat egiteko, hezur eta haragizko eskertza bat, Euskal Herriarentzat pribilejio bat delako haiek bezalako pailazoak izatea. Eszenako artisten lagin zabal batek egin du ekarpena, eta Sol Band gazatarrek ere bai.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots oholtzan, beraien lana aitortzeko egin den jaialdi erraldoian.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots oholtzan, beraien lana aitortzeko egin den jaialdi erraldoian. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Irriz bete da BEC, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenaldian.
Irriz bete da BEC, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)
14.000 herritar bildu dira omenaldian.
14.000 herritar bildu dira omenaldian. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Agurra, Marimotots, Pirritx eta Porrotxentzat.
Agurra, Marimotots, Pirritx eta Porrotxentzat. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Eszenako hamarnaka artistek parte hartu dute.
Eszenako hamarnaka artistek parte hartu dute. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Omenaldi hunkigarria izan da.
Omenaldi hunkigarria izan da. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Eugeni Altzibar youtuberraren agerraldia.
Eugeni Altzibar youtuberraren agerraldia. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Palestinarekiko elkartasuna oso presente egon da jaialdi osoan.
Palestinarekiko elkartasuna oso presente egon da jaialdi osoan. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Negar malkoei eustea lan nekeza izan da.
Sambou Diaby aktorea ere, hunkituta. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Maialen Lujanbiok ‘Maitasunaren manifestua’ irakurri du.
Maialen Lujanbiok ‘Maitasunaren manifestua’ irakurri du. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Ikusleen artetik igaro dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
Ikusleen artetik igaro dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Herri omenaldi erraldoia jaso dute larunbat honetan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, Euskal Herriak aunitz baitu sudurgorriei eskertzeko. 37 urteko ibilbidean, belaunaldi osoak hezi dituzte euren abestiekin, infinitu irri eta maitasunekin. Oraingoan, herritarron txanda izan da eta 14.000 lagunek erran diegu bihotzez denok batera ‘Maite zaitut!’.

Barakaldoko BEC! Bizkaia Arenan izan da besta. Pistara bidean, dantzaldi eta kantaldi inprobisatuak eta makina bat Pirritx, Porrotx eta Marimotots ttiki daude. Atea zeharkatu, eta denak gara sudurgorriak.

15.30ean ateak ireki eta 17.00etan hasi da bi ordu inguru iraun duen ikuskizuna. Itxaronaldia girotua izan da. Intza Alkain eta Beatriz Egizabal aurkezle-dinamizatzaile zirela, Bonberenea txaranga, Aner Peritz eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta adar jotzaileak izan dira eskutik hartu eta ospakizunean sartu gaituztenak.

‘Zabaldu bihotza ta has dadila festa!’, kantatu dute Amaia eta Jare Agirre bertsolari ama-alabek.

Irri egiten duenari

«(...) Maita zure baita eta baita bestea ere. Bestelakoa, bestelako denik ez delako, bestelako zu izan zaitezkeelako. Maita neurrian zure baita eta baita auzoa ere, mundua finean etxea baita. M eta A, Ma, eta i eta t eta a eta s eta u, Maitasu, maita zazu, lurra eta hitza, zapaltzen gaituztenon eta ditugunen bizitza (...) Maitasun da Ma, Tasun denen ama, tasunen amama, askatasun, elkartasun, berdintasun, alaitasun, zenbat tasun, eta osin eta asun, osina ez saldu, asuna ez uki, maitasuna ere ezin da eduki baina bai eman, eta zenbat eta gehiago eman gehiago zuregan (...) etorkizun posible bakarraren ama, zer ote da maitasuna?», irakurri du Maialen Lujanbiok berak idatzitako Maitasunaren manifestua.

Gero, Landarbaso abesbatzak bete du oholtza: 40 haur eta gaztetxok.

Ikusleak margo gorriz irria margotzera gonbidatu dituzte aurkezleek, eta Zurriolako antzerki eskolako haurrekin eta dantzari garaikideekin batera ‘Irri egiten duenari’ kantaren bertsio bat eskaini dute Ines Osinaga, Xabi Solano eta Lide Hernandok.

Jarraian, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen atzean edo barruan dauden pertsonak hobeki ezagutu ditugu pantaila handian jarri duten bideo batean.

Bizipoza auzolan

Eugeni Altzibar youtuberrak bere testigantza eman du. Garun paralisia dauka eta mezu indartsu eta itxaropentsua eman du.

Verdini dantza taldearen emanaldiaren ondotik, ‘Bizipoza auzolan’ abestia interpretatu dute Igor Elortza egileak, Olatz Salvadorrek eta Oreka TXk. Agertokian izan dira Xabi Madina eta Sandra Fernandez gurpildun aulkidun dantzariak, Eskuaireko interpreteak zeinu hizkuntzan eta dantzari garaikideak. ‘Elkarrekin hobeto’ lelodun bandera horia zabalduz amaitu dute.

Ondotik, gaur egungo euskal eszenako sortzaileen gurasoek honako galderari erantzun diote: «Nolakoa izan zen seme-alabak pailazoak ikustera eraman zenituzten lehen aldia?». Eva eta Boni mintzatu dira, Zapotxinen gurasoak; Xabier Mikel Errekondo Lur Errekondoren aita; Amaia Agirre Jareren ama; Xabier Euzkitze Aner Peritzen aita; Mindarako Arantxa, Eiderren ama; Gaizka Aranguren Amets Arangurenen aita; Jon Enparantza eta Maider Alustiza Sua Enparantzaren gurasoak, Maitane Sagastume Onditzen ama eta Deizen-en ama, zazpi urte zituelarik Senegaldik etorritako euskalduna.

Eskuetan

Gazte sortzaile horiek berek euskarari buruzko kontakizun partekatua zabaldu dute. ‘Euskarak behar du lokatza eta behar du lurra. Ez ditu behar debekuak, dekretuak. Behar du arnasa, jolasa, behar du altzoa eta batez ere, batez ere haurra. Behar du gorputza, birikak, bihotza, sudurra, mingaina eta eskuak. Euskarak behar ditu hiztunak, hitzak, hotsak, pozak eta ez hainbeste lotsak. Belar berdeak, soro horixkak. Behar du aitortza, behar du konpromisoa, behar du nork eta izan behar du nor. Euskarak izan behar du guztiontzat, izan behar du plaza, zubi, leiho eta ate. Eta izan behar du batez ere aterpe. Aterpe bat guztiontzako’, adierazi dute.

Gero, ‘Eskuetan’ abestia gozatu duten bitartean, kalejira erraldoiak sortu dira pistan.

Amona Maria Luisa

Oinkari eta Martxel Rodriguez dantzariek, La Pulga flamenko dantzariak, Oreka TXk eta David Escudero gitarristak ezpata dantza interpretatu dute loreekin. Une batean dena isildu eta gelditu da. Eta Jon Maiaren segidilla hasi da, Abuela Maria Luisaren inguruan:

‘Gogoratzen dut abuela, hemen balego bezela, bere potaje kazuela, abanikoa logela, neregana zetorrela, hai zenbat oroitzapen, ezin dut burutik ken, utzi zun bere lurra, maleta bat beldurra, bestea poz apurra... Badakigu zergatik, ongi bizitzeagatik... hemen hainbeste lagun, orain gara euskaldun, ze zortea daukagun!’.

Maiak berak eta Kai Nakaik kantatu dute ‘Amona Maria Luisa’ kantua, aitzinetik aipatutako dantzari eta musikariekin eta baita Semblante Andaluz taldearekin ere. Ederra izan da oholtzan ez ezik, artistak pistan jende artean sentitzea.

Ane Pirata

Elena Ginea Iñurri Taldeko kideak, Julio Sotok eta Aspanogi taldeak beren testigantza eman dute. Bitartean, 20 dantzari sartu dira pistan hankapaloetan, publiko artean, puxika zuri erraldoiekin.

‘Gu denok hilko gara, eta zer egingo dugu ba, hil artean bizi! Denbora da mezu hau jendartean zabaltzen gabiltzala, minbizia ez baita arrosa, marroia baizik. Baina minbiziak bizitza ere badu borborka, gordin eta eder’, hasi da Ginea.

Aspanogikoak Ane Pirata ekarri du gogora: ‘Ingurukoek diotenez amaren begiak zituen Anek eta aitatxore ile kizkur beltzak. Lasaia zen eta begirada polit-polita zuen. Eskuzabala eta bihotz onekoa zen. Abenturazalea. Momentu zailenetan ere goxotasunez dena ematen duten horietakoa. Bizitzeko gogo handia zuen eta hori kutsatzen zuen nonahi. Berak erakutsi zigun zein garrantzitsua den bizitzako gauza txikiez gozatzea. Amaiera batek bere baitan daramala maiz hasiera bat. Eta lasaitasunetik, maitasunetik begiratu behar zaiola beti. Ane Pirata diogu baina esan genezake Oier, Arantxa, Leire eta Aitziber...’.

‘Herio ez da beltzez etortzen, ez ditu maite aihotzak/ ez ditu nahita sortzen halako zalantza eta laiotzak/ nahiz ikaratzen gaituen noizbait izango garen ilotzak/, eta doluan zehar korritzen diren arren begi hotzak/, bizitzak maite gaituen adina maite gaitu heriotzak’, abestu du bertsoa Julio Sotok.

‘Heriotzari nola hitz egin ikasi dugu zuekin’, eskertu die pailazoei.

Joxe Mari Agirretxek eta Aiora Zulaikak Ane Pirata nolakoa zen eta zer erakutsi zien kontatu dute bideo batean. Ospitalean bisitatu zutenean, ohean topatu zuten zutik, ‘Maite Zaitut’ abestia dantzatzen. Hortxe bertan, gelan erabaki zuten minbiziari heldu nahi ziotela eta Marimototsi mototsak eroriko zitzaizkiola. ‘Bizitza laburra izan zuen baina nola zukutu zuen. Bizipoz hori kutsatu egiten zuen. Oholtzara ere gonbidatu genuen, Ane Pirata zelako. 18 urte betetzeko desiatzen zegoen boluntario izateko, bete zituen eta pirata eta zaintzaile bilakatu zen’.

Jarraian, aurkezleek ariketa polita proposatu diete ikus-entzuleei: aulkietan topatu duten postalean sentimenduak idaztea eta aldamenekoarekin trukatzea.

Ondoren, paperezko itsasontzia egin dute postalarekin, eta Uxue Alberdik eta Eñaut Elorrietak ‘Ane Pirata’ abestia eskaini dute.

Maitasunaren ostadarra

‘Goazen!’eko kideek ‘Nork agindu du’ kantarekin gozarazi digute eta Juantxo Arakamak eta Albina Stardustek, ‘Maitasunaren ostadarra’-rekin. Bitartean, 18 drag queen eta Yogurina Borova sartu dira pistara.

Iker Galartza aurkezle, Gure Zirkuko eta Zirko Txosko-ko kideek mazak, monozikloak, kontortsionistak, aroak, diaboloak eta bertze ekarri dituzte oholtzara zein pistara, ‘Zirkorrika’-ko musikarekin.

14 pailazo gaztek etorkizuna badela erakutsi dute. Han izan dira Pontx, Zapotxin, Potx eta Lotx, Motx, Tomax, Ekain, Helena Madalena, Pololo eta txikipailazoak, eta Klipa, Txintxeta eta Txorroskilo. Oholtzara igo dira, indartsu, Iker Galartza Poxpolorekin. ‘Geuria da ta geuria!’ abestu dute publikoarekin batera, jendea dantzan jarriz.

Munduko loreak

Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetakoa Sol Bandeko abeslari gazatarrak oholtzara goititzean izan da. Hitza jarri diete giza eskubide urraketei, ‘Gure haurrak txoriak dira zeruan’ kantuarekin. Bere seme-alabak galdu dituen gurasoez ari da Rafah-ko kanpamenduetan, hondamenaren erdian, sortutako abesti hau. Beren etorkizuna ikusteko ametsa zuten aita-ama horiek.

Musikariak genozidioak harrapatu zituen. Zazpi hilabetez gorriak ikusi zituzten, batetik bestera desplazaturik, uneoro bonben azpian bizitzen. Euskal Herrira etorri dira eta ‘Palestina askatu!’ oihu eta txalo sentituekin hartu ditugu.

Palestinarrek ondoan izan dituzte Amets Arzallus, Itziar Ituño, Ramon Agirre, Sambou Diaby eta Landarbaso abesbatza.

Eskubideen aldeko eta kontrako manifestua irakurri dute. Agirre hasi da: ‘Ez ote gaituzte eskubidez zamatzen, azkenean eskubideen azpian leher egin dezagun, palestinar gaixoek bezala? Eskubideak jaio ere anomalia baten sintoma bezala jaio ziren, eta gehienetan ezintasunaren kronifikatzeko berme izanez bukatu dute. Ez badute inperatibo praktikorik, zertarako balio dute? Galdetu palestinar gaixoei ea eskubideek zertarako eskubidea ematen dioten’.

‘Baina eskubideak izan daitezke ortzimuga berri bat, adibidez, munduan zehar libre ibiltzea. Europak Afrikara joateko eskubidea badu, zergatik ez du Afrikak Europara etortzeko eskubiderik? Eskubidea dugu lan egin eta maitatuak izateko, begira diezagula jendeak begietara, besterik ez dugu eskatzen, mugak zubi bihurtzea’, adierazi du Diabyk.

‘Eta nornahik du eskubidea euskaraz pentsatzen duena esateko, baita pentsatzen duen hori gorria eta morea denean ere, badugu eskubidea presoez hitz egiteko, feminista erradikalak izateko, pailazoz jantzi eta maite zaitut esateko, inork gure hitzik debekatu gabe, goitik behera haserretzeko eta behetik gora barre egiteko, beraz, pentsatu eta sentitzen dugun horren alde lanean jarraituko dugu, libre, sudurgorriz eta umore morez’, aldarrikatu du Ituñok.

‘Baina eskubideak askotan tranpa bat dira. Itxarongela bat, anestesia txiki bat, biderik gabeko espaloi bat’, segitu dio Arzallusek. ‘Eskubide asko lorpen historikoak dira, eta maite ditut, baina ez naiz asko fio. Gelditu, esterilizatu, izoztu edo folklorizatu egiten gaituzte. Eskubideak hozka egin ezin duten hortzak dira, galdetu bestela palestinar gaixoei eskubideek zertarako eskubidea ematen dioten. Joxemieli hala galdetu omen zioten: ‘Aizak Joxemiel, eta euskararen alde zer egin behar diagu?’ ‘Euskararen alde, hitz egin, motel, hitz egin’. Eskubideak eskatu ez, praktikatu egin behar dira. Egin, bizi eta izan, nahiz eta eskubiderik ez izan’, amaitu du. Zoragarriak izan dira jendearen oihu eta txaloak.

Emozioak pil-pilean, laurek elkarrekin ‘Munduko loreak’ interpretatu dute.

Musua

Erraldoiak, Oinkari eta Bizkaiko taldeak pistara etorri dira ‘Epoitaitaye’ dantzatzera. Eta azkenean iritsi da unea, Bonberenea txarangaren gibeletik, ordura arte publikoan egondako gure pailazo omenduak pistara sartu dira, musuak jasoz. ‘Zu, eman musu’ abestu dute oholtzan, ‘begiak tximista’.

‘Taldea ez da pertsona multzo bat elkarren ondoan gauzak egiten bakarrik. Taldea da elkarri begira, elkarri entzunez, sentituz, elkarrekin. Panpoxa gidatzea, atrezzoa prestatzea, entsegu asko, ikuskizuna hasi aurretik gertatzen den guzti-guztia’, oroitarazi dute bideo batean. ‘Gorputzez osatutako cromlechak, elkar laguntzea, adrenalina, bagoaz (...) Taldea da elkarrekin. Bakarrik, ezin’.

Agurra dantzatu diete pailazoei, ‘Zuretzat’ kantuaren doinuarekin, eta Ane Labakak esker onaren manifestua irakurri du. ‘Ohartzerako 37 urte joan zaizkigu zuei eskerrik asko nola esan asmatu nahian. Hau aitortza kolektibo bat da, eskertza bat hezur eta haragizkoa. Eskerrik asko sudurgorriengatik eta zapatengatik. Euskal Herriarentzat pribilejio bat delako zuek bezalako pailazoak izatea. Begiratzeko modu bat jaso dugu zuengandik. Eskerrik asko ahots kordengatik. Maite zaitut esaten irakatsi zenigutelako. Hegoengatik, ilusioak jartzeagatik, herriaren indarrean sinesteko arrazoiak emateagatik. Eskerrik asko birikengatik. Urrats bat aurrerago joateagatik beti’.

‘Eskerrik asko belarriengatik. telefono dei bat jaso duzuen aldiro bai, kotatu gurekin esateagatik. Ezpainengatik, hurbiltasunagatik. Emanaldien ondoren musuka igaro dituzuen ordu guztiengatik. Sorbaldagatik. Egurra, boikota jaso ondoren eskertza merezi zenutelako. Eskerrik asko beso eskuzabalengatik, ikusten denaz harago ikusten ez denagatik. Aurpegiko margoak erdi ezabatuta zenituztela egindakoagatik. Panpoxa furgonetak ospitaleko atea zein beilatokia koloreztatu dituen egun bakoitzagatik’.

‘Eskerrik asko taupadengatik. Guretzat zuek eman diozue bihotz forma Euskal Herriari. Bihotzez, eskerrik asko!’.

Pailazoek, hunkituta, olatuak sorrarazi dituzte Bizkaia Arenan, eta bihotzetik bihotzera eskertu dute herri omenaldi eder hau, taldekide guztiekin batera. ‘Elkar zaintzea, zer da ba bizitza?’, erran dute, eta gutako bakoitzarentzat bihotzean tokitxo bat izanen dutela adierazi dute. ‘Agur bat, lagun maite’ kantatu dute, eta ‘maite zaituztegu!’ adierazi ozen.

Segidan, 14.000 lagunek, sudurgorriak jantzita, ‘Maite zaitut’ abestu diete pailazoei denek batera, eta ‘sentitu, pentsatu, ekin, elkarrekin!’ dei eginez amaitu dute. Bestak Bonberenea txarangarekin jarraitu du.