NAIZ

Mads Pedersenek irabazi du Giroko lehen etapa eta Landak agur esan du eroriko batengatik

Lidl-Trek taldeko daniarrak lortu du esprintean aurtengo Giroko lehen garaipena. Van Aert bigarren izan da eta Aular, hirugarren. Albiste txarra azken kilometroetan etorri da, Mikel Landak eroriko gogorra izan baitu eta ohatila batean eraman behar izan dute, orno batean haustura izan duelako.

Mads Perdersen, garaile Giroko lehen etapan.
Mads Perdersen, garaile Giroko lehen etapan. (Luca BETTINI | AFP)

Aurtengo Giroak ez du denek –euskaldunek, gehienbat– espero zuten hasiera izan. Albaniak jasoko ditu hasierako hiru etapak, Lidl-Trek taldeak protagonismoa izan du horietako lehenengoan lan bikaina eta Mads Pedersenen garaipena eta lidertzagatik, baina Mikel Landa txirrindulari euskaldunak agur esan behar izan dio lasterketa arrosari azken kilometroetan izandako eroriko gogor baten ondorioz.

Telebistan ikusitako irudiak mina sentiaratzeko irudiak izan dira. Landa, lurrean etzanda, hasiera batean klabikula hautsia izan zitekeenarekin, eta ondoren esku-ohe batean ospitalera nola eramaten duten ikusi ahal izan da. Ordu batzuk beranduago Soudal taleak jakinarazi duenez, arabarrak «Th 11 ornoaren haustura egonkorra du» eta horregatik «denbora luzez etzanda egonkor egon beharko du». Landak garaipenen bat nahi zuen aurtengo Giroan, eta zergatik ez, podiumarekin ere amesten zuen berriro ere, 2015 eta 2022an bezalaxe, baina ezin izango du helburua bete.

Gertaera azken kilometroetan gertatu da, bihurgune itxi batean, tropela esprinterako prestatzen zegoenean eta tentsioa %100ekoa zenean. Telebistako kamerek beste bi txirrindulari nola erortzen ziren grabatzen zutenerako, Landa lurrean zegoen jada minduta.

Aurrean, berriz, tropelak ez du abiadura jaitsi. Are gehiago, Lidl-Trek taldeak asko tentsatu du lasterketa eta Pedersenek ez du hutsik egin Giroko lehen garaipena lortu eta lehen liderra izateko. Daniarra bigarren izan zen Flandesen, hirugarren Paris-Roubaixen eta oso sasoi onean iritsi dela baieztatu du. 2019an munduko txapeldun izandako 29 urteko gizonak lider bezala jartzen duen lehen maillota du honakoa.

«Garaipen berezia da, etapa eta lidertzarekin, taldeari egindako lana eskertzeko modukoa. Taldea aukeratu nahi genuen eta hori da egin duguna. Van Aerti irabazteko hankak izan ditut», azpimarratu du helmugan Mads Pedersenek.

Lidl, lasterketako jabea

Egia esateko, Lidk-Trek taldeak egindako lana handia izan da gaurkoan. Hasiera-hasieratik lehen ihesaldia osatu da. Boskote batek osatu du: Van der Hoorn, Tarozzi, Verre, Tonelli eta Moniquet. Alpecin Deceuninck eta Visma taldeek iniziatiba hartu dute tropelean Kaden Groves eta Wout Van Aerten mesedetan.

Boskoteak lidertzan gainditu dute Graceneko igoera (2. mailakoa, 12,9 kilometro %5,3an), baina minutu bateko aldearekin. Hau ikusita, jaitsieran, Alessandro Verre bakarka joaten saiatu da, baina ihesaldiak ez zuen zentzurik eta Tiranako zirkuituan sartzerakoan, garaipena esprintean erabakiko zela zekiten denek.

Zirkuitu honek Surrelera bi igoera zituen (3. malakoa. 7 km %4,4ra) eta Lidl eta Vismak ipinitako erritmoak eragina izan du zenbait esprinterretan: Magnier, Bennett, Kooij eta Fretin atzean geratu dira.

Jaitsieran Vismak hartu du lidertza, baina igoeran berriro Lidl izan da erritmoa ipini duena. Txirrindulari asko atzean geratu dira, baina faboritoak bertan ziren.

Azken kilometroko tentsio artean, Pedersenek ez du hutsik egin. Landismoa, ordea, triste geratu da.