J.S.
EIBAR

Ikasenpresa azoka, Lanbide Heziketaren espiritu ekintzailearen erakusleiho

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 Lanbide Heziketa zentrotako 2.000 ikaslek eta 100 irakaslek baino gehiagok beren enpresa-proiektuak aurkeztu zituzten otsailean Eibarren egindako XIV. Ikasenpresa azokan.

Eibarko hiritarrak ere gerturatu ziren Ikasenpresa azokara.
Eibarko hiritarrak ere gerturatu ziren Ikasenpresa azokara. (IREKIA)

Beste urte batez, Eibarko erdiguneak Ikasenpresa azokaren edizio berri bat hartu zuen otsailaren 13an. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Itlent (Euskadiko Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua) erakundeak antolatu eta Eibarko Udalaren laguntza izan zuen ekimenean, 2.000 ikaslek eta 100 irakaslek baino gehiagok parte hartu zuten, 410 ikasenpresa edo negozio-proiektu aurkeztuz.

Askotariko produktuak eta zerbitzuak aurkeztu ziren; izan ere, gehienak ikasten ari diren lan-arlokoak izaten dira eta irakasle teknikoekin elkarlanean lantzen dira. Hauek izan ziren nagusiak: kirol jarduera fisikoak, industrialak, irudi pertsonala, ostalaritza eta turismoa, informatika, komunitatearentzako zerbitzuak, arte grafikoak, nekazaritza eta arrantza, zerbitzuak eta farmazia eta parafarmazia, besteak beste.

Proiektu zehatzei dagokienez, honako ikasenpresak aurkeztu ziren, beste batzuen artean: tenperatura autorregulatzen duen egurrezko etxe bat; igeltsuz eta metalezko azkoinez diseinatutako bitxiak; arropa-esekileku elektriko bat, euria hastean toldo batekin estaltzen dena; mugikortasun urriko pertsonentzako joko robotak; edota esklerosi anizkoitza eta hizketarako arazoak dituzten haurrentzako aisialdi-zentroa.

Inaugurazio ekitaldian izan ziren, besteak beste, Inge Gorostiaga, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria; Jon Iraola Eibarko alkatea; eta Itlent institutuaren ordezkariak.

IKASLEEN ERRONKA

Enpresa txiki bat sortzea eta abian jartzea da Ikasenpresak Euskadiko Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako ikasleei planteatzen dien erronka. Euskadiko LHko eredu metodologikoaren barruan lan egiten da, eta eredu horretan funtsezkoa da lan kolaboratiboa. Ikasenpresa topaketa Eibarren egiten da, otsailean, eta, bertan, Euskadiko LHko ikastetxeek Ikasenpresa programaren barruan egindako lan guztia erakusteko aukera izaten dute.

Ikasenpresa simulazioa bada ere, eskaintzen diren produktuak edo zerbitzuak errealak dira, eta horrek proiektua modu pragmatikoagoan eta benetakoagoan garatzea ahalbidetzen du, espezialitateko teknologia aurreratuen erabilera eta aplikazioa erraztuz.

Programaren garapen egokirako, funtsezkoa da ikasgelan lantzen diren ideia ekintzaileak ikasle talde bakoitzak ikasten duen lanbide-arloarekin lotuta egotea, horrek berritzaileak izatea eta zikloko irakasle-talde osoa ikasgelan garatzen den jardueran inplikatuta egotea ahalbidetuko duelako.

Horrek guztiak lagundu egiten die ikasleei modu aktiboan parte hartzen, ekintzailetzak errealitate sozial eta ekonomikoan duen garrantziaz jabetuz eta beren ibilbide profesionala definitzerakoan berebiziko garrantzia izango duten gaitasunak eskuratuz.