«Energiaren eztabaida beste parametroetara eramateko balio dezala gertatutakoak»
Zenbait pertsonak Aritz Otxandianoren etxebizitzari eraso zioten apirilaren 22an, bi suziri jaurtiz. Aurretik mehatxuak eta irainak jasoak zituen Fagor taldeko iraunkortasun arduradunak, berriztagarrien aldeko bere jarreragatik, baina azken honek muga guztiak gainditu dituela salatu zuen.

Otxandion egin dugu hitzordua Aritz Otxandianorekin. Bertako alkatea izandakoa da, eta agerian dago estimu handia diotela auzokideek. Agurrak eta babes keinuak jasotzen ditu plazara gerturatu eta berehala. Ez dira egun goxoak izan erasoa pairatu ostekoak.
Lehenik eta behin, nola zaudete etxean?
Ondo... Ez da atsegina gertatutakoa eta gero izan den zurrunbilo mediatiko guzti hori, baina, sustoa pasata, hobeto.
Ez zen ezer larririk gertatu, baina gerta zitekeen. Aurretik jaso dituzu mehatxuak, irainak, baina hau jauzi kualitatiboa izan da.
Bai. Ez da izan gertaera isolatu bat, sekuentzia baten azken kapitulua baizik. Azken bi urte hauetan bereziki Aramaion egin asmo zen parke eoliko baten testuinguruan izan ditut mehatxu tonua zeukaten margoketak, pankartak... inork ez zituenak sinatzen, noski, baina hor testuinguru bat, narratiba bat, sortu da, nire inguruan nolabaiteko seinalamen- du bat, eta horrek eman dio bide gertatutakoari.
Energia berriztagarrien eztabaidaren testuinguruan gertatu da erasoa; ez da ariketa zaila harremana ikustea. Zer uste duzu lortu nahi zutela horrelako gauza bat eginez?
Ezagutzen dugu nortzuk izan diren hau egin dutenak. Hurbildu dira niregana eta egindakoaren larritasunaren kontzientzia hartu dutela uste dut. Barkamena eskatzeko borondatea adierazi didate. Badaukat asmoa beraiekin biltzeko, nahi dudalako begietara begiratu eta gertatutakoari bide eman dion testuinguruaz hitz egin. Eta, beste alde batetik, nire borondatea da honek ez dezala pertsona horientzat ondorio penalik izan, eta prozesu judiziala ekidin ahal bada, nire eskuetan dagoena egingo dut horrela izan dadin.
Ez da ezer antolatua izan; gehiago izan da aipatu dudan testuinguru horretan pertsona batzuek egin duten ekintza bat, esango nuke kontziente izan gabe halako gauza batek izan ditzakeen ondorioez. Baina bai kokatzen dela oso garraztuta dagoen eztabaida baten testuinguruan. Eta nik uste dut honek balio beharko lukeela hausnarketa bat egiteko: eztabaida konplexu baten aurrean gaude, hemen gauzak ez dira zuriak edo beltzak, soluzioak ez dira errazak, baina larrialdi klimatikoan gaudela denok onartzen badugu, gure herriak egin behar duen bidea zein den ikusteko eztabaidatu behar dugu. Eta hor posizio jakin bat defendatzeagatik inor horrela seinalatzeak uste dut ez diola eztabaida horri ezer onik ekartzen.
«Ezagutzen dugu nortzuk izan diren hau egin dutenak. Hurbildu dira niregana eta egindakoaren larritasunaren kontzientzia hartu dutela uste dut. Barkamena eskatzeko borondatea adierazi didate»
Aipatu duzunez, aurrekariak egon dira, seinalamenduak, mehatxuak. Agian, horiei erantzun irmoago bat eman izan balitzaie eraso hau ez zatekeen gertatuko.
Nik uste dut horrelako gauzak ezin daitezkeela normalizatu. Ez da erraza horri aurre egitea, horrelako gauzak ez daudelako sinatuta; ez dakizu nor dagoen atzean, baina ezin daitezke horrelako gauzak besterik gabe pasatzen utzi. Ze gero horrelako gauzak gertatzeko arriskua dago.
Horri nolabaiteko galga jarri beharko litzaiokeela uste dut, eta eztabaida honetan modu batean edo bestean parte garen guztiok esan beharko genukeela eztabaida hau baldintza jakin batzuetan eman beharko litzakeela, inor seinalatu gabe, posizio desberdinen zilegitasuna aitortuta, eta gutxieneko baldintza batzuen barruan.
Gertatutakoaren berri eman zenuenean, sareetan hau idatzi zenuen: «Trump-en kapitalismo fosilaren aurrean, eskala guztietako berriztagarrien hedapen justu eta ordenatua oinarri duen eraldaketa ekosoziala da alternatiba». Hori berresten duzu?
Noski, inolako zalantzarik gabe. Bazirudien kapitalismoak jada egina zeukala trantsizio berdea egiteko hautua, Europan badaukagu Europako itun berdea eta abar, baina orain AEBko lehendakaritzara Donald Trump itzuli denean ikusi dugu hori ez dagoela bermatuta, eta berriz badagoela inpultso bat inoiz desagertu ez den kapitalismo fosil horretara itzultzeko. Nik horren aurrean esaten dudana da nire hautua energia berriztagarrien hedapen ordenatu eta justu bat dela. Horrek ez du esan nahi ezin daitezkeela beste posizio batzuk egon, eta nik ez diet beste posizio horiei inolako zilegitasunik ukatzen. Esan dezatela zein den beraiek proposatzen duten ibilbide-orria eta eztabaidatu dezagun.
Marko orokorra hori izanda, energiari dagokionez Euskal Herriaren egoera zein da?
Esango nuke oso egoera txarra. Desberdina da EAE eta Nafarroa. Nafarroak azken hogei urteetan ibilbide garrantzitsu bat egin du energia berriztagarrien hedapenean, eta gaur da eguna zeinean Nafarroan kontsumitzen den energia elektrikoaren %90 lurraldean bertan ekoizten den, energia berriztagarriak erabilita. EAEren kasuan, aldiz, azken hogei urteetan ez dugu ezer egin, eta lurraldean kokatuta dauden berriztagarriekin, kontsumitzen dugun energia elektrikoaren %6 soilik ekoizten da. Nagusiki EAEn ibilbide luzea daukagu oraindik egiteko.
Herri hau energia nuklearraren aurka borrokatu da, erregai fosilak ezabatu behar dira derrigorrez... berriztagarriak dira alternatiba bakarra?
Niri ez zait besterik okurritzen. Ikusi behar dena eta eztabaidatu behar duguna da nola egin hedapen hori, izan dadin ordenatua, izan dadin orekatua eta izan dadin justua. Ordenatua esaten dudanean, esan nahi dut lurralde plangintza bat behar dela, ordenatuko duena hedapen hori nola egingo den. Orekatua esaten dudanean esan nahi dut ezin daitekeela lurralde batzuetan ekoizpen osoa kontzentratu eta beste lurralde batzuetan ekoizpenik ez izan. Eskualde bakoitzak energia sortzeko azpiegiturak izan behar ditu, ahal den neurrian bere energia kontsumoari erantzutera datozenak. Eta justua esaten dudanean esan nahi dut trantsizio energetiko hau baliatu behar dela baita ere energiaren sektorean dauden botere harremanak eraldatzeko, eta energiaren sorkuntzaren demokratizazio bat gertatzeko, eta prozesu honen bukaeran energia sorkuntza azpiegiturak, edozein estaturentzat, herrialderentzat, azpiegitura estrategikoak direnak, portzen- taje handiago batean esku publikoetan edo esku komunitarioetan egon daitezen, benetan energia hori behar duten eragileen eskuetan.
«Trantsizio energetiko hau baliatu behar da energiaren sektorean dauden botere harremanak eraldatzeko, eta energiaren sorkuntzaren demokratizazioa gertatzeko»
Eztabaida energetikoak lotura estua du burujabetzarenarekin, beraz.
Bai. Nazioarteko gatazketan ere, adibidez, orain Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkan, energia azpiegiturak helburu estrategikoak dira. Horrek esan nahi du estatu baten garapenaren ikuspegitik azpiegitura hauek izaera estrategikoa daukatela. Eta energia arloan kanpoarekiko dependentzia handia izatea zaurgarritasun elementu garrantzitsu bat da. Orain ikusi dugu itzalaldiaren auzi honekin ere ze zaurgarriak garen sistema elektrikoak edo energetikoak huts egiten duenean.
Eztabaida hauen harira, zenbait ahotsek diote berriztagarrien hedapen masiboak gizartearen interesei baino krisian dagoen sektore bateko enpresa handienei erantzuten diola. Badu egiatik baieztapen horrek?
Energia enpresek dirua irabaztea daukate helburu bezala; tira, energia enpresek, kotxeak ekoizten dituzten enpresek, arropak egiten dituztenek eta denek. Hori horrela da eta hor dago. Baina, beste alde batetik, gu gara energia hori behar dugunak. Datuak hor daude, esan bezala, EAEn berriztagarriekin soilik ekoizten dugu kontsumitzen dugun energia elektrikoaren %6; gainontzekoa gasaren bitartez ekoizten da eta beste zati oso handi bat kanpotik ekartzen dugu. Enpresa horiek interes bat daukate, baina guk energia hori behar dugu.
Orduan, hor badago espazio gris bat zeinean niretzat helburua izan beharko litzatekeen azpiegitura horien jabetza ez izatea soilik energia-enpresa horiena, jabetzan egon dadila eskema partekatuago bat. Instituzio publikoek izan dezatela zati bat, industriak beste bat, eta baita herritarrek eurek ere, azpiegitura horiek sortutako energia irits dadin inguruko herritarrengana. Horrelako ereduak posible dira. Trantsizio energetikorako legeak behartzen ditu enpresa hauek jabetzaren %20 tokiko eragileen eskuetan uztera. Mekanismo horiek probestu behar dira.
Desazkundearen gaia ere mahai gainean dago. Eztabaida pertinentea da, baina edonola ere, herri hau herri industriala izatekotan energia kontsumoak handia izaten jarraituko du, ezta?
Hori da kontua. Energia kontsumoa, eta ez bakarrik energia kontsumoa, materialena, baliabide naturalen kontsumoa murriztu behar dugu; Hegoalde globaleko herrialdeek garapen minimo bat lortu eta denok planetaren muga biofisikoen barruan kokatu behar badugu, Ipar globaleko herrialdeek badugu ardura berezi bat, kontsumoak arrazionalizatzen. Baina, hori esanda, gaur egungo egitura sozioekonomikoari eta horrek bide ematen dion ongizate estatuaren ardatz nagusiei, eta ari naiz osasungintza publikoaz, hezkuntzaz, pentsioez, horri guztiari eutsi nahi badiogu, egitura sozioekonomikoak energia kontsumo handia behar izaten jarraituko du. Kontua da nondik atera behar dugun energia hori guztia.
«Hemen nolabait faltan botatzen da lehenagotik epe luzerako ibilbide-orri bat, eta ibilbide-orri hori garatu ahal izateko tresnak prest izatea»
Plangintza bat behar dela aipatu duzu. Energiaren esparruan herri ikuspegi baten edo herri plangintza baten falta sumatzen duzu?
Bai, eta gu zatituta gaude herri bezala. Hego Euskal Herria bi eremu administratibo desberdinetan, eta esango nuke gaur egungo agertoki hau ez dela denboraz aurreikusi, behintzat EAEn. Planifikaziorako tresnak garatzeak denbora bat eskatzen du, eta tresna horiek parte hartze maila batekin garatzea nahi badugu, ba oraindik denbora gehiago, eta iritsi gara berriztagarriak desplegatzeko momentu batera lan hori eginda izan gabe. Hemen nolabait faltan botatzen da lehenagotik epe luzerako ibilbide-orri bat, eta ibilbide-orri hori garatu ahal izateko tresnak prest izatea.
Eztabaida hau garraztu egin dela esan duzu. Zergatik gertatu da hori? Zer egin daiteke horri buelta emateko?
Zergatik garraztu den ez nuke jakingo esaten. Inork ez ditu horrelako azpiegiturak bere etxe ondoan nahi; aukeran nik ere ez ditut nahi. Eraiki da nolabaiteko errelato bat azpiegitura hauen inpaktu negatiboetan jarri duena azpimarra, hauek dituzten onurak balioan jarri gabe. Eta, gainera, horrelako azpiegiturak sustatzen energia enpresa handiak egoteak eta tokiko komunitateen ahotsa kontuan ez hartzeak ez du laguntzen. Horrek guztiak sortu du horrelako giro bat momentuz ez duguna termino eraikitzaile batzuetara bideratzen jakin. Oraindik garaiz gaude, ze hau geratzeko etorri da, eztabaida hau ez dugu egun batetik bestera ebatziko, eta, esan bezala, gutxienez gertatu denak balio dezala eztabaida beste parametro batzuetara eramateko.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
