NAIZ
Donostia

Donostian ere martxan jarri dira Euskaraldiari begira

Donostiako Udaleko sindikatuek «konpromiso sindikala» adostu dute kideak eta langileak Euskaraldian parte hartzea ziurtatzeko. Milaka donostiarrek jada eman dute izena maiatzaren 15etik 25era ospatuko den laugarren edizio honetan ahobizi edo belarriprest izateko.

Euskararekiko konpromiso sindikala aurkeztu dute Donostiako udaletxean.
Euskararekiko konpromiso sindikala aurkeztu dute Donostiako udaletxean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Donostiako Udaleko Langileen Batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN) Euskaraldiaren atarian aho batez onartu duten konpromisoa publiko egin dute asteazken honetan. Milaka donostiarrek eman dute izena dagoeneko euskara erabiltzeko ariketa sozialean parte hartzeko.

Langileei Euskaraldian parte-hartze aktiboa izan dezaten dei egiteaz gain, sindikatuek lehen hitza beti euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute eta baita euskara lan hizkuntza bihurtzea eta hizkuntza irizpideak betetzea ere.

Hain zuzen, lau puntu dauzka sinatutako «konpromiso sindikalak»: «Modu aktiboan parte hartzea», «lehen hitza euskaraz egitea», «euskara lan hizkuntza bihurtzea» eta «hizkuntza irizpideak betetzea». Modu horretan, Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa ziurtatu nahi dute sindikatuetako kide eta langileen artean, «bakoitzak bere rolaren arabera jokatuz».

Donostian Euskaraldiaren egitaraua

Donostiako Euskaraldiaren antolatzaileek euskara erabiltzeko ariketa sozialean izena emateko deia egin diete donostiarrei. Maiatzaren 14ra arte izena eman daiteke ahobizi edo belarriprest izateko.

Milaka herritarrek izena eman dute dagoeneko eta antolatzaileek euskara jakin edota ulertzen duten 16 urtez gorako donostiarrak animatu nahi dituzte laugarren edizioan parte hartzera. Izena eman dutenek txapa jaso dezakete Bagera elkartean, Udaleko Euskara Zerbitzuan, hiriko kultur etxeetan eta Bentaberriko eta Loiolako Erriberako kiroldegietan. Leku horietan ere izena aurrez aurre eman ahal izango da.

Donostiako Udala eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea elkarlanean ari dira antolatzen Euskaraldia. Jon Insausti Kulturako, Euskarako eta Turismoko zinegotziak aukera gisa ikusten du ekimen hori «hizkuntza ohiturak aldatu eta zenbait inertzia astintzeko. Estres linguistikoa gutxitu eta euskaraz eroso aritzeko ariketa sozial ezinhobea da. Euskara jakin edo ulertzen duen herritar asko dago eta horiek txapa janztea lortzen badugu euskarari ate berriak irekiko dizkiogu aisialdian, lan eremuan eta abar».

Amets Ibero Bagera elkartearen ordezkariak azaldu du gizartea aktibatzea ezinbestekoa dela: «Euskararen egoera kezkagarria izanik ere, herritarrak ilusio eta motibaziotik aktibatu behar ditugu berriro». Iberok gogoratu du «elkar mugituz egingo dugu» dela aurtengo leloa eta lelo horri erreparatu diotela ariketa soziala antolatzeko garaian. «Udala eta Bagera eskuz esku ari gara lanean Euskaraldia antolatzen baina ez gaude bakarrik honetan: Donostiako ia 400 entitatek eman dute izena eta horiek ere ekimena sustatzen eta hauspotzen ari dira».

Euskaraldia martxan den bitartean euskarazko ekitaldi ugari antolatuko da Donostiako auzo askotan auzoetako euskara batzordeen eta beste zenbait eragileren ekimenez. Donostiako Euskaraldiaren hasiera ekitaldia maiatzaren 15ean, 19.00etan egingo da Egiako Blas de Otero plazan, Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolak antolaturiko Emusik jaialdiaren barruan.

Bestalde, auzoetako euskara batzordeetako ordezkariak, Bizarrain elkarteko Josean Abeciak, adierazi du era askotako ekintzak antolatu direla: «Bisita gidatuak, bakarrizketak, kantu jira, hitzaldiak, literatur solasaldiak, musika emanaldiak (Kerobia taldearen kontzertua, erromeriak, eta abar) mintzodromoak, hitano tailerrak, bertso saioak, ginkanak, wikipedian idazteko tailerra eta abar. Eskaintza zabala da eta ilusio handiz prestatu dugu ekintza sorta handi hori Euskaraldirako. Euskara jakin eta ulertzen dugunontzat bereziki prestatu dira, ekintza horien inguruan bildu eta euskara erabiltzeko aukerak biderkatu daitezen».