
Bere lehenengo liburua argitaratu du Ane Elgezabalek, ‘Haizearen erpeak’ izenburupean. Bide batez amari omenaldia egiteko, bere bizitzaren pasadizo latzak kontatu ditu, baina modu «gozo» batean, baliabide literarioak lagun.
Elkar argitaletxearekin batera publikatu du eta ostegun honetan aurkeztu du Donostian Xabier Mendiguren editorearekin batera. Honek nabarmendu duenez, idazle berri baten lana editatzea «deskubrimendu» bat da beti, baina Elgezabalen kasuan «harritzen duen» aurkikuntza izan da. Batetik, ohikoak ez diren gaiak jorratzen dituelako eta, bestetik, estilo aldetik ere ezohikoa delako.
Argitaletxeak laburbiltzen duenez, «egileak bere ama hartu du idazgaitzat: XX. mendearen erdia pasatuxea zela jaiotako emakumea, baina bizimoduan askoz lehenagoko ezaugarriak dituena: etxean urik ez zeukan baserri batean jaioa, txikitatik lan eta lan jardundakoa, amets eta ilusioetarako tarterik gabe hazitakoa, era guztietako autoritateen aginte eta beldurraren pean bizi izandakoa: neskame lanetan orain, mojen mende gero, guardia zibilen astinduak noiznahi, ugazaben mespretxuak aldiro».
Proiektu hau hastea ez zuela espero azaldu du idazleak. Pandemia garaian hasi zen amarekin hizketan eta «ezagutzen ez nuen bizi bat izan zuela ohartu nintzen». Beraz, koaderno bat betetzen joan zen eta, hori ez galtzeko, ordenagailura pasatzen hasi zen. Orduan konturatu zen horrekin zerbait idatzi zezakeela. Dioenez, «hain gogorrak ziren bizipenak, era gozo batean kontatu nahi nituela».
Horretarako, ordura arte amarena izan zena barneratu zuen bere modura paperera eramateko. «Horrela barneratzen dira erraz gauza gogorrak, baliabide literarioekin eta gozotasunez», zehaztu du aurkezpenean.
Bere buruaz harro
Irakurleak ere horrela jasotzea da bere nahia, «protagonistak gu geu bagina bezala», hain zuzen. Hori helarazteko gai izan delako bere buruaz harro eta pozik dago Ane Elgezabal, «pentsatzen nuelako ez nintzelako horretarako gai».
Amak ere, liburuaz jakin zuenean, bere harrotasuna eta poza helarazi zizkion alaba eta idazleari, bereak eta hain pertsonalak diren bizipenak publikatzeagatik lotsa agertu bazuen ere, Elgezabalek azaldu duenez.
Autoreak liburu berezia dela argi utzi du: «Ez dago horrelako biografia edo liburu historikorik». Beraz, irakurri beharrekoa dela uste du, «oso erraz» irakurtzen da eta. ‘Haizearen erpeak’ esku artean izanda, «konturatzen zara zer nolako bizimodua zeukaten emakumeek Euskal Herrian emakume izateagatik».

Txosnen eredua arriskuan dagoela ohartarazi dute: «Ez gara enpresa bat»

Zea Maysek Kortaturen ‘Hay algo aquí que va mal’ abestiaren bertsioa osatu du

El Partido Carlista considera probado que «Juan Carlos tiene las manos manchadas de sangre»
Elkartasunak epaiketaren hotza goxatu du Baztanen
