Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
Elkarrizketa
Xumar Altzugarai
Pantailak Euskarazeko kidea

«Zinemetan euskaraz deus ez egotea normaltzat jotzen da, baina salatzen jarraitu behar dugu»

Egunotan ari da ospatzen Pantailaldia. Pantailetan ere euskaraz bizitzea izango da erronka, baita pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea ere. Pantailak Euskarazeko Xumar Altzugaraik (Lesaka, 1985) gaiaren gakoak aletu ditu.

Xumar Altzugarai, Pantailak Euskarazeko kidea.
Xumar Altzugarai, Pantailak Euskarazeko kidea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Pantailak Euskaraz herri ekimenak euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko antolaturiko aktibazio sozialerako ariketaren II. edizioa maiatzaren 6an hasi eta maiatzaren 15era arte luzatuko da. Zinema areto batera joan eta, euskarazko filmik ez badago, euskararentelefonoa.eus helbidean salaketa jarri, sakelakoa eta ordenagailua euskaraz konfiguratu, Zernonikusi aplikazioa deskargatu, eta euskarazko eduki bat ikusi... Aktibazio soziala burutzeko baliabide zerrenda eta egutegi bat zabaldu dute; pantailakeuskaraz.eus webgunean topatu daiteke informazio guztia.

2022an ospaturiko lehen edizioan 500 herritarrek eman zuten izena, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituela eta %64k edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela. Zein izango da aurtengo erronka?

Aurtengo erronka aldaketa horretan sakontzea izango da. Iruditzen zaigu oraindik ere jende aunitz dagoela uste duena plataformetan edota sare sozialetan ez dagoela euskarazko edukirik, leku horiek ez direla euskararenak. Baina zorionez gauzak iraultzen ari gara poliki-poliki, eta gaur egun eskaintza handia dago euskaraz Netflix, PrimeVideo, Filmin edo Max bezalako plataformetan. Sare sozialetan ere gero eta eduki-sortzaile gehiago ari da euskaraz edukiak sortzen, Tiktoken adibidez gero eta euskara gehiago entzuten da eta berri hagitz pozgarria da hori.

«Sorgin-gurpil bat dela iruditzen zaigu, zenbat eta jende gehiagok ikusi euskarazko edukiak, orduan eta eduki gehiago izango ditugula plataformetan»

Lehen Pantailaldia egin zenutenean VoD plataformetan eduki gutxi batzuk zeuden euskaraz. Egun, Netflixen 262 izenburu daude euskarazko audio zein azpidatziekin, Prime Videon 267, Filmin-en 312 eta Max-en 51. Baliabideek inoiz baino gehiago diruditen honetan, zein da egitasmoaren helburu nagusia? 

Bi helburu nagusi ditugu. Aipatzen duzun bezala, azken bi urteetan izugarri handitu da plataforma nagusietan euskaraz bikoiztuta edo azpititulatuta topatu dezakegun edukien kopurua, eta Pantailaldiaren helburuetako bat bada jendeari ezagutaraztea eduki horiek guztiak hor daudela, astero eduki berriak iristen direla eta badugula ardura indibidual eta kolektibo bat euskaraz dauden eduki horiek kontsumitzeko. Uste dugulako plataformek ikusi behar dutela euskaratzen dituzten eduki horiek jendeak ikusi egiten dituela. Sorgin-gurpil bat dela iruditzen zaigu, zenbat eta jende gehiagok ikusi euskarazko edukiak, orduan eta eduki gehiago izango ditugula plataformetan.

Baina ezin dugu ardura guztia norbanakoengan utzi, eta Pantailaldiaren bigarren helburua  erakundeak interpelatzea da, ardura handiena beraiek baitute. Uste dugu erakunde publikoek egun egiten dutena baino askoz gehiago egin beharko luketela euskara pantailetan indartzeko, euskararen erabileran eta biziberritzean pantailak estrategikoak direla iruditzen zaigulako.

Erakundeei beste behin ere dei egiten diegu politika eta finantziazio ausartak martxan jar ditzaten ikus-entzunezkoetan euskara sustatzeko, Katalunian egiten duten bezala adibidez. Generalitateak urtero diru kopuru handi bat bideratzen du katalana bai zinemetan bai plataformetan sustatzeko, eta horren ondorioz punta-puntako film eta telesailak katalanez ikusi daitezke bai zinemetan eta baita plataformetan ere. Euskal Herriko erakunde publiko desberdinek ere bide berdina hartu beharko lukete eta politika eta finantziazio ausartak bideratu euskarazko ikus-entzunezkoetara, bai sorkuntzara, bai bikoizketara eta baita azpitituluetara ere.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Helburuetako bat, orduan, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian uztea da. Zeintzuk dira une honetan gabeziarik handienak?

Gabeziarik handiena gaur egun zinema aretoetan daukagu. Duela hilabete batzuk aurkeztu genituen 2024. urteko datuak, eta oso kezkagarriak dira. Euskal Herriko zinema-aretoetan emanaldien %1 bakarrik izan zen euskaraz. Egoera hori onartezina da hizkuntza bat normalizatu eta biziberritu nahi den herri batean. Erakundeei behin eta berriro eskatu diegu zinemetan euskararen aldeko politika sendoak martxan jartzeko, baina oraingoz ez ditugu nahiko genituzkeen emaitzak ikusten. Bestalde, bideojokoen alorrean ere gabezia handia dago. Katalunian Generalitatea hartu-emanetan ari da Playstation, Xbox eta antzeko kontsoletara katalan gehiago iristeko, eta uste dugu Euskal Herrian ere erakundeek lanketa bat egin beharko luketela bideojokoetara euskara gehiago iristeko.

Pantailaldiaren egitaraua zabala da; hasierako ekitaldi nagusia maiatzaren 6an izan zen Bilboko Kafe Antzokian, ‘Kneecap’ irlandar filma eskaini zenuten; zergatik film hau? Zer du berezitik?

Kneecap musika taldea fenomeno bat bilakatu da azken urteotan, eta miresgarria iruditzen zaigu taldeak hizkuntza gaelikoa defendatzeko duen jarrera eta ausardia. Iruditzen zaigu film honek ederki islatzen duela hori guztia, eta gainera auzolanean azpititulatu da filma lantalde bati esker, horrek ere ematen dio balio erantsi bat. Datozen asteetan Euskal Herriko txoko desberdinetan ere izango dira emanaldiak, eta Filmin plataforman ere ikusi daiteke euskaraz azpititulatua.

Maiatzaren 10ean protestarako deialdia ere egin duzue; egun horretan herriko zinemetan euskarazko eskaintzarik ez badago, euskararentelefonoa.eus webgunearen bidez salaketa jartzeko deia luzatu duzue.

Pantailaldian berriro animatu nahi dugu jendea zinemetan euskarazko eskaintzarik ez badago, euskararentelefonoa.eus helbidean salaketa jartzeko. Barneratu egin dugu normala dela euskaraz deus ez egotea zinemetan, baina egoera honek ez du normaletik, eta beraz salatzen jarraitu behar dugu. Eskubide bati buruz ari gara, ez dezagun ahaztu.

#Pantailaldia traola erabiliz, euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko edo sortzeko orduan ditugun bizipenak eta zailtasunak sareetan eta komunikabideetan zabaltzeko deia ere egin duzue; jaso duzue iruzkinik?

Zorionez euskarazko ikus-entzunezkoen inguruko kontzientzia gero eta handiagoa dago jendartean, eta sare sozialak ere horren isla dira. Gero eta jende gehiagok zabaltzen ditu gaiaren inguruko mezuak, eta Pantailaldiak dirauen bitartean jendea animatu nahi dugu sare sozialetan #Pantailaldia traola erabiliz gainerakoarekin elkarbanatzera euskarazko zein eduki ikusten dituen, ze zailtasun topatzen ari den pantailetan euskaraz bizitzeko eta abar.

«Euskal Herriko zinema-aretoetan emanaldien %1 bakarrik izan zen euskaraz. Egoera hori onartezina da hizkuntza bat normalizatu eta biziberritu nahi bada»

2021eko abenduan Pantailak Euskaraz-ek manifestu bat plazaratu zuen, euskalgintzako, hezkuntzako eta ikus-entzunezkoetako berrogei eragileren babesarekin, eta euskarazko streaming plataforma bat sortzea zen eskaeretako bat. Iritsi zen Primeran helduentzat eta Makusi haurrentzat; behar bezala elikatzen dira plataforma horiek? Garrantzitsuak dira?

Makusiren kasuan iruditzen zaigu lan handia egiten ari direla haurrei euskarazko eduki erakargarriak eskaintzeko, eta oso pozgarria da ‘Txakur Patruila’, ‘Ladybug’, ‘Dragoi Bola’, ‘One Piece’, ‘Irabazi Arte’ eta antzeko edukiak euskaraz eta debalde eskaintzea plataformak.

Primeranen kasuan uste dugu lana dagoela egiteke oraindik. Duela urte batzuk Euskal Telebistak euskaraz bikoiztuta ematen zituen nazioarteko film eta telesail arrakastatsuak, baina gaur egun Primeranek ez du horrelakorik eskaintzen. EiTBk berriro heldu beharko lioke nazioarteko puntako edukiak euskaraz bikoiztu edo azpititulatuta eskaintzeari, gaur egun Primeranen katalogoa ez delako hagitz erakargarria. Aurrerapausoak eman dira, baina bidea geratzen da oraindik.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak orain gutxi azaleratutako ikerketa baten arabera, Euskal Herrian euskarazko ikus-entzunezko edukiek presentzia oso urria dute gazteen eta haurrenean artean; zein da egoera hori iraultzeko bidea?

Arestian aipatu bezala, jende aunitzek pentsatzen du oraindik plataforma edota sare sozialak ez direla euskararen lekua, eta UEMAren ikerketa horrek argi utzi zuen hori.  EMAko herrietako gazteen artean portzentaje hagitz txiki batek kontsumitzen ditu plataforma eta sareak euskaraz. Eta are kezkagarriagoa dena, %1-ak bakarrik igotzen zituela edukiak sareetara euskaraz zion ikerketak. Gainerako guztiek gazteleraz edo frantsesez.

Aurrerapausoak ematen ari gara, baina lan handia dugu egiteke oraindik. Hemen ere arduraren zati handiena erakundeek dutela errango nuke, eta beraiei euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko politika sendoak eskatzen jarraitu beharko dugu.