NAIZ

Osasun Mahaiak «denbora» eskatu du proposamenak aztertzeko, datorren astean bilduko dira

Irailaren bostean abiatu zituen bilkurak Lakuako Osasun Mahaiak, asteazken honetan zazpigarren bilera egin dute, eta ildo estrategikotzat jo zituzten 24 eremuetatik zortzietako proposamenak aurkeztu dituzte, mahaiko kideek dokumentuan aztertzeko denbora eskatu dute, eta datorren astean bilduko dira.

Osasun Mahaiak zazpigarren bilera egin du asteazken honetan.
Osasun Mahaiak zazpigarren bilera egin du asteazken honetan. (Endika Portillo | FOKU)

Osasun Mahaiaren zazpigarren foroa egin dute asteazken honetan, zortzi lan ildoei buruzko dokumentu estrategikoak aurkeztu dira. Mahaiak «denbora esaktu» du aurkeztutako dokumentuak «aztertzeko eta datorren asteko bileran berresteko». Lakuako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek ekainaren hondarrerako osasun ituna adostua eta sinatua izatea espero du.

Hirugarren fasean dago Lakuako Osasuneko sailburu Martinezek gidatutako mahaia, ‘Etorkizuneko estrategiak adostea’ deiturikoan. 24 ildo estrategiko izendatu zituzten, eta horiek lantzeko 24 talde espezifiko bildu dira, hurrengo bileretan talde bakoitzak adostutako proposamena aurkeztuko du. Lehen zortzi ildoetako zirriborroak aurkeztu dira Gasteizko Europa Jauregian egin den Itunaren Mahaiaren zazpigarren bileran.

Zortzi ildoen aurkezpena

Gaixotasun neurodegemeratibaoak: arreta eta detekzio goiztiarra indartzea eta pazienteak eta familiak babestea izan da lehen ildoa.

Bigarrena pertsonengan oinarritutako politikan «atxikipena, fidelizazioa, parte-hartzea eta lidergo profesionalak osasun sisteman» landu dituzte. Josune Retegi Osakidetzako Giza Baliabideetako arduradunak «lidergo eraldatzaileren eredu bat definitzeko helburuari» helduko diotela gaineratu du.

«Belaunaldien arteko erreleborik ezaren» arazoari aurre egiteko beharrezkoak diren profil profesional berriak planifikatu behar direla gaineratu du. Bestalde, medikuek osasun publikoan duten dedikazioaren bateragarritasunari buruz ere hitz egin du, «esklusibotasuna meritu gisa baloratzea» proposatu du Osakidetzako buruzagitzetan.

Hirugarrena, osasun-arloko prestakuntza eta irakaskuntza izan da, ezagutzaren zabalkundeaz eta profesionalen etengabeko trebakuntzaren bultzatzeaz mintzatu dira. Laugarren ildoak «eztabaida eta erabaki partekatuak hartzeko aukera: osasun-sistemaren kudeaketan herritarren parte hartzea eta gardentasuna bultzatzea» jasotzen du.

Ines Gallego Enkarterriko ESIko Kalitate eta Berrikuntza arloko zuzendariordeak dinamizatu du laugarren lan taldea, eta adierazi du parte hartzeko plan zuzentzaile bat sortzea, pazienteen elkarteen bidez parte hartzea indartzea eta artikulatzea, gardentasuna eta komunikazioa indartzea, Osasunaren Euskal Behatokia indartzea, eta herritarren eskura dauden osasunarekin lotutako baliabideei eta tresnei buruzko marketin eta komunikazio plan bat egitea, dituztela helburutzat.

Ikuspegia aldatzeko beharra

Osasun-arloko balioa eta emaitzak: sistema osasun-arloko emaitza hobeak lortzera bideratzea, efizientziaren eta ekitatearen ikuspegiarekin, horixe izan da bosgarren ildo estrategikoa, Osasun Saileko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioko zuzendari Gontzal Tamayo arduratu da lan taldean. Osakidetzan, «paradigma aldaketa» ezartzea proposatu duela adierazi du. «Emaitzetara» zentratuta dagoen begirada «birbideratu» behar dela azpimarratu du, eta lehentasunak landu behar direla.

Seigarrenean gaixotasun arraroak eta diagnostiko genetikoa landu dituzte, diagnostikoen hobekuntza eta tratamendu pertsonalizatuak jasotzeko aukera indartuz. Itziar Astigarraga pediatrak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Osakidetzan sartzea esparru horretan egiten diren «aurrerapenak», eta pazienteei terapia berriak eta doitasun-diagnostikoak eskuratzeko aukera ezartzea; «etengabeko eguneraketa da» bere lehentasuna.

Gaixotasun kronikoen kudeaketaren eta bizi-kalitatearen hobekuntza landu dituzte zazpigarren ildoan. Silvia Alfambrak azaldu du eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan paziente kronikoentzako «asistentzua-ibilbideak» ezartzea proposatu dutela, bereziki «premiazko egoeretan eta egoera klinikoak ahalbidetzen badu ospitale-deribazioa saihesteko».

Eta azkenik antolamendu berrikuntza eta laguntza ereduen inguruko ildoa aurkeztu dute, «eskuragarri dauden baliabide guztien efizientzia areagotu dezakeen laguntza integral eta integratuaren sustapena», izenburupean.

Ekaina amaieran begirada

Bileraren ostean, Martinez sailburuak «eragile guztien lana» azpimarratu du, «diferentziatik abiatuta, batzen gaituen horretan, hau da, euskal herritarren osasuna eta ongizatea hobetzean aurrera egin ahal izan dugu», aitortu du. Orain arte egindako bidea txalotu du sailburuak: «Orain arte ezagutu ez den prozesu berritzaile baten aurrean gaude. Uste dut prozesua bera, berez, inspiratzailea eta pizgarria izaten ari dela parte-hartzaileentzat. Ziur nago gure osasun-sistemarentzat ere hala izango dela».

Hurrengo asteetan gainontzeko ildoak lantzea aurreikusten da, eta gaineratu dute asteazken honetan landutako gaien eztabaida eta berrespena egiteko datorren asterako deituko dutela Osasun Mahaiaren bilera.