Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Parisen eta Londresen George Orwellek bizitako miseriak, euskaraz

George Orwellek idatzi zuen lehen liburua euskaratu du Rafa Santxiz-Muxikak. Bertan, 1930. hamarkadan Parisen eta Londresen miserian bizi zirenen egunerokoak kontatzen dira. ‘1984’-n gertatzen den bezala, ia mende bat geroago egoera ez da aldatu edo okerrera egin du.

Rafa Santxiz-Muxika, Orwellen itzulpenarekin, Donostian.
Rafa Santxiz-Muxika, Orwellen itzulpenarekin, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

George Orwellen bi lan zeuden euskaraturik orain arte. Juan Martin Elexpuruk itzulitako ‘Abereen etxaldea’ eta Oskar Aranaren ‘1984’. Hirugarrena da ‘Lur jota Parisen eta Londresen’ eta Rafa Santxiz-Muxikaren eskutik dator, Igela argitaletxearekin. Orwellen lehen liburua da, 1933an argitaraturikoa, eta ez da fikzioa, Paris eta Londreseko kale txiroenetan bizitzen zen gosea, gabezia, esplotazioa eta zapalkuntza islatzen ditu. Inazio Mujika Iraola editoreak nabarmendu duenez, lan honetan dagoeneko ikusten da Orwell idazle konprometitu bezala. Urte batzuk geroxeago joko zuen Bartzelonara frankismoaren (eta estalinismoaren) kontra borrokatzera POUM troskistarekin lerrokatuta eta euskaratu gabeko ‘Homage to Catalonia’ idatziko zuen.

Paisajea baino paisanajea islatzen du Orwellek ‘Lur jota Parisen eta Londresen’, Mujika Iraolak azaldu duenez. Izan ere, etxerik gabekoen egunerokotasuna jasotzen du. Idazlea pobrezian murgildutakoetako bat zen, bere bizipenak dira hein handi batean liburuan agertzen direnak. Honez gain, jatorri desberdinetakoak dira: irlandarrak, Londreseko cockney-ak, asiarrak, paristarrak, erbesteratutako zarista errusiarrak... Slang delako kale hizkeran aritzen dira kalean bizi diren pertsonaia horiek. Esamolde horiek euskaratzea Santxiz-Muxikarentzako erronketako bat izan da. «Adibidez, irlandarrak bereiztearren (eta jatorrizkoan nabarmen berezita daude) hitano mota batez aritzen dira, eta frantses batzuk beste euskalki kutsu batez. Batzuetan zuka eta besteetan hika, narrazioaren arabera eta gizamaila arrakalaren adierazgarri», azaldu du.

Urtetako lana

Valladolideko Unibertsitatean Ingeles Filologia ikasten ari zela ezagutu zituen Santxiz-Muxikak Orwellen liburua eta Orwell bera. «Berehala kateatu ninduen», onartu du. Francisco Franco hilberria zela eta «Orwellen sokakoak ez ziren katedratikoek» gisa horretako liburua irakurtaraztea harritu zuen. Bide batez, lana euskaratzeko asmoa piztu zion. Urteak eman ditu horretan eta jubilatu ondoren amaitu du. Tarte honetan, 2015ean, gaztelerazko itzulpena argitaratu zuten. «Ez nion horri berebiziko garrantzirik eman; baina, egia esan, behingoan behintzat, gaztelaniazko itzulpenaren aurretik euskarazkoa egotearen nolabaiteko poza zapuztu zidan aurrea hartzeak». Frantsesekoa eta katalanezkoa ordurako baziren.

«Baina beti saiatu naiz Orwellek kontatu nahi zuena euskara xalo eta irakurterraz batera ekartzen, Orwellen idazkera jori eta soil bezalako batera», gaineratu du.

«Sen profetikoa»

Orwellek «sen profetikoa» zuela gaineratu du Santxiz-Muxikak. «Abisu zorrotza egiten du lan honetan eta beste batzuetan. Eta zoritxarrez betetzen ari da esandakoa ia ehun urte joan badira ere». Euskaratzeko lana hartu zuenean, gaia zaharkituta gelditu izanaren beldur zen. Baina jorratzen diren gaiak gaurkotasun osokoak dira: etxerik gabekoen miseria, bazterkerian murgildutakoen esfortzuak egunerokoari aurre egiteko... «‘Lur jota Parisen eta Londresen’-en deskribatzen duen miseria inguruan daukagu gaur egun ere», azpimarratu.

Eta honekin batera, autoritarismoaren gorakada. «Kolore guztietako diktadore, supremazista, ultraliberal eta enparau totalitaristek manual bat daukate gero eta gaurkoagoa den Orwellen distopia literarioan: fake news (hizketaberria), pentsamendu bikoitza, memoriaren ezabaketa edo berridazketa, proleak (woke), pentsamendu-krimena, legediaren ezabaketa... gerra da bakea, askatasuna da esklabotza, ezjakintasuna da indarra. Orwellek giza arimaren argia eta iluna ondo asko erretratatu zituen bere narratiba sozialean», azaldu du.

«Orwell ezkertiar zintzoa eta praktikoa zen, ez teorikoa, demokrata eta zanpatuen aldeko militante aktiboa. Lumaz eta ekinez, teoria gutxikoa eta ekintza handikoa. ‘Lumak daki, baina ezpatak dezake’ hein batean uste zuenekoa», definitu du idazle ingelesa Santxiz-Muxikak.

«Nire itzulpenarekin, irakurle euskaldunari ekarri nahi izan diot Orwellen literatura eta mezua. Jakin badakit jende askok ez lukeela inongo arazorik Orwellen lana ingelesez irakurtzeko, eta ohituta dagoela ingelesa erabiltzen. Beharbada, galdera da euskaraz irakurtzen hain ohituta gauden irakurle euskaldunok. Horregatik, ba, besteak beste, itzulpen hau», gaineratu du.