NAIZ

19 talde lehian inoizko Itzulia Women menditsu eta gogorrena irabazi nahian

Hilaren 16tik 18ra jokatuko da Itzulia Women lasterketaren laugarren ekitaldia. Zumarraga-Agurain; Ugao-Igorre eta Donostia-Donostia izango dira hiru etapak. Orotara 10 mendate igoko dituzte, tartean lehen mailako Jaizkibel. Etapa guztiak EITBren bidez zuzenean jarraitu ahal izango dira.

Itzulia Women lasterketaren aurkezpena.
Itzulia Women lasterketaren aurkezpena. (Gorka RUBIO | FOKU)

Asteazken honetan aurkeztu da Donostian IV. Itzulia Women, hilaren 16tik 18ra jokatuko den emakumeen Euskal Herriko Itzulia. 19 talde ariko dira lehian, tartean UCI World Tourreko 14 talde, inoizko Itzulia menditsu eta gogorrena irabazi nahian. Orotara 337,1 kilometro izango dira hiru etapetan eta 5.795 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute txirrindulariek.

Parte hartuko duten 114 txirrindularien artean artean Demi Vollering izar handiaren FDJ-SUEZ taldea izango da, gauzak ondo, Vollering bera tartean dela. Herbehereetako txirrindularia 2022 eta 2024an Itzuliko nagusia izan zen eta 2023koa irabazi ez bazuen, artean bere taldekide zen Marlen Reusser-en alde lan egin zuelako izan zen.

Zumarraga-Agurain, Ugao-Igorre eta Donostia-Donostia izango dira Itzulia Women honetan jokatuko diren hiru etapak. Ibilbidean, mendiko sailkapenerako puntuagarriak izango diren hamar mendate igo beharko dituzte parte-hartzaileek; horietako bat, hain zuzen ere Jaizkibel, lehenengo mailakoa izango da, beste hiru bigarren mailakoak, eta hirugarren mailako sei. EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, hiru etapak emango ditu, zuzenean, 12.00etatik aurrera.

2025eko Itzulia Womeneko lehenengo etapa, Zumarragan hasi eta Agurainen amaituko dena, izango da luzeena, 148,5 kilometro, eta metatutako malda handienekoa izango da edizio honetan. Hiru mendate puntuagarri baino ez dira egongo, baina nahikoa gorabeheratsuak. Ihesaldirako egun aproposa. Lehenago, ordea, Azazetako mendatearen osteko azken kilometroak azkar-azkarrak izango dira helmugaraino. 

Ugaotik Igorrerainoko bigarren etapa urduritasun handieneko jardunaldia izango da. 116 kilometro baino ez ditu izango, baina lau mendate puntuagarri egongo dira, eta azken kilometroak aldapatsuak izango dira. Ziur Larrabetzun eta Lemoan ezarritako hobaridun bi esprintek zeresanik izango dutela sailkapen nagusirako borrokari begira.

Azken etapa, berriz, Donostian abiatuko da eta Donostian bertan amaituko. Itzulia Añorgara, Hernanira, Astigarragara eta Oiartzunera abiatuko da. Jarraian, Jaizkibelerako igoerari ekingo diote txirrindulariek, alegia, probako ekitaldi honetako mendaterik gogorrenari. Jaizkibelek 7,9 kilometro ditu, eta, batezbeste %5,6ko malda.

Ondoren txirrindulariek hirugarren mailako Gurutze igoko dute, 60,8. kilometroan. Pasai Antxo irtengo da kalera txirrindulariak txalotzeko, eta, 75,6. kilometroan, Donostian berriro, eguneko aurreneko esprint berezia jokatuko dute; bigarrena Usurbilen izango da jokoan, 87,2. kilometroan, bigarren mailako Mendizorrotz mendatea igo baino lehen. Mendizorrotz erabakigarria izan liteke, berdin igoean nola jaitsieran, Itzuliko parte-hartzaileak ia-ia helmugan izango dira-eta, eta han geldituko da erabat argi 2025eko Itzulia Womeneko palmaresa.