Abiadura handiko plataforma berri baten eraikuntza proiektuen aurrean, Miranda eta Iruñea arteko egungo trenbide korridorea modernitzatzea proposatzen duen alternatibaren aldeko kanpaina abiatu du EH Bilduk Arabako Añanako Kuadrillan, Arabako Lautadan eta Sakanan.
Eskualde hauetako EH Bilduko udal ordezkariek aurkeztu dute astelehen honetan eta, adierazi dutenez, «gaur egungo erronkei modu erabilgarrian, jasangarrian, azkarrean eta errentagarrian erantzuteko aukera egokia eta zentzuzkoa» delako abiatu dute. Horrela, korridore bakar batean hiru zerbitzu eskainiko lituzke, bidaiarientzako aldiriko trena, zerbitzu azkarra eta merkantziak.
«Azken hilabeteotan Abiadura Handiko Trenak gure eskualdeak nondik eta nola zeharkatuko dituen izaten ari da eztabaida politikoaren argazki nagusietariko bat. Balizko lotuneak aipatzen dira eta ibilbideak marrazten dira baina eztabaida horretan tokian tokiko erakundeak eta eragileak ez dira kontuan hartu, ezta garraioaren eta mugikortasunaren ereduari dagozkion gainerako aldagai guztiak ere. Dirudienez, Abiadura Handiko Trena da alternatiba bakarra. Guk, aldiz, argi dugu. Alternatiba egon badago», adierazi dute Aitor Larraza Sakanako Mankomunitateko lehendakariak eta Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak.
EH Bilduk defendatzen duenez, alternatiba honek herriak eta hiriak lotzen ditu eta industria guneei zerbitzua ematen die. Gainera, ez ditu orbain berriak sortzen eta bikoizketak saihesten ditu. Bestalde, abiadura handiko plataforma berri baten eta gaur egungo trenbidea modernizatzearen arteko aldea minutu gutxikoa da eta Miranda eta Iruñea arteko kostua %45 murrizten da.
«Gure eskualdeetako beharrei erantzuteko jendeari zerbitzua emanen dion tren erabilgarria behar da, herriak eta hiriak lotuz eta industrialdeei zerbitzua emanez», zehaztu dute. «Finean, egungo korridorea modernizatzeak denbora lehiakorrean hiriburuak elkartzeaz gain, tokian toki geralekuak eta geltoki berrituak izango dituen tren publiko eta soziala izatea ahalbidetzen du.
Azaldu dutenez, ekimen instituzionalak egingo dituzte datozen hilabeteotan eta alternatiba aztertzea eskatuko diote Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerio espainolari, egungo mugikortasun eta garraio beharrei «modu eraginkorrean erantzuteko tresna moduan».

EHU cerrará el Campus de Araba el próximo lunes ante el anuncio de un acto de Vox

«Tres mujeres tocando punk en los noventa ya era una declaración»

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

La muerte de Kerman Villate, un crimen «despreciable» y un proceso judicial «atroz»
