NAIZ

Kanpaldia abiatu dute Elizondon Aroztegiko auzipetuendako absoluzioa eskatzeko

Igande honetatik heldu den larunbatera arte, kanpaldia eginen du Aroztegiko Elkartasun Komiteak Elizondoko plazan, ekintza eta elkartasun keinuz betea, maiatzaren 19tik 23ra Nafarroako Auzitegian epaituko dituzten zazpi baztandarrendako absoluzioa eskatzeko, «desobedientzia zibila ez baita delitua».

Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi dute Elizondoko plazan, heldu den larunbatera arte.
Aroztegiko auzipetuen absoluzioa eskatzeko kanpaldia hasi dute Elizondoko plazan, heldu den larunbatera arte. (Iñigo URIZ | FOKU)

Aroztegiko auzipetuen epaiketa artio eginen duten kanpainaren berri eman du igande honetan Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Kanpaldia abiatu dute Elizondoko plazan, euritan baina kementsu. Larunbatera arte hainbat ekintza eginen dituzte bertan. Gainera, epaiketaren astean, maiatzaren 19tik 23ra, egunero Nafarroako Auzitegiaren parean egonen dira, epaituko dituzten zazpi baztandarrei babesa adierazten.

2021eko udaberrian, zazpi lagun hauek, bertze dozenaka herritarrekin batera, Aroztegiko proiektuaren kontra egindako kanpaldian parte hartu zuten. Horregatik epaituko dituzte.

«Ingurua suntsitzea helburu zuen obra hura denen artean gelditu genuen, eta berriki erran dugun bezala, guk ere akanpatu genuen!», azpimarratu dute Elkartasun Komitekoek.

«Behin eta berriz inposatua»

Oroitarazi nahi izan dute Aroztegikoa herritarren borondatearen kontra «behin eta berriz inposatu» nahi izan zaien proiektua dela. Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute: «Palacio de Arozteguia S.M.-ri legez kontrako proiektu eta ekintza guziak onartu dizkion bitartean, herritarrak babesik gabe utzi gaitu. Proiektua UGEP-aren bidez onartu eta enpresari herri lurrak zein nekazal lur pribatuak oparitu zizkion, Baztango entitate zein herritarrei erabakitzeko eskumena ebatsiz».

Azaldu dutenez, «egoera honen aitzinean, herria behartua izan da bere burua defendatzera desobedientzia zibila praktikan jarriz». Eta orain, «lurraren defentsan egindako ekintza demokratiko batengatik zigortu nahi dituzte: denera 20 urteko kartzela zigorra eta 43 milioi euroko indemnizazio eskaera zazpi lagunen gain paratu nahi dute», adierazi dute.

Derrigortze eta bortxa delituen akusazioarekin batera, talde kriminal bat osatzea leporatzen diete.

«Herri oso baten kontra»

Aroztegiko Elkartasun Komiteak argi utzi nahi du zigor hori ez dela zazpi herritarren kontra bakarrik, «herri oso baten kontra» baizik. «Zigor eskaera hau gauzatzen bada, Euskal Herri osorako alimaleko aurrekaria ekarriko luke, herri mugimendu guzien erabateko kriminalizazioari ateak irekiz», ohartarazi dute.

«Tamaina honetako erasoak, tamaina bereko erantzuna eskatzen duelako», baztandar zein euskal herritar guziak deitu dituzte ondoko asteetan antolatu dituzten mobilizazio eta ekintzetan parte hartzera eta elkartasuna adieraztera.

Igande honetan hasita, eta heldu den larunbata artio, kanpaldi bat eginen dute Elizondoko plazan.

Egitarau betea

Astelehen goizean plaza apaintzeko asmoa dute. 13.30ean bazkaria eginen dute, 17.00etan kotxe karabana Baztanen barna eta 19.00etan Erdiz Bizirik-en, nekazarien eta Basaburua kuartelekoen elkartasun keinua. 21.00etan afaria izanen da eta ondotik bertso saioa.

Astearte goizean, herriak apainduko dituzte. Bazkaldu eta panel margotzea izanen da 17.00etan. 19.00etan, berriz, Batzar Nagusiaren eta Erberearen elkartasun keinua. Afaria eginen dute gero eta triki panderoak girotuko du mahai ingurua.

Asteazken goizean, martxa eginen dute Aroztegira. Bazkaria, Kinbonbo kalejira eta Lekarozko herriaren elkartasun keinua izanen dira gero. 20.00etan Baztango Mindeitzea eta 21.00etan afaria. Afalondoan, zirko kabaretaz gozatuko dute.

Ortzegun goizean, N-121-A errepidea apainduko dute. Bazkaldu eta bolei txapelketa jokatuko dute. Egun honetako elkartasun keinua Meta, Baztanen Bizi Nahi dugu eta Elizondoko kuartelarena izanen da. Afalondotik, Madame Birrotsek joko du.

Solasaldiarekin hasiko da ortziralea. Bazkaldu, eta bizikleta martxa abiatuko da Elizondotik. Elkartasun keinua Emakumeen Mundu Martxak eta Baztangoiza kuartelak eginen dute. Afaldu eta gero, triki eta panderoarekin dantzatuko dira.

Larunbatean, azkenik, akanpada bilduko dute goizean eta eguerdian elkarretaratzea eginen dute.

Egunero, Auzitegiaren parean

Epaiketaren astean, egunero Nafarroako Auzitegiaren parean egonen da Aroztegiko Elkartasun Komitea auzipetuei babesa adierazten.

Hori guztia zazpi auziperatuendako absoluzioa eskatzeko eginen dute, «desobedientzia zibila ez baita delitua».