Trumpen muga-zergek urrea maximoetara eraman dute
Apirilean, urrearen kotizazioak maximo historikoa markatu du, Trumpen muga-zergek sortutako kezkaren ondorioz. Keinu pare bat aski izan dira prezioa berriro jaisteko. Hala ere, maniobrak arrasto garrantzitsua utzi du dolarraren sinesgarritasunean. Urrearen prezioak kaltea neurtzen jarraituko du

Apirilaren 22ko saioan, urre ontza bakoitzaren prezioa 3.504 dolarrera iritsi zen Londresko merkatuan, urre fisikoaren salerosketarako leku nagusian. Apirilaren 1ean ontza bakoitzeko 3.168 dolar ordaindu behar ziren. Hogei egun eskasean %10 igo zen prezioa.
Arrazoi nagusia, baina ez bakarra, Trumpen administrazioak munduko ia herrialde guztiei ezarritako muga-zerga handiek eragindako ezinegona zen. Ondoren, Pekinen erantzun irmoak, munduko bi ekonomia nagusien arteko merkataritza gerra handia iragartzen zuenak, ezkortasuna areagotu zuen.
Beste batzuetan ez bezala, non ziurgabetasunak dolarraren eta aktibo estatubatuarren kotizazioa indartzen duen –babesleku seguru gisa–, oraingoan ez zen gauza bera gertatu. Dolarrak azkar galdu zuen balioa, eta Washingtonek bere zorra jartzeagatik ordaindu behar zituen interesak izugarri igo ziren. Bat-batean, dolarrak eta bonu estatubatuarrek aterpe seguru izateari utzi zioten. Oraindik munduko erreserba-moneta den dibisa batentzat aldaketa sakona da: espekulatzaileek jada ez dute uste aterpe ona denik.
Dolarren nagusitasuna kolokan
Dolarraren jaitsierak bi ondorio ditu. Lehena da espekulatzaile askok aktiboak saldu eta dirua beste norabait eraman dutela, eta horrek burtsaren beherakada ekarri du. AEBk zailtasunak dituzten beste ekonomia batzuetan gertatu ohi dena jasan du; kapitalak ihes egiten du eta horrek jarduera ekonomikoa are gehiago hondoratzen du. Dena den, AEB ez da eroriko epe motzean; bere ekonomiak indartsu izaten jarraitzen du, baliabide asko ditu –militarrak barne– eta, beharbada, akordio garrantzitsu batzuk lortuko ditu muga-zergak lasaitzearen truke. Baina arrakala bat ireki da.
Laster jakingo da AEBko bonuen jabetza-aldaketaren berri, eta ikusiko da zein herrialdek saldu dituzten aktibo horiek eta zeintzuek ez. Interes-tasaren gorakada handiak salmenta masiboa izan dela pentsatzerazten du, ez bakarrik espekulatzaileena, baita inbertitzaile instituzionalena, pentsio-funtsena, aseguru-etxeena, bankuena eta abarrena ere.
Billete berdeak balioa galdu duenez, beste moneta bat erabiltzen dutenentzat erosketa merke samarra bihurtu da
Bigarren ondorioa da diru hori guztia beste nonbait inbertitzen dela, eta badirudi nagusiki urrean izan dela, segurutzat jotzen den balioa izanik. Gainera, urrearen prezioa dolarretan finkatzen denez, urrea erosteko beste pizgarri bat da. Billete berdeak balioa galdu duenez, beste moneta bat erabiltzen dutenentzat erosketa merke samarra bihurtu da.
Erorketa maximoetatik
Astebete geroago urreak ontza bakoitzeko 3.300 dolarreko balioarekin kotizatzen zuen; hau da, %6 gutxiago. Analistek diotenaren arabera, Donald Trumpek Jerome Powell Erreserba Federaleko presidentea kargutik kentzeko asmorik ez zuela esateak espekulatzaileen jarrera lasaitu zuen.
Bestalde, merkataritza-tentsioak nolabait lasaitu egin diren seinale gisa ulertu dira zenbait erabaki: merkataritza-akordioak negoziatzeko muga-zergak 90 egunez atzeratzea, bai eta, esate baterako, AEBn fabrikatutako automobiletan erabiltzen diren atzerriko piezetan muga-zergek izango duten eragina arintzeko asmoa ere. Horren guztiaren ondorioz, urrearen kotizazioak behera egin du eta, aldi berean, dolarrak balioaren zati bat berreskuratu du.
Muga-zergak ordaindu behar dituzten herrialde askorekin aurrez aurreko eszenatoki batean, urreak babesleku gisa kotizatzen jarraituko du
Hala eta guztiz ere, urrearen prezioa merkataritzako negoziazioan gertatzen diren aurrerapen edo atzerapenen baitan mugituko da aurrerantzean. Muga-zergak ordaindu behar dituzten herrialde askorekin aurrez aurreko eszenatoki batean, urreak babesleku gisa kotizatzen jarraituko du. Akordio orokortuen kasuan, kotizazioak beheranzko bideari jarraituko dio.
Ahaztu gabe, muga-zergek eragina dutela ekonomia errealean. Merkataritzako borrokak AEBko ekonomiaren atzeraldia eragiten badu, urrearen kotizazioa hazi egingo da. Urrearen prezioa Trumpen arrakastaren neurgailu bilakatuko da.

Fermin Muguruzak sua piztu du Erromako gau beroan

«Etxe huts asko egonda, gazteentzat ez badago, zerbait txarto egiten ari gara»

Bi haur dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, komitiba judiziala joan ez den arren

Alertan del cierre de una agencia de viajes en Errenteria que deja «muchos afectados»
