Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Katie Lambek historia egin du boulderrean, 8c+ maila gainditzen lehen emakumezkoa

27 urteko eskalatzaile estatubatuarra 8c+ maila egiten lehen emakumezkoa bihurtu da. Aurretik maila bereko beste bloke bat, ‘Box Therapy’, egina zuen, baina denboraren poderioz maila bat jaitsi zioten.

Katie Lamb artxiboko irudi batean; 8c+ maila egiten munduko lehen neska bihurtu da.
Katie Lamb artxiboko irudi batean; 8c+ maila egiten munduko lehen neska bihurtu da. (@ktlambies)

Joan den hilabetearen azken egunean, Katie Lamb estatubatuarrak lortutako arrakastak ez du inor ezustean harrapatu. Yosemiteko Camp 4 eremu entzutetsuan dagoen ‘The Dark Side’ blokea (8c+) sinatu zuen. Maila hori egiten munduko lehen emakumezkoa da. Hortaz, historia egin du.

Bai, jarduera handi horrek ez du inor ezustean harrapatu; izan ere, duela hiru urte zailtasun bereko beste boulder bat, ‘Box Therapy’, sinatu zuen. Daniel Woods, Drew Ruana eta Sean Bailey espezialisten igoeren ondoren, Lambena iritsi zen. laugarrena. Oihartzun itzela izan zuen eskalada horrek. Gainera, aipatu ditugun igotzaile guztiak bat etorri ziren ‘Box Therapyk’ zuen mailarekin: 8c+. Baina hilabete batzuk beranduago, Brooke Raboutouk eta haren anaia Shawnek bloke hori errepikatu zuten, eta proposatu ere ‘Box Therapyren’ maila 8c zela. Iritzi horrekin Woodsek bat egin zuen eta zailtasun horretan geratu zen.

Adierazpen horiek zalaparta sortu zuten. Batzuek Raboutouren eta Lamben arteko lehia indartu zuten; beste, batzuek, aldiz, zioten Lambek helburu «errazak» aukeratzen zituela. Komentario horiek estatubatuarra haserretu zuten: «Beste batzuek sortutako drama bat zirudien. Baztertuta bezala sentitu nintzen, eta narratiba hori ez nuen espero. Saiatu nintzen perspektiba ez galtzen, eta konturatu nintzen besteen iritzia eta nirea oso ezberdinak zirela».

Bi urte igaro dira zalaparta hori sortu zenetik. Joan den apirilaren 30ean, berriz, 27 urteko eskalatzaileak «kritika» guztiak isili zituen ‘The Dark Side’ sinatu eta gero. Gainera, arrakasta hori lortzeko ez du bloke «samur» bat aukeratu. Ez, Yosemiteko Camp 4 eremu entzutetsuan dagoen bloke hori oso teknikoa eta zorrotza da.

«Jakin-mina»

Carlo Traversi izan zen 2023an boulder hori igo zuen lehen eskalatzailea. Lambek iazko neguan hasi zen probatzen. Hor hasi zen ‘The Dark Siden’ egin zuen prozesua. Aurreratu behar dugu ere, azken urte honetan munduko espezialista batzuk saiatu direla bloke hori sinatzen. Baina orain arte soilik Aidan Robertsek, Keenan Takahashik eta Lambek errepikatzeko aukera izan dute. Denek ala denek diote 8c+ sendoa dela.

Estatubatuarrak bere sare sozialetan esan du hasieran ez zuela itxaropen handirik: «Nire mailarako ezinezkoa zirudien, baina jakin-minagatik ekinaldi batzuk egitera ausartu nintzen. Sentitu nuen asko ikasi behar nuela, eta argi nuen ere prozesu luzea izango zela. Helburu horrek harrapatu zidan, eta oso gustura nengoen hainbat egunetan egiten ari nintzen aurrerapenekin».

Nahiz eta prozesu hori iaz hasi zuen, baiezta daiteke xede hori nahiko azkar biribildu duela. Eta hori diogu hogei eguneko saialdiak behar izan dituelako: «Banekien baldintzek berebiziko garrantzia dutela, eta horiek mugatu duten nire prozesua. Yosemiten egiten duen tenperatura nahiko beroa eta hezea da, eta nik hotza behar nuen kamutsak diren mugimendu teknikoei ondo eusteko. Horregatik hilabete hotzenetan jardun dut».

Iragan otsailean, Lambek ez zuen bere burua sendo ikusi. Prozesuak nolabaiteko etena izan zuen, eta, horregatik, xede hori bertan behera uzteko zorian egon zen. Baina maiz gertatzen den bezala, ekinaldi on bat batek egoera arras aldatu zion: «Amaieratik gertu erori nintzen, eta horrek berriro motibatu zidan. Baina hurrengo saialdiak txarrak izan ziren; mugimendu batzuk egiteko eragozpen itzelak izan nituen». 

Etxera itzuli eta bizkarrean zuen mina sendatzera abitu zen. Osatu ondoren ohartu zen Yosemiten bero egiten (15º) egiten hasi zela. Etsi ordez, mentalitatea aldatu eta berriro itzuli zen. Lehen egunak oso eraginkorrak izan ziren. Prozesuak berriro indar handia hartu zuen, eta, aurreratu dugun bezala, denboraldiaren azken egunetan ‘The Dark Side’ sinatu zuen.

Eskalatzaile estatubatuarrak baieztatu du egundoko ezustea izan zela: «Ez nuen uste egun horietan gai izango nintzenik bloke hori egiteko. Banekien ordura arte probatu nuen proiektu gogorrena zela. Ez nuen nire burua presionatu, eta agian horregatik arrakasta izan nuen. Alabaina, onartu behar dut bai ala bai azken bisita horietan ‘The Dark Side’ errepikatu nahi nuela. Oso harro nago emakumezkoen komunitatean lorpen hori erdietsi dudalako. Jarduera horrekin neska gehiago muturreko mailan inspiratzen baditut arrakasta bikoitza lortu dut. Kanpoko eta barruko perspektibak ondo kudeatzea ez da batere samurra izan, baina uste dut egoera horren orekari eutsi diodala».