«Zulotik atera eta neure burua berrasmatzeko modu bat bilatu nuen»
Egun batean, ustekabean, Joseba Gartzia lanik gabe geratu zen. Ezin igarri, ordea, egoera horrek abentura paregabe bati ekitera eramango zuenik. Gaztenpresaren laguntzaz, bere asmoa errealitate bihurtu zuen: Otxandio Hontza-Extrem, natura beteko abentura parkea.

2011. urtean, Joseba Gartzia otxandiarrak zurezko egiturak ekoizten zituen enpresa batean egiten zuen lan, jaioterritik hurbil. Enplegu egonkorra zuen, ganorazkoa, «bizitza osorako» omen den horietakoa. Baina, bat-batean, egun batetik bestera, enpresak ateak itxi zituen, aldez aurretik abisatu gabe, kudeaketa txar baten ondorioz.
Joseba kale gorrian geratu zen. 42 urte zituen, familia bat, hilero ordaindu beharreko hipoteka… Etorkizuna kolokan zegoen eta garai latz bati egin behar izan zion aurre. Zerbait egin beharra zeukan lehenbailehen. Zailtasunak zailtasun, erabaki garrantzitsuak hartzeko unea zuen, aurrera egitekoa, ausardiaz eta beldur barik. Hura abentura zoragarri baten lehen pausoa izan zen, gaur arte irauten duena, hain zuzen ere.
Josebak primeran gogoratzen ditu zeintzuk izan ziren une erabakigarri haietan pairatutako sentimenduak: beldurra, zalantza, bertigoa… «Ez nekien nola, baina zulotik atera beharra neukan, eta neure burua berrasmatzeko modu bat bilatu nuen». Landetan igarotako oporraldi batek aldaketarako giltza eman zion. Familiak abentura parke bat bisitatu zuen, eta bertan zeudela, argi bat piztu zen gure protagonistaren buruan, bizitza erabat eraldatuko ziona.
Aisialdirako proposamen hura, ingurune naturalari estu lotua, ideia inspiratzailea iruditu zitzaion, gurean ere arrakasta izan zezakeena. Etxera itzultzean, beste modu batez hasi zen bazterrak begiratzen, eta Otxandio aldean antzeko instalaziorik ez zegoela baieztatu zuen.
Horrek bere grina hauspotu zuen. Egitasmoa itxura hartzen hasi zen. «Bai, zergatik ez!», proiektu bideragarria izan zitekeen. Merezi zuen saiatzeak. Baina Josebak laguntza behar zuen aurrera egiteko. Bi lagun bazkide sartu ziren, erronka onarturik: Ainara Balantzategi eta Joserra Monjon.
Gaztenpresak, negozio-plana fintzen eta erabaki estrategiko hobeak hartzen laguntzeaz gain, 135.000 euroko hasierako finantzaketa lortzen ere lagundu zien.
Estreinako urratsa proiektua Otxandioko Udalari aurkeztea izan zen. Bertan begi onez ikusi zuten: abentura parkeak aukera ezin hobea eskaintzen zuen herria dinamizatzeko, bisitariak erakartzeko, kalitatezko enplegua sortzeko. Hala ere, bidea ez zen erraza izan. Bizkaian, oso lursail publiko gutxi dago, eta izugarri kosta zitzaien orube egoki bat aurkitzea.
Azkenean, Udalaren laguntzari esker, elkarrizketa eta ikerketa asko burutu ondoren, leku apropos bat topatu zuten: Olazarreko basoa. Paraje zoragarri horrek behar zuten guztia eskaintzen zien. Ezin ederragoa izateaz gain, hango pagoen tamainak tramankuluak behar bezala kokatzeko parada ematen zuen.
Hurrengo erronka, berriz, teknikoa izan zen: Josebak eta bere bazkideek ez zekiten gauza handirik tirolina, aire-egitura edota altuerako jardueretarako segurtasunaz. Heldu berriak ziren mundu horretara. Beraz, berme handiko enpresa espezializatu bat kontratatu zuten, proiektua gauzatzeaz ardura zedin.
Baina beste oztopo bat zegoen oraindik, eta ez edonolakoa, gainera: finantzaketa. Orduan, gertutasuna eta konfiantza zirela medio, Laboral Kutxara jo, eta Gaztenpresa ezagutu zuten. Ekimen horrek laguntza, orientazioa eta babesa ematen dizkie euren negozio propioa sortu nahi duten pertsonei. Prozesu osoan laguntzen die, gertu-gertutik, hasierako ideiatik amaierara arte.
«Eman ziguten laguntza ezinbestekoa izan zen gure ametsa egia bilakatzeko. Guk ez genekien nondik nora hasi eta haiek begiak eta ateak zabaldu zizkiguten, gure iparrorratza izan ziren baimen administratiboen eta arazo legalen labirintoan ez galtzeko», nabarmendu du Josebak.
Gaztenpresa programaren bidez, aholkularitza pertsonalizatua, eskura zeuden dirulaguntzei buruzko informazio zehatza, eta sendotasunez eta etorkizunari begira ekiteko prestakuntza espezifikoa jaso zituzten. Gaztenpresak, negozio-plana fintzen eta erabaki estrategiko hobeak hartzen laguntzeaz gain, 135.000 euroko hasierako finantzaketa lortzen ere lagundu zien. Diru hori, hiru bazkideek jarri zutenari gehituta, erabakigarria izan zen proiektua abian jartzeko orduan.
PIXKANAKA EGUNERATZEN
Hontza-Extrem parkeak 2013ko irailaren 21ean ireki zituen ateak. Harrezkero, pixkanaka-pixkanaka, eguneratzen joan da, behar berriei erantzun egokia ematearren. Jatorrizko egiturak oinarri izaten jarraitzen du, baina tirolina-linea berriak, zailtasun desberdineko ibilbideak eta segurtasun-sistema berritzaileak gehitu zaizkie hasierako instalazio haiei. Hiru sortzaileek lehengo ilusio beraz segitzen dute jo eta ke. Hala ere, goi-denboraldian, Aste Santutik udazkenera arte, bost langile gehiago kontratatu ohi dituzte, bisitariek merezi duten arreta ezin hobea emateko.
Josebak bere proiektuan sinetsi izan du beti, baita momentu zailenetan ere, eta etsi gabe jardun du bere ametsaren alde. «Hala da: zuk zeuk zeure ideian sinesten ez baduzu, zu zeu gogotsu eta baikor aritzen ez bazara, gauzak ez dira ongi aterako. Oso une latzak izan dira, jakina, baina merezi izan du, inolako zalantzarik gabe»
Ametsetik errealitatera: beste eredu arrakastatsu batzuk
Laboral Kutxaren Gaztenpresa programa ezinbesteko lagungarria izan da Euskal Herriko ekintzaile askorentzat. Joseba Gartziak babesa eta aholkua aurkitu zituen lanik gabe geratzeak bere burua berrasmatzera behartu zuenean, eta bere enpresa-abenturak egundoko arrakasta lortu du. Baina Joseba ez da bere helburuak bete dituen ekintzaile bakarra izan. Nokora, Tipi-Tapa edo Kalaka jokoak bezalako zenbait enpresa ere ekimen honen balio handiaren erakusgarri dira.
Nokora, jatorrizko kafeetan espezializatutako kafetegi bitxia, kikara bakoitza zentzumen bidaia bihurtzeko grinarekin jaio zen. Hemen tradizioak bat egiten du berrikuntzarekin, eta Brasil, Etiopia edota Guatemalako kafe bereziak eskainzen dizkie bestelako zerbaiten bila datozen bezero konformagaitzei. Gaztenpresak lagundutako egitasmo honek ere arrakasta handia izan du, eta tokiko erreferente bilakatu da Bilbo aldean.
Gordexolako Tipi-Tapan, ordea, dibertsitate funtzionala daukaten pertsonen bizitza hobetzen dute zaldien laguntza erabiliz. Zentro honek hipoterapia eta zaldiketa terapeutiko eta egokitua eskaintzen ditu, baita familia eta talde-jarduerak ere, betiere naturarekiko harreman estua bultzatuz. Gaztenpresak gizakien eta animalien ongizatearekin konprometitutako ideia interesgarri hau gauzatu ahal izateko prozesua erraztu zuen.
Azkenik, Laudioko Kalaka Jokoak jolasaren bidez komunikazioa eta garapena sustatzeko pentsatutako zurezko jostailuak diseinatu eta ekoizten ditu, artisau eran. Erakunde, elkarte edo enpresei zuzenduta, haien sorkuntzek diseinua, funtzionaltasuna eta hezkuntza-osagai sendoa uztartzen dituzte.
Hiru istorio hauek zerbait partekatzen dute Josebarenarekin: ametsa errealitate bilakatzeko orduan Gaztenpresak eskainitako laguntza ezinbestekoa.

Txosnen eredua arriskuan dagoela ohartarazi dute: «Ez gara enpresa bat»

Zea Maysek Kortaturen ‘Hay algo aquí que va mal’ abestiaren bertsioa osatu du

El Partido Carlista considera probado que «Juan Carlos tiene las manos manchadas de sangre»
Elkartasunak epaiketaren hotza goxatu du Baztanen
