
Langabeziak behera egin du apirilean Hego Euskal Herrian. Astearte honetan jakitera emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 136.302 pertsona daude lanik gabe. Hau da, duela hilabete baino 2.470 gutxiago eta duela urtebete baino 3.492 gutxiago.
Hirugarren hilabetez jarraian egin dute behera datu hauek eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa zein Nafarroan antzeman da joera hau.
Apirilean langabezia % 3,17 murriztu da Nafarroan aurreko hilaren aldean, hau da, 967 langabe gutxiago. Guztira, herrialde honetan, 29.491 langabe zeuden apirilaren amaieran.
Espainiar Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren datuen arabera, aurreko urteko hilabete beraren aldean jaitsiera % 2,48koa izan da, 750 langabe gutxiagorekin. Nafarroako langabetu guztietatik, 11.273 gizonak dira eta 18.218 emakumeak eta 2.734, 25 urtetik beherakoak (1.399 gizonak eta 1.335 emakumeak). Gainerako adinetan, emakumeen kopurua (16.883) gizonezkoena (9.874) baino askoz handiagoa da.
Sektoreka, nekazaritzan 67 langabe gutxiago daude, industrian 110, eraikuntzan 17, zerbitzuetan 729 eta aurretik enplegurik ez zuten pertsonen artean 44.
Langabeen artean 6.919 atzerritar daude; horietatik 557 nekazaritza-sektorekoak dira, 668 industriakoak, 333 eraikuntzakoak, 3.490 zerbitzuetakoak eta 1.871 aurretik lanik ez zutenen taldekoak.
EAEn 1.503 langabe gutxiago izan dira apirilean. Bizkaian izan da jaitsierarik nabarmenena, 1.070 langabe gutxiagorekin. Gipuzkoan 268 gutxiago dira eta Araban, aldiz, 165.
Urte arteko saldoaren bilakaerak erakusten du 2.742 pertsona langabe gutxiago daudela (- % 2,50) iazko apirilaren aldean, eta saldo negatiboa erregistratu da zazpigarren hilabetez jarraian. Honela, iazko apirilarekin konparatuta, 1.621 langabe gutxiago daude Bizkaian, 901 gutxiago Gipuzkoan eta 220 gutxiago Araban.
Esan bezala, martxoan baino 1.503 langabe gutxiagorekin amaitu zen apirila (- % 1,39). Hala ere, Lakuak emandako datuen arabera, 106.811 lan eskatzaile daude.
Gizarte Segurantzako afiliazioa
Martxoarekin alderatuta, Bizkaiak 516.099 kotizatzaile ditu, eta % 0,23ko igoera izan du (1.192 afiliatu gehiago); Gipuzkoak 340.477 langile afiliatu ditu, % 0,28 gehiago, hau da, 943 kotizatzaile gehiago; eta Arabak 168.265 afiliatu, 267 gehiago (+%0,16). Iazko apirileko datuak kontuan hartuta, afiliazioa 7.406 pertsonatan igo da Bizkaian (+%1,46), 2.358tan Gipuzkoan (+%0,70) eta 1.361etan Araban (+%0,82).
Bestalde, apirilaren amaieran, 927 langile zeuden EAEn aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteetan (EEE), martxoa amaitzean baino 135 gehiago; horietatik 703 gizonak dira eta 224 emakumeak.
Nafarroan, berriz Gizarte Segurantzako afiliazioa % 0,70 hazi da apirilean, aurreko hilabetearen aldean; 2.185 afiliatu gehiago daude, guztira 313.192. Aurreko urteko hil beraren aldean, hazkundea % 1,63koa da, 5.018 pertsona gehiago inskribatu baitira, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren datuen arabera. Nafarroako afiliatu guztietatik 266.688 erregimen orokorrekoak dira eta 46.503 autonomoenak.
Lakuak «joera positiboa» nabarmendu du
Lakuaren ustez, «ziurgabetasun globalak gorabehera», Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lan-merkatuak «joera positiboa berresten du sektore guztietan, batez ere urte arteko datuei dagokienez», eta «lehentasunezko» kolektiboetan (gazteak, 45 urtetik gorakoak eta emakumeak) langabeziak behera egin duela nabarmendu du.
Enplegu eta Gizarteratze sailburuorde Alfonso Gurpeguik adierazi du apirilean zazpigarren hilabetez jarraian jaitsi dela langabezia urte arteko tasan, eta errekor berria lortu dela Gizarte Segurantzako afiliazioan. Portaera on hori «neurri batean zerbitzuen sektoreak Aste Santuan izandako gorakadaren ondorio» izan zen.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
