NAIZ

Julen Aginagalde Poloniako selekzioaren hautatzailearen laguntzaile izango da

Bidasoa-Irun taldearen kirol-zuzendari karguarekin uztartuko du zeregin berria irundarrak, jaso baitu horretarako bere klubaren babesa eta baimena. Bestalde, Mikel Zabala jokalariak Irungo taldea lagako du denboraldia amaitutakoan zazpi urteren ostean, eskubaloia lagako baitu.

Julen Aginagaldek zeregin ezberdinak izango ditu hemendik aurrera.
Julen Aginagaldek zeregin ezberdinak izango ditu hemendik aurrera. (Jon URBE | FOKU)

Julen Aginagalde, Bidasoa-Irun taldearen egungo kirol zuzendaria, Poloniako selezioko hautatzailearen laguntzaile berria izango da, Irungo klubak eta Poloniako Eskubaloi Federazioak astelehen honetan baieztatu dutenez.

Aginagaldek kargu berria eta Bidasoako kirol-zuzendari lanak uztartuko ditu, hala ere. Bidasoa-Irunek jakinarazi du Aginagaldek klubaren kirol-zuzendari izaten jarraituko duela, «dedikazio eta konpromiso osoz».

Horrez gain, Irungo klubak honako hau gaineratu du. «Zorionak Juleni etapa berri honengatik, eta gure babesa adierazten diogu bere funtzioen bateragarritasunari, poloniarra bezalako lehen mailako selekzio baten talde teknikoan parte hartzeak gure klubean egiten duen lana ere aberastuko duela sinetsita gaude-eta».

Zabalaren agurra

Horrez gain, Mikel Zabala jokalariak ez du Bidasoa-Irunek azpi denboralditan lehen taldeko elastikoa defendatu ondoren, denboraldi honen bukaeran amaiera emango dio jokalari gisa bere ibilbideari, 27 urterekin eskubaloia lagatzea erabaki baitu.

«Taldea lagatzea erabaki dut. Denbora luzez pentsatu ondoren, aspaldian sentitzen dut beste bide ezberdin bat hartzeko grina, eskubaloitik urrun» adierazi du Zabalak agurreko komunikatuan. «Bidasoa ez da erdizka egoteko taldea. Horregatik, klubarekin eta bereziki taldekideekin zintzo jokatzeko beharra sentitzen nuen, eskatu baino gehiago eman didatelako beti», gineratu du 1998ko apirilaren 23an Eibarren sortutako ezker hegalekoak.

Zabalak eskerrak eman dizkie Bidasoan izan dituen urte guztie, 2018an talde horiarekin debuta egin zuenez geroztik. «Esker hitzak besterik ez ditut zuzendaritza, gorputz tekniko, fisio, mediku eta, batez ere, edukitako taldekideekin. Zorte handia izan dut aldagela barruan eduki dudan inguru sanoarekin. Betirako lagunak eramaten ditut», amaitu du.

Klubetik «bihotz-bihotzez eskertu» nahi izan dizkio jokalari eibartarrari «zazpi denboraldi hauetan taldeari eman dion guztiagatik. Profesionaltasunaren eta kolore hauenganako maitasunaren adibide izan da, eta beti izango da gure historiaren parte», azpimarratu du klubak bere oharrean.

Anne Erauskin

Aldiz, Super Amara Bera Bera taldeak Anne Erauskin hegalekoaren kontratua luzatu du. Ermuako jokalariak denboraldi amaieran amaitzen zuen kontratua, baina luzatzen honi esker, 2027ra arte Donostiako taldearen elastikoarekin jarraituko du eta gutxienez bost urte egingo ditu bizkaitarrak talde donostiarrarekin.