
‘Israel hemen ere hasten da. Sionismoarekin harremanak Euskal Herrian’ txostena aurkeztu du Palestinarekin Elkartasuna taldeak asteazken arratsalde honetan. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen aurkeztu dute, eta izenburuak jasotzen duen bezala, Euskal Herriak Israelekin dituen harremanak jarri nahi izan dituzte mahai gainean, mezu argi batekin: «Israel desegitera bidean, harreman oro eten». Maiatzaren 17an, Nakbaren urteurrenaren astean, Iruñean mobilizazio nazionala egingo dutela gogoratu dute, 12.30ean Golem zinemetatik abiatuta.
‘Euskal Herriko eta Israelgo agenteen arteko harremanak’ atalak hartzen du txostenaren atal nagusia, baina mami horretan sartu baino lehen taldea kokatu dute, «Herri zapalduon erresistentzia kriminalizatzen duten diskurtsoen aurrean erantzun irmoa emateko beharra ikusi genuen, palestinak herriaren erresistentziarako eskubidea aldarrikatuz». Bi eginkizun nabarmentzen dituzte; batetik, Palestinar herriarekiko elkartasuna adieraztea, eta bestetik, boikota bultzatzearekin batera alderdi eta enpresen konplizitatea seinalatzea, «konplizitate-harreman horiek baitira kolonizazio sionista eta bere sarraskiak posible egiten dutenak».
Txostenaren asmoa, egileen hitzetan «Euskal Herritik Israelgo Estatua era askotan babesten eta legitimatzen dela ikusaraztea da». Izan ere, «konplize ugari» daudela jasotzen dute, enpresak zein instituzioak. Eta horien «eraginak eta dimentsio erreala» ezagutzera ematea izan dute helburu.
Harremanak lau kategoriatan
Euskal Herriko eta Israelen agenteen arteko harremanak lau kategoriatan sailkatu dituzte ezaugarrien arabera: komertzialak, militarrak, instituzional edo diplomatikoak eta kulturalak. Hala ere, sarritan harreman horiek elkarlotuta daudela azaltzen dute. «Adibidez, Ertzaintzak Mossadekin eta segurtasun-industria israeldarrarekin duen harremana diplomatikoka, militarra eta komertziala da aldi berean», jasotzen da.
Harreman komertzialetan, enpresek dituzten salerosketa-harreman eta kontratuak bildu dituzte, baita instituzio publikoek zein bankuek dituzten harremanak ere. Aldebiko ondoriok dituztela hartu eman horiek argitzen dute: «Esportazioen bidez Israelgo ekonomia eta Estatua hornitzen dute. Ondorioz, Israelgo ekonomia eta estatua indartzen laguntzen dute Euskal Herriko enpresariek. Inportazioen bidez Euskal Herriko industria hornitzen du Israelek. Ondorioz, euskal burgesia Israelgo enpresei eta estatuari lotua dago, eta bere aberastasuna handitzeko, ezinbestekoa zaio Israelgo Estatuaren indartzea».
Esportazioaren bidez Israelgo ekonomia eta Estatua hornitzen direla salatu dute
Hainbat datu bildu dituzte txostenean. Esate baterako, Espainiako Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioaren arabera, 2023an, Hego Euskal Herrian, 683 enpresek Israelera esportazioak egin zituzten, 294 milioi euroko balioarekin. Edota, 401 enpresek inportazioak egin zituztela Israeletik, 20 milioi euroko balioan.
Adibide esanguratsuak aipatzen ditu, CAF eta Saphir enpresa israeldarraren arteko lankidetza esaterako; edota Mondragon Taldeak Israelgo enpresekin bost kolaborazio kontratu dituela zehaztu dute, Ikerlan, Lortek, Danobat, Erreka eta Ideko enpresen bitartez. Fagor zein Irizar enpresak ere tartean daudela azaltzen du txostenak, eta instituzio publikoei dagokionean, Lakuaren ‘Finkatuz’ funtsak CAFen % 3 bereganatu duela eta Bizkaiko Aldundiak SOSA programan start-upak Israelgo enpresekin harremanetan jartzeko helburuz martxan jarri duela gaineratu dute.
Harreman militarrei dagokionean, definizio argia ematen diete harreman mota hauei: «Armagintzaren eta segurtasun-teknologien arloko era askotariko harremanak dira, Euskal Herriko enpresariek eta instituzioek Israelgo enpresekin dituztenak». Esportazioen bidez Israel armaz eta gerra materialez hornitzen dutela adierazi dute, eta inportazioen bidez, aldiz, «Israelen armagintza eta segurtasun-teknologien sektorea indartzen da, eta militarizazio eta okupazio militar sionistaren kostuak merkatzen dira».
Argitu dute zaila dela armak zein herrialdetan ekoizten diren ikertzea, eta hala ere, Euskal Herrian armagintzan parte hartzen duten 200 enpresa inguru daudela zenbatu dituzte, eta gehienak Israel Aerospace Industriesekin (IAI) harreman zuzena dutela.
BBVA da Estatu espainolean Israelgo armada hornitzen duten enpresetan gehien inbertitu duen entitatea
M Torres enpresa nafarra seinalatu dute, hegazkin militarrak ekoizteko zazpi programatan hartzen du parte, eta bere webgunean aitortzen du Israel Aerospace Industrien bere bezeroa dela. Araban ere bi lantegi ditu M Torresek berak. Hazparneko Lauak aeronautika enpresak kontratu zuzena dauka israeldar enpresa batekin hegazkin piezak egiteko.
BBVA berriz, Estatu espainolean Israelgo armada hornitzen duten enpresetan gehien inbertitu duen entitatea da. Eta Kutxabankek, Laboral Kutxak eta Eurak Kutxak Indra bezalako enpresak finantzatu dituzte. Bestalde, Lakuak, udaletxeek, Ertzaintzak eta Foruzaingoan enpresa israeldarrekin dituzten kontratuak nabarmendu dituzte, eta osotara, ia bi milioi euroko kontratuak direla gaineratu.
Harreman instituzionalak eta diplomatikoak atalean, «Israelgo Estatua normalizatzen duten eta bere irudia garbitzen» duten harreman instituzional, alderdienak, sindikatu edota unibertsitateenak jasotzen dira. Pedro Sanchezek zein Emmanuel Macronek Israelgo Estatuari egindako «keinu diplomatikoez» gain, Iñigo Urkulluk lehendakaria zenean egindako keinuak ere azpimarratu dituzte. «Hiruek haizatu dute herrialde kolonizatzailearen defentsarako eskubidearen falazia», jaso dute.
Bestalde, Estatu espainolak zein frantsesak Palestinaren aldeko mugimenduaren aurka errepresioa erabili duela nabarmendu dute. Instituzio publikoei lotuta, Lakuak 1980az geroztik harremanak mantentzen dituela azaldu dute, eta gaineratu: «Bereziki estua da Ertzaintzaren eta Israelgo segurtasun-teknologiako enpresen arteko harremana, hamarkadetan zehar material ugari erosi baitie euskal poliziak».
Unibertsitateei lotuta, Euskal Herriko Unibertsitateak Israelgo unibertsitate eta erakunde publikoekin kolaborazioan bederatzi proiektu dituela adierazi dute, horietako bi 2024ean bertan abiatu zirela zehaztuz.
«Bereziki estua da Ertzaintzaren eta Israelgo segurtasun-teknologiako enpresen arteko harremana, hamarkadetan zehar material ugari erosi baitie euskal poliziak».
«Israelgo artista eta kirolarien parte hartzea ahalbidetzen edo errazten duten harremanak dira harreman kulturalak» azaldu dute txostenean, eta horrek «Israelen normalizazioa bultzatzen» duela salatu dute.
Israelek kirol eta kultura arloko ekimenak «irudia garbitzeko» erabiltzen dutela kritikatu dute, eta horien bidez «estatu sionistaren existentzia normalizatzen» dela eta «palestinar herriaren aurkako krimenak ezkutatzen» dituela kontatu dute. Gainera, kirolaren eta kulturaren bitartez egindako propagandak bestelako harremanak indartzeko balio izan dutela ohartarazi dute, «Israel estatu modernoa bailitzan aurkezten delako».
Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldeak Euroligan parte hartzen du eta urtero Gasteizen jokatzen du Baskoniaren aurka, «Baskonia Euroligaren jabeetako bat da eta bere parte hartzea onartzen du», kritikatu dute, eta kirol arloko erakusleiho nagusiena dela Israelgo Estatuarentzat nabarmendu dute. Kirolari lotuta, gaineratu dute Israel Premier Tech txirrindularitza taldea Euskal Herriko kirol lehiaketetan presente izan dela.
Kulturari lotuta, Donostiako Zinemaldiak Israelgo gobernuak hautatu eta finantzatutako filmak proiektatu izan dituela salatu du, 2015ean adibidez. Bestalde, Noa taldeak «Israelen proiektu koloniala publikoki defendatu» izan duela aipatzen da eta 2009an Donostian, 2014an Gasteizen eta 2024an Bilbon egon zirela. Mayumana dantza taldea ere 2006an eta 2010ean Bilbon, eta 2009 zein 2021ean Iruñean egon zirela jasotzen du.
Antolakuntza internazionala
Ondorioen atalean, Euskal Herriko eta Israelgo harremanak etetea eskatu dute: «Gure eginkizun politikoa Euskal Herritik Israelen sostengua suposatzen duten enpresa, instituzio, alderdi politiko eta ekimen kulturalei aurre egitea da, entitate sionistari hornikuntza eta finantziazio iturriak moztu eta bere irudi garbiketa borrokatzeko helburuarekin».
«Antolakuntza internazionalista indartzea dagokigu» ondorioztatu dute, «konplizitate-harremanak seinalatuz, hauek etetearen aldeko ekimenak aurrera eramanez eta boikota bultzatuz».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik


