NAIZ

‘Pilotari ttikiek’ Bidart hartu dute, «jokatzeko grinez eta lagunak eginez»

Zesta-puntaren erreinu bilakatu da asteburu honetan Bidart, ‘Pilotari ttiki’ hitzordu tradizionalean beste mugarri bat jarrita. 26 zesta-eskolako 258 puntista (7 eta 13 urte bitartekoak) bertaratu dira Lapurdiko herri honetara, kirolaz gozatu eta elkarren artean saretu asmoz.

Kiniela formatuan jokatu dute txapelketa, larunbat eta igandean.
Kiniela formatuan jokatu dute txapelketa, larunbat eta igandean. (Guillaume FAUVEAU)

Bidarteko ‘Pilotari ttiki’ hitzorduak sona handia dauka eta urtez urteko hazkundea nabari da. Euskal Herriko txoko ezberdinetako zesta-eskolek bat egiten dute Kostakoak klubak antolatutako hitzorduan eta jardunaldi ederra bezain oparoa izaten da gazteenentzat. Aurten, bere 26. edizioan, 26 zesta eskolako ordezkariak egon dira bertan, ehundaka puntista (7 eta 13 urte bitartekoak), zesta-puntaz gozatu eta hazten jarraitzeko kemenaz. Guztira, 258 gaztetxok egin dute bat bertan.

Hazten segitzeko asmo horretan, profesionalek ere jarri dute beraien aletxoa. Aritz Erkiaga, Ludovic Laduche edo Thibault Basque bidartarra –Donibane Lohizuneko Grand Slameko irabazlea, Urreistirekin batera– egon dira bertan, gazteenen zirrara eta gozamenerako.

258 puntista elkartu dira Bidarten asteburu honetan. (Guillaume FAUVEAU)

Larunbatean goizeko 9.00etan hasi eta igande honetan arratsaldeko 19.00etan jokatu da azken finala. Orotara, 129 talde lehiatu dira. Dena ez dira izan norgehiagokak; tartean, zesta-eskola ezberdinen aurkezpena ere egin baitzuten, desfile estiloan, hauen lana goraipatu asmoz. Bermeo eta Lille-ko klubak izan dira berritasuna Bidarteko pilotalekuan.

Hogei urteren geldiunearen ostean, Bermeoko eskolak berriro ere ateak ireki zituen pasa den urtean eta bertako puntistak bertso batekin aurkeztu ziren ‘Pilotari ttiki’ topagunean, jendearen txalo zaparrada irabazteraino.

«Pelotari txiki, danontzako toki
zesta puntaren plaza eta agertoki.
Bermeo aldetik, ilusioz beterik,
itzuli gara pozik, erronka izanik.
Eskola berria, badu oinarria,
Munduko txapeldunen garra ta loria.
Ezina ekinez, gehiago izanez,
pausua sendo emonez, etorko garenez.
Eskola berria, badu oinarria,
Munduko txapeldunen garra ta loria!
Jokatzeko grinez, lagunak eginez,
hemen elkartuko gara beste urte batez»

(Hitzak Aiert Iruskieta Egigurenen eskutik; doinua, ‘Arrosako zolan’).

Lehiatu bai baina jendea ezagutzeko topaketa ere izan da, 26 zesta eskolako ordezkarien artean. (Guillaume FAUVEAU)