NAIZ

Konfekoopek 1.391 enpresa kooperatibo biltzen ditu, 62.330 enplegu zuzen sortzen dituztenak

Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak bere «sendotasuna» aldarrikatu du 1.391 enpresa kooperatiborekin, 62.330 lanpostu zuzenekin eta 1,5 milioi bazkide baino gehiagorekin, eta 2028ra arte «anbizio handiko» ibilbide-orri berri bat adostu du.

Iñaki Nubla Otaola Konfekoopeko zuzendaria eta Rosa Lavín Ibarra presidentea.
Iñaki Nubla Otaola Konfekoopeko zuzendaria eta Rosa Lavín Ibarra presidentea. (KONFEKOOP)

Rosa Lavin Ibarra Konfekoopeko presidenteak eta Iñaki Nubla Otaola konfederazioko zuzendariak prentsaurrekoa eskaini dute ostiral honetan 2024ko balantzea aurkezteko, 2025erako aurreikusitako mugarri nagusiak iragartzeko eta 2025-2028 Plan Estrategiko berriaren ardatzak azaltzeko.

Biek nabarmendu dute 2024a ekitaldi «positiboa» izan dela euskal kooperatibismoarentzat, nahiz eta testuinguru geopolitiko eta ekonomiko globala «konplexua» izan. Iñaki Nublaren arabera, «nahiz eta egoera aldakorra eta zalantzaz betea izan, 2024ko ekitaldia positiboa izan da Konfekoopentzat. Ziklo bat ixten dugu, 2021-2024 Plan Estrategikoarena,Konfederazioarentzat aurrerapen-aldi bat izan dena, ahalegin kolektiboari, gure enpresa kooperatiboen konpromisoari eta gure eredu ekonomikoaren indarrari esker».

Gaur egun, Konfekooek 1.391 enpresa kooperatibo biltzen ditu, 62.330 enplegu zuzen sortzen dituztenak eta 1,5 milioi bazkide baino gehiago biltzen dituztenak.

Azken urteetako hazkunde iraunkorra ere azpimarratu du Nublak: «2021etik 2024ra, kooperatibek sortutako enplegu kopurua % 9 baino gehiago hazi da. Gainera, bazkide kopurua % 6,9 igo da aldi horretan bertan. Horrek erakusten du ehun kooperatibo sendoa dagoela, ingurune ekonomiko aldakorrari aurre egiteko gaitasuna duena».

Finantza-arloan, kooperatibak bultzatzeko tresna berriak finkatu direla nabarmendu du zuzendariak, hala nola Basque Konfekoop Ventures funtsa, duela gutxi SPRIrekin batera abiarazia. «Funts hau Konfekoop Seed Bizkaia funtsari gehitzen zaio, bien artean 4,5 milioi euro baino gehiago batuz kooperatiba berrien hasierako faseak, inbertsioak eta hazkundea indartzeko», azaldu du.

Aurrerapen instituzionala eta nazioarteko aintzatespena

Bestalde, Rosa Lavin presidenteak Konfederazioak 2024an lortutako aurrerapen instituzionalak azpimarratu ditu, hala nola Konfekoop Lanbideren Administrazio Kontseiluan sartzea: «Konfederazioarentzat, gure herrialdearen oparotasuna eta gizarte-kohesioa sustatzen duten enplegu-politikak definitzen diren eremuan parte hartzea izan da 2012tik izan den aldarrikapen nagusietako bat. Lorpen estrategikoa da, kooperatibek enplegu-politika publikoetan eragiteko duten gaitasuna indartzen duena», gaineratu du.

Era berean, Lavinek euskal eredu kooperatiboaren nazioarteko aintzatespena nabarmendu du, New Delhin egindako Kooperatiba Globalaren Konferentzianprotagonista izan zena: «Gure eredua lan elkartuko kooperatibismoaren ekarpenagatik aitortzen da munduan, industria-pisu handiagatik, berrikuntza-tasa handiengatik, enpresa-dimentsio nabarmenagatik eta enpresa kooperatiboen nazioartekotze-maila handiagatik, ez baitira deslokalizatzen eta lurraldean errotuta jarraitzen baitute».

Plan Estrategikoa

Presidentak 2025-2028 Plan berriaren lau ardatz estrategikoak azaldu ditu. Bederatzi hilabeteko partaidetza-prozesuaren emaitza da, eta 270 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.

Hauek dira helburuak: Erakundeen ordezkaritza eta eragina indartzea, kooperatibismoa funtsezko eragile izan dadin EAE-ko erronka ekonomiko eta sozial handietan; lankidetza erabilgarria bultzatzea, kooperatiba txiki eta ertainak indartuko dituzten lankidetza-formula berriekin; eta kooperatibei benetako balioa hurbiltzea, talentu ekintzailea sektore berrietara erakarriz, hala nola biozientzietara, mugikortasunera, energiara edo sormen-industrietara; eta Konfekoop barrutik eraldatzea, modernoagoa, digitalagoa eta pertsonekin konektatuagoa izan dadin.

Datorren maiatzaren 14an, Konfederazioak Batzar Orokorra egingo du ‘Handiagoak, indartsuagoak, eraginkorragoak’ lelopean, «hazkundearekin, enpresa-sendotasunarekin eta erakundeen eraginarekin duen konpromisoa berretsiz».