
Astelehen honetan 60. Behobia – Donostia lasterketaren izen-emate orokorra eta BSS 50/50/25 proiektuaren inguruko aurkezpena egin da Donostiako udaletxean. Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Iñigo Etxeberria Behobia – Donostia lasterketaren koordinatzaileak zuzendu dute aipatu aurkezpena.
Duela zazpi urte, Behobia – Donostia lasterketak erronka handi bat ezarri zuen: BSS 50/50/25 proiektua. Konpromiso bat hartu zen genero berdintasunaren alde kirolean, 2025 urtean lasterketako partaideen erdia emakumeak izan zitezen.
Aurtengo izen-emate epe orokorra asteazken honetan, hilaren 7an zabalduko da, eta Fortuna Klubak, Lakuarekin eta Donostiako Udalarekin batera, deialdi berezia egin die emakumeei aurtengo lasterketan parte hartu dezaten eta, hala, 2025 urterako ezarritako 50-50 helburu parekide horretara gerturatzeko, ‘Egin dezagun posible’ lelopean.
Ibone Bengoetxea lehendakariordearen hitzetan, «kirola gizarte eraldaketarako tresna dela eta BSS 50/50/25 proiektua horren isla» da. «Proiektu honek badu zerbait berezia: gizartetik sortua izan da, gizartearentzat. Erakundeon lana proiektu hauek laguntzea eta bultzatzea da. Horregatik, gaur, emakumeak animatzen ditugu pauso bat aurrera ematera eta proiektu honen azken kilometroetara batzera. Izan ere, aurten iritsiko gara ezarritako helmugara. Baina, aldaketa sozial honek ez du mugarik. Bidea markatu dugu eta, orain, eraikitako bideari jarraipena eman behar diogu, bideari eutsi behar diogu», gaineratu du.
«Belaunaldi berri bat»
Bestalde, Iñigo Etxeberria lasterketaren kordinatzailearen iritziz, emakumeen «belaunaldi berri baten parte hartzean» igoera handia omen dago eta horrek «poz handia» ematen die. «Lasterketan emakumeen belaunaldi berri eta indartsu bat agertu zaigu, 20-30 urte bitarteko adin tartean, eta dagoeneko %40ko partaidetza-langa gainditu dute azken edizioetan», zehaztu du.
Etxeberriaren adierazpen horien harira, Bengoetxea lehendakariordeak «aldaketa ematen ari dela» azpimarratu du. «Egindako bidearen emaitzak ikusten ari gara orain. Eta, hau, azken urteetan belaunaldi berrientzat erreferente gisa jardun diren emakumeei esker da», baieztatu du.
Era berean, Ibone Etxeberriak gogorarazi du BSS 50/50/25 proiektua aurkeztu zutenean bazekitela «epea motza zela, baina honela adierazi nahi genuen normaltasun eza. Garbi dago mugak ez direla fisikoak, gizarte eta ohitura mailakoak baizik. Aurten, enfasi berezia jarri nahi izan dugu proiektuan, Behobia – Donostia parekide horretara iritsi ahal izateko».
Horrez gain, BIZIKI korrikalari taldeko koordinatzaile Susana Ruizek aurten ilusio berezia sentitzen dela azpimarratu du. «50/50 helburua lortzeko motibazio berezia dago aurten. Gaur egun 11 entrenamendu talde ditugu martxan BIZIKIn. Talde mistoak badira ere, gehienak emakumeak dira, adin eta maila guztietakoak. Saio bakoitza pertsona bakoitzaren helburuetara egokitzen dugu, eta, talde integratuak direnez, guztion arteko motibazioak aurrera egiten laguntzen du. Emakume guztiak Behobia-Donostia lasterketan izena ematera animatzen ditugu; aurten ez ezik, urtero egitera ere», adierazi du.
Donostiako Alkateak, Eneko Goiak, Behobia – Donostiaren lana ere balioetsi du. Ez bakarrik «kirol balioen transmisore» gisa, baizik eta baita hiriaren ekitaldi garrantzitsuenetako batean helburu parekide hori lortzeko erreferente gisa ere.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz
