Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Irudien bidez sortua, ahotsen bidez garatua

ERREPLIKA
Euskal Herria, 2024. 74'. Zuzendaria: Pello Gutierrez Peñalba. Gidoia: Pello Gutierrez Peñalba, David Aguilar Iñigo, Iñaki Sagastume Miqueleiz. Argazkia: David Aguilar Iñigo. Musika: Maite Larburu.

Pello Gutierrez ‘Erreplika’ laneko une batean.
Pello Gutierrez ‘Erreplika’ laneko une batean. (Zazpi T'erdi)

Pello Gutierrez donostiarraren lan berriak Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan. Iñaki Sagastumek, David Aguilar Iñigok eta Pello Gutierrezek idatzia, eta Gutierrezek berak zuzendua dago.

1979an Zikuñagako (Hernani, Gipuzkoa) Ama Birjina desagertu egin zen eta bertako biztanleak euren irudi ikonikorik gabe geratu ziren. Hutsune bat horma-hobian. Hutsune kolektibo bat. Hutsuneei buruzko filma baita hau. Juanmi Gutierrez zinemagilea –Pelloren aita– duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora igaro dela, bere filmetara itzuli da eta oso pertsonala den oroimen ariketa bat egin du. Bere aitaren hutsunea eta Zikuñagako Ama Birjinaren irudiaren desagerpena ditu abiapuntu filmak, eta irudien –eta hauen gabezien– garrantzia eta hutsuneak betetzeko beharra azpimarratzen ditu.

Nola erabiltzen ditugu eta zenbateko garrantzia ematen diegun irudiei? Bizitzan sortzen zaizkigun hutsuneei aurre egin, hauek bete eta aurrera egiteko beharra sentitzen al dugu une oro? Zergatik ematen diogu balio gehiago jatorrizko irudi bati, bere erreplikari baino? Hiru ideia nagusi horiek jorratuko ditu Gutierrezek eta galdera horiei erantzuna bilatu nahian, hainbat testigantza jaso eta hernaniarrei ahotsa eman die.

2007an Zazpi T’erdi ekoiztetxea sortu zuen Gutierrezek David Aguilar eta Iñaki Sagastumerekin batera eta beste modu batera ezagutu ezingo lituzkeen errealitateetara hurbiltzeko modu gisa ulertzen du berak zinema.

Pertsonaletik kolektibora

Zuzendariaren hitzetan: «Dokumental hau irudien bidez sortu da, baina ahotsaren bidez garatu da. Nire ahotsak gidatzen du filma, eta protagonisten ahotsek ematen diote jarraipena: iraganeko gertaerak gogoratzen dituzte, desagerpenari buruz idatzi diren dokumentu, arrasto eta testuak irakurriz. Pertsonaletik kolektibora, ikerketa honek herri honen oroimena arakatu nahi du, irudi ezaren bidez. Eta, aldi berean, galdu berri dugun ahaidearen galeraren aurrean, irudiari eta memoriari buruzko hausnarketa planteatzen du».