
Azken unera arte aritu da Michael Waltz Donald Trump goraipatzen; kaleratu baino ordu batzuk lehenago ere Fox katean eginiko elkarrizketan, esaterako. Segurtasun Nazionaleko aholkulariarekin batera, Alex Wong haren ondokoa ere kargugabetu du Trumpek. Martxoan foku guztien erdigunean egon zen Waltz, Signal sare sozialeko txat bat sortu zuelako eta bertan oharkabean “The Atlantic” aldizkariko Jeffrey Goldberg kazetaria sartu zuelako. Yemengo huthien aurkako bonbardaketei buruz mintzatu ziren segurtasun nazionaleko arduradunekin txat horretan, besteak beste, Pete Hegseth Defentsa idazkaria, eta Goldbergek gertatutakoaren berri eman zuen.
Hasieran, txatari buruz idatzi zuen Goldbergek, operazioaren detaile zehatzik eman gabe; hura gertatu baino ordu batzuk lehenago izan zuela haren berri soilik. Bera hor sartzea akats larria zen, baina Administrazioaren komunikazio sare ofizialetatik kanpo horrelako mezu sekretu eta delikatuak banatzea delitua ere bazela iritzi diote batzuek.
Etxe Zuriak gertaera ezkutatzeko mezulariaren aurka jo zuen, ordea. Pete Hegseth Defentsa idazkariak, Tulsi Gabbard Inteligentzia Nazionaleko zuzendariak eta John Ratcliffe CIAko zuzendariak esan zuten txatean ez zela informazio sekreturik partekatu. Hori hala bazen, argitara emateko arazorik ez zegoenez, Goldbergek txatean bildutako informazio gehiago zabaldu zuen, hala nola erasoen ordu zehatza eta erabilitako armamentuaz Hegseth-ek kanal horretan egindako adierazpenak.
Azken egunotan, bigarren Signal txat baten berri ere izan da. Bertan Hegseth Defentsa idazkariaren emaztea, anaia eta abokatu pertsonala zeuden. Hau da, horrelako informazioak zabaldu eta jasotzeko inolako kredentzialik gabeko jendearekin banatu zituen Hegsethek sekretu militarrak.
NBEra
Ostegun arratsaldean zabaldu zen Trumpek Waltz kaleratu zuela. Ordu batzuk geroago, ñabardura iritsi zen: zuzenean kanporatu beharrean, administrazioan betetzeko zeukan postu bat esleitu dio presidenteak: NBEko enbaxadore izatea. JD Vancek ukatu egin zuen kaleratzea zela: «Presidentearen eta nire konfiantza dauka [Waltzek], baina NBEren enbaxadore lanean hobea izango zela ere pentsatu dugu, Segurtasun Kontseilu Nazionalean egin ditugun erreformen etapa hau gainditu ahala». New Yorkeko kongresukide Elise Stefanik izendatu zuten hasieran kargu horretarako. Baina Ordezkarien Ganberan errepublikanoek daukaten gehiengo txikia ikusita, arriskutsuegi iritzi zioten beste aulki bat galtzeari, zenbait hilabetez izan arren. Hala, Stefaniken izendapena erretiratu eta Kongresura itzuli da. Edozelan ere, Waltzen izendapena ez da automatikoa, Senatuaren onespena behar duten goi-karguetako bat baita NBEko enbaxadorearena.
Segurtasun Nazionalerako berriz, Marco Rubiori eman dio ardura Trumpek, egun daukana, Estatu-idazkaritza, kendu gabe. Oso ardura handi bi pertsona bakarrak egitea ezinezkoa dela iritzita, demokratek axolagabekeria leporatu diote AEBko presidenteari.
Auzitegien jipoi berria, etorkinen afera dela eta
Trumpek bere lehen agintaldian izendatu zuen epaile batek galarazi egin dio venezuelarrak deportatzeko 1798ko lege bat erabiltzea. Gerra edo inbasio garaian balizko herrialde inbaditzaileko herritarrak kaleratzea ahalbidetzen duen lege hori ia inoiz ez da erabili. Egin den une bakanetan, AEBko memorian markatuta geratu diren giza eskubideen urraketa larriak gertatu dira; II. Mundu Gerran, esaterako, herrialdean bizi ziren japoniarren internamendurako erabili zen.
Salbuespen lege hori aitzakia hartuta, Tren de Aragua Venezuelako talde kriminala «terrorista» izendatu du eta, AEBren aurka «gerra irregularra» eta «inbasio-ahalegina» argudiatuta, ehunka lagun atxilotu eta El Salvadorrera deportatu ditu. Texasko Fernando Rodriguez epaileak esan du lege hori «eraso armatu antolatu bat» jasango balitz baino ezin dela erabili. Ebazpena Hego Texasko barrutiari baino ez dagokio, baina garaipen garrantzitsua da salaketa jarri zuen ACLU eskubide zibilen elkartearentzat, neurri zehatz hori baliogabetu duten lehen aldia baita.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
