
Euskal Herriko Gazte Feministak Zaldibarren elkartu dira larunbat goiz honetan datorren udazkenean bertan egongo den Baterajotzearen berri emateko. Aurkezpenean gaitzetsi dutenez, gaur egun «pobrezia, krudeltasuna eta odolusteak» dira nagusi eta adibide bezala jarri dituzte neoliberalismoak dakartzan pribatizazio politikak, emakumeek pairatzen duten karga bikoitza, migrazio politikak, etxegabetzeak, gazte independentisten kriminalizazioa, krisi ekologikoaren ukazioa edota Palestinaren aurkako genozidioa.
«Beldurraren kultura dela medio, immobilismoa bultzatu nahi da», salatu dute, eta horri aurre egiteko prest dauden mugimendu antolatuak badaudela azpimarratu dute. Gazte feministek nabarmendu dute Euskal Herriko feminismoaren genealogiatik «borrokarako grina, analisi zorrotza eta desobedientzia» jaso dituztela, eta historian zehar «ilusioz eta amorruz» aritu direla.
Horregatik, egungo borroka testuinguruan «gureak ez diren gerren aurrean intsumisioz» erantzuten dutela diote, eta, aldiz, «gure aurkako gerrak» izendatzen eta ikusgai egiten dituztela.
Nabarmendu dutenez, lubaki feministetatik «gorputzen, herrien eta bizitzen burujabetzaren aldeko apustua» berresten dute eta, testuinguru horretan, «espazio publikoa hartzeko, kontakizuna, autodefentsa eta konspiraziorako gaitasuna berreskuratzeko tresna izango da Baterajotzea», esan dute.
Aldi berean, «feminismoaren aurkako erasoen, misoginia modernoaren eta lege errepresiboen aurrean» antolakuntza feministaren defentsan jarraitzeko deia egin dute.
Horrela, urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte, Zaldibar izango da «garaipenak eskuratzen jarraitzeko estrategien pentsaleku. Kaleak hartu eta konspirazio, borroka eta iraultza feministan jarraitzeko topagunea izango da» ziurtatu eta «ortzimuga feminista marrazteko unea izango da», adierazi dute.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
