Kazetaria / Periodista

Trumpek lehen merkataritza akordioa aurkeztu du, Erresuma Batuarekin

AEBen ‘Liberazio Eguna’ aurkeztu eta merkatuak aztoratu zituenetik bost astera, Erresuma Batuarekin merkataritza akordioa egin duela iragarri du Donald Trumpek Etxe Zuriko Bulego Obalean. Keir Starmer britainiar lehen ministroa ere telefonoz sartu da agerraldian.

Trump eta bere taldekideak, agerraldian; Starmer telefonoz aritu da.
Trump eta bere taldekideak, agerraldian; Starmer telefonoz aritu da. (Jim Watson | AFP)

«Beste askoren lehena» omen da AEB Erresuma Batuarekin iragarri duen merkataritza akordioa. Trumpek apiril hasieratik abian jarritako karrusel ekonomikoen gora-beheretan berebiziko urrats gisa aurkeztu du Etxe Zurian, oraindik azken zertzeladak falta diren arren. Helburua, azken asteotan leku batean baino gehiagotan piztu diren urduritasunak baretzea da.

‘Financial Times’ek aurreratu duen bezala, AEBetatik merkeago esportatuko ahalko dute Erresuma Batuko auto eta nekazaritza-merkatuetara. Atlantikoaren beste aldetik begira, altzairu eta auto britainiarrei egun duten %25eko muga-zerga ere arinduko zaie. Hortik aurrera, gutxi dira ezagutzen diren detaileak.

Londresek jakinarazitakoaren arabera, orain arteko, muga-zergak kenduko zaizkie altzairuari eta aluminioari, hau da, zero izango. Auto-esportazioei dagokienez, ehuneko 27,5tik ehuneko hamarrera jaitsiko da. Ehun mila autorentzako kuota izango da; kopuru horren bueltan ibili zen britainiar autoen esportazioa AEBra iaz.

Nekazaritzan ere egongo da akordioa. Behi-okelan, 13 mila tona metriko esportatu ahalko dituztela iragarri du Downing Street-ek, eta beste horrenbeste inportatu AEBtik. Etxe Zuriak ez du hori bera esan zehazki. Akordioan nekazaritza-produktuak ere egongo direla baieztatu zuen Donald Trumpek, hala nola behi-haragia eta etanola, baina oraingoz iragarpena da hori. Hemen ere, azken detaileak oraindik negoziatzeko daude.

Howard Lutnick AEBko Merkataritza idazkariak jakinarazitakoaren arabera, gainerako herrialdeen antzera Erresuma Batuari ere ezartzen zaion ehuneko hamarreko muga-zerga orokorra bere horretan mantenduko da. Rolls Royce motoreen kasuan, ez dute zergarik izango.

Detaile gutxi

Izan ere, merkataritza akordioen ñabardurak zehazteko denbora gehiago behar ohi da. Donald Trumpek «itun osatu eta zabala» dela iragarri badu ere, aditu gehienak bat datoz merkataritza akordio itxi bat baino, horretarako markoa izan dela. Hau da, agerraldia, funtsean, «negoziatzen hasteko akordioa» izan da.

Donald Trumpek behin eta berriz eta herrialde guztiei begira (Erresuma Batuarekin legez, Hego Korea, Japonia eta Indiarekin ere negoziatzen ari dela iradoki du) esan ohi du beste aldeak berak baino beharrezkoago duela akordioa lortzea. Asteon bertan, Mark Carney kanadar lehen ministroarekin elkartzean, «ez dugu zertan akordiorik sinatu behar» esan zuen. «Besteek sinatu behar dituzte gurekin, gure merkatua nahi dute. Guk ez dugu haien merkaturik nahi, bost axola zaigu haien merkatua».

Ostegun honetan oso bestelako tonua izan du AEBko presidenteak, akordio berriaren onurak goraipatuz. Izan ere, harropuzkeriak harropuzkeria, une honetan berebizikoa zuen Etxe Zuriak zerbait aurkeztea, merkataritzan zein finantzetan konfiantza pixka bat txertatzeko. Dow Jonesek 650 puntu egin du gora agerralditik gutxira, hau da, %1,59.

Agerraldiko zertzelada bakanek balizko akordiorako negoziazio-eremuak argitu arren, galdera asko ere airean uzten dituzte. Aurreratutako elementuetan aldaketak egon arren, oro har ehuneko hamarreko muga-zerga bere horretan geratuko da AEBn. Teknologia legeetan eta ikusentzuneko sektorean ere negoziatzeko borondatea iradoki dute, baina gaian bat ere sakondu gabe. Oraingoz, beraz, erraldoi teknologikoek Londresek ezartzen dien zerga digitalak indarrean jarraituko du. «Atzerriko zinemari» muga-zerga ezartzeko asmoa ere aipatu berri du egunotan Trumpek, eta Erresuma Batuak zinema-industria indartsua dauka. Ingelesez da eta onura fiskalak izanik, AEBko konpainiek ozeanoaren beste aldean errodatzea hobetsi dute.

Ñabardurak falta dira eta ituna baino gehiago kontzeptu bat dela esango dute adituek, baina Donald Trumpentzat garaipen kutsua dauka azken asteotako aztoramenduaren ostean. Horregatik, Erresuma Batuarekiko harremana goraipatu du. «Gure aliatu zaharrena, gutxi gora behera», esan du Trumpek. Londresen gustura entzungo dituzte hitz horiek, baina ez Mantxako kanalaren beste aldean. Estatu Batuen aliatu zaharrena Frantzia da, izan ere; besteak beste, Independentzia gerran aliatu ziren... Erresuma Batuaren aurka.

Downing Street, pozik

Keir Starmer-i ere bikain datorkio akordioa, are gehiago duela astebete Indiarekin beste akordio bat sinatu ostean. Ez da txikia etxean daukan presioa, eta AEBekin akordioa lortzen duen lehen pertsona bezala agertzea salmenta ona duen argudioa da (Washingtonen zegoen uste orokortua zen Asiako ekonomia handietako batekin izango zela lehen akordioa. Asteazken gauean Etxe Zuriak iragarri zuenean, India eta Japonia aipatu ziren).

Starmerrek gutxik espero bezain harreman ona lortu duela Trumpekin iradokitzen du. Denak ez dira pozik egongo, ordea, eta presio handiena nekazarien aldetik izango du. Azken hilabeteotan traktore-protestak izan dira Londresen, eta AEBko haragia Erresuma Batuan merkaturatzeak are kezka handiagoa piztuko du. Gaur bertan, Estatu Batuetako haragia inportatzeko akordioa egon arren, «orain arteko kalitate-estandarrak» ez direla jaitsiko esan du. Brexiterako erabili zen argudioetako bat, EBtik kanpoko merkatuak irekiko zirela, neurri batean betetzen da (nahiz eta Starmer-ek azpimarratu duen Washingtonekin lortutako akordioak ez dakarrela Europarekiko harremanak etetea edo murriztea).

Batek baino gehiagok galde dezake azken bost asteotako gorabehera guztien ostean gaur aurkeztutako hitzarmenak zenbaterainoko eragina daukan begirada pixka bat altxatuz gero. Hau da, Trump iritsi aurreko aldiarekin alderatuta. Keir Starmerri galdetu dioten ea merkataritza harremanak duela urte erdi baino hobeto dauden akordioarekin, eta testuingurua azpimarratu du lehen ministroak: «Galdetu beharrekoa da: atzo geundena baino hobeto gaude gaur?».

Epe laburrean jokatuta, zalantzarik gabe, argitasuna eta barealdi dakartza akordioak. Britaniar produktu batzuentzat muga-zergak arinduko dira, eta AEBko ekoizpen batzuentzat merkatu berri bat irekiko da. Hortik aurrera, galtza bete lan dauka Donald Trumpek munduko beste ia berrehun estaturekin merkataritza-harremana hobetzen.