
Patagoniako ohiko denboraldia hasten denean, El Chalten (Argentina) aterpe bihurtzen da ehunka eskalatzailerentzat. Azken urteotan, hiriburu hori asko aldatu da, eta, horregatik, badira eskalatzaile batzuk egun bizi duen masifikazio (?) horretatik ihes egiten dutenak eta Patagoniako beste alderdi batzuetara joaten direnak.
Neurri batean hori gertatu zaio Julen Berruekori. Eskalatzaile gasteiztarrak Cerro Chalteneko eta Cerro Torreko mendiguneetako orratz erakargarrien aldeko apustua egin ordez, Txileko hormak aukeratu zituen: «Ez dut arazorik El Chaltenera joateko eta hango erpinetan eskalatzeko. Baina nahiago izan dut denboraldia Txileko murruetan egin, besteak beste, eskalatzaile gutxiagorekin topo egiten duzulako eta beste xarma bat duelako. Halere, esan behar dut El Chaltenera joateko gogoa nuela, baina Paineko Dorreetan bide bat eskalatzeko proposamena egin zidaten. Oro har, bete-beteko denboraldia izan dut. Jakina, Patagonian maiz gertatzen den bezala, klimak agindu du».
Txileko Patagonian egin dituen jarduerak ikusita, Berruekok “bizkar-zakua” hainbat eskaladarekin betetzeko aukera izan du. Patagoniako beste hiriburua, Puerto Natales, izan du kanpaleku. Arabarra prest zegoen mugimenduan jartzeko. Eta lehenbiziko bidaia Fortaleza mendira egin zuen. Bi sokakiderekin bide bat zabaltzen saiatu zen, baina eguraldiak atzera egitera behartu zituen.
Lehen urratsak, beraz, ez zuen emaitza onik izan. Alabaina, denboraldia luzea denez, eskalatzaile gaztea ez zegoen amore emateko prest. Bigarren geldialdia Valle del Silencio ibarrean izan zuen. Bi eguneko eskaladan, denera, 2.000 metro igo zituen. Atseden pixka bat hartu eta bidaia bereziarekin jarraitu zuen. Nicole Belmar txiletarrarekin soka gerrira lotu eta oso igoera gutxi dituen Cuerno Estera abiatu zen. “Vacaciones metamorficas” izan zen bikote horrek aukeratutako eta eskalatutako ibilbidea.

Denboraldia amaitzeko, berriz, Berruekok, ezustean, jarduera azpimarragarri bat egin zuen; ezustean, hain zuzen, bere asmoen artean ez zegoelako. Puerto Natalesen zela, Ruben Perez Ino errioxarrak sona handia duen bide bat errepikatzea proposatu zion: Paineko Erdiko Dorrean dagoen “Riders on the storm”. Edozein eskalatzailerentzat oso ezaguna eta mitikoa da. Boskote aleman baten obra izan zen: Peter Dietrich, Bern Arnold, Norbert Baezt, Wolfgang Gullich eta Kurt Albert. 1991. urtea zen. Talde horren asmoa, bidea zabaltzeaz gain, era askean igotzea zen. Azken xede hori ezin izan zuten biribildu. Ondorengo belaunaldiak saiatu ziren “Riders on the storm”-i puntu gorria jartzen baina, aurrekoek bezala, helburu hori lortzeke utzi zuten. Iaz, berriz, “izar” horrek lehen igoera askea jaso zuen. Drew Smith, Siebe Vanhee, Sean Villanueva eta Nico Favresse izan ziren protagonistak.
Alde guztietatik begiratuta, ibilbide hori erabat erakargarria da, eta arabarra bera iritzi berekoa da: «Horma horretan ‘Hegoafrikarra’ iaz eskalatu nuenean, ‘Riders’ aldamenean nuen. Tentea eta oso gogorra ikusten zen, baita oso estetikoa ere. Ino eta biok sartzeko ‘ausardia’ izan genuen. Zoritxarrez, eguraldiak ez zigun lagundu. Hasieran pixka bat bai, eta hori aprobetxatuta lehen kanpalekua 600 metrora antolatu genuen. Nire sokakideak etxera itzuli behar zuenez, behin betiko saialdiari ekin genion. Hotz handia egin zigunez, era askean eskalatzea ia debekatuta zegoen. Hortaz, eskalada ia gehiena artifizialean egin genuen».
Hala eta guztiz ere, aurrera jarraitzeko aukera izan zuten, eta 26. luzean beste kanpalekua prestatu zuten. Nolabaiteko leiho txiki bat aprobetxatuta, errioxarra eta arabarra, “Riders” eskalatu, eta gailurrera iritsi ziren. Jaitsierak, aldiz, bestelako aurpegia erakutsi zien. Haize bortitzak, hotza… denetarik izan zuten. Horrek azken hamakan egun batzuk itxita egotera behartu zituen. Denboralea lasaitu zenean, bi eskalatzaileok jaitsieran jarraitu zuten eta hormaren oinarrira onik heldu ziren.
Hausnarketak
Era horretan amaitu zen euskal eskalatzaileak Txileko Patagonian egin zuen egonaldia. Azken eskalada horren inguruan, Berruekok bestelako azalpenak eman nahi izan ditu: «Ni ez nago hemen ezer saltzeko. ‘Riders’ era askean igo da, eta guk tarte asko artifizialean egin genituen. Bai, baldintza oso kaskarrak izan genituen, baina ez dugu inolako ekarpenik egin. Nik bestelako kontakizuna egin nahi dut; izan ere, ez naiz profesionala eta ez dut jarduera zehatz bat saldu beharrik. Ino eskalada horren berri ematen hasi zen. Ondoren, hedabideak nirekin harremanetan jarri ziren, eta betiko galderak egin zizkidaten. Ni mendira joaten naizenean beste ikuspuntu bat azaltzen saiatzen naiz: bizipena. Argitalpenekin nire asmoa mendizaletasuna sustatzea da. Kontakizun horiek niretzat eta nire lagunentzat gordetzen ditut. Eta egungo egoera birplanteatzera edo hausnartzera eramaten nau».

Zeri ematen zaio balioa? Galdera hori argitzen behin baino gehiagotan saiatzen da Berrueko. Gasteiztarraren aburuz, hainbat balio atzean uzten ari dira eta egun irudiak eta merkantilizazioa nagusitzen ari dira: «Mundu hau ezagutzen ez duen jendeak artikuluak irakurtzen dituenean, ez da jabetzen bizi dugunaz. Nahiz eta ez den samurra, saiatzen naiz egoerak azaltzen eta hausnartzen. Zenbakiez eta letrez haratago kokatzen dut neure burua. Izan ere, hori oso abstraktua da. Horretan murgiltzen bagara, gure jarduerekin ohituta ez dagoenak ez du ezer ulertuko. Iruditik irten eta bizipen hori transmititzea da nire asmoa. Ondo dago profesionalek egiten dutena, baina nik beste kontzientzia bat dut; eta hori ordaintzen ari naiz. Ondo legoke eskalada hori saltzea, baina mezu ezberdin batekin».
Berruekok bizipenak kontatzeari garrantzia ematen dio, baina batzuetan, beroan, ez omen da ohartzen hainbat azalpenen inguruan aipatzen duena. Horietako bat da “Riders”-eko jaitsiera gogorra. Epikarekin oso lotuta egon dena: «Arrazoi osoa duzu; badirudi epika kontu hori saldu dugula. Eta ez zait gustatzen. Hormatik jaitsi ginenean, konturatu gabe, hori kontatu eta irudi hori eman genuen. Denborarekin, azalpen horien inguruan hausnartu dut eta orain ez nuke gauza bera aipatuko. Arestian esan dudan bezala, ez dut ezer saltzeko beharrik. Profesionalei hori asko gertatzen zaie, baina badira hortik kanpo daudenak. Adibidez, Sean Villanuevarekin asko identifikatzen naiz. Profesionala da, baina bizitzen duena beste modu batera transmititzen du. Lorpen baten muina helaraztea da ederrena. Eta, jakina, esperientzia hori partekatzea».
Amaitzeko, gasteiztarrari galdetu diogu nolabaiteko sentipena dugula Txileko Patagonian egin duen bidaiak barne-barnekoa den kutsua duela. Berruekok erantzun du bidaia hori duela pare bat urte hasi zela: «Hain zuzen ere, Amaiaren (Agirre) heriotzarekin. Bikotekide nuen eta Ikerrekin (Bilbao) Cerro Chaltenen (Fitz Roy) izan zuen istripua... Iñaki Mendizabal kidearekin iaz bidaia zoragarria egin nuen, eta aurtengoa Txileko Patagonian kokatu dut. Egun, ez naiz bide edo horma batean zentratzen, baizik eta eskalada zehatz batean bizitzen dudan egoera horrekin».

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
