
Euskararen normalizazioaren aldeko aldarria Nafarroako iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera ozen entzun da larunbat goiz honetan, Sorionekuak kolektiboak deitutako mobilizazioaren abaroan. Herrialdeko hainbat herritako zubiak hartu dituzte euskalzaleek ‘Ireki ateak euskarari’ lemapean, eta jarduera ezberdinak burutu dira horietan, kale jirak, herri argazkiak, hamaiketakoak eta trikitilari saioak, besteren artean.
Elkarretaratze goiztiarrena Leitza eta Berastegi batzen dituen Zazpizubietan egin dute, 11.00tan. Orduerdi beranduago abiatu da Gareseko Zubi Zaharreko bilkura, eta 12.00etan bildu dira herritarrak Basaburuako Pasaderetako zubian, Larrauneko Arruizko Beltzuntze zubian, Bortzirietako Bereako zubi zaharrean (Lesaka), Ultzaman, Lakuntzan eta Irañetan, besteak beste. Esteribarreko Larrasoañako zubiak 12.30ean jaso ditu euskaltzaleak, baita Tafallako Atari Berriko zubiak ere, eta 13.00ak aldera abiatu dira Zangoza, Berbinzana eta Aranguren Ibarra-Mutiloako elkarretaratzeak.
Sare sozialen bidez partekatu dituzten irudietan aterkiak eskuan eta euritarako zirak soinean agertzen dira euskaltzale gehienak, eguraldi petralari duten aldarte onenarekin erantzunez. Izan ere, eguraldi makurrari aurre egin behar izan diote egitasmora batu nahi izan duten herritarrek eta horrek ere baldintzatu egin dute, hein batean, parte hartzea.
Euskarari ateak zabaldu
Sare sozialen bidez partekatu dituzten irudietan aterkiak eskuan eta euritarako zirak soinean agertzen dira euskaltzale gehienak, eguraldi petralari duten aldarte onenarekin erantzunez. Izan ere, eguraldi makurrari aurre egin behar izan diote egitasmora batu nahi izan duten herritarrek eta arratsaldean Iruñean egitekoak ziren manifestazioa ere bertan behera utzi behar izan dute. Alta, bertan irakurtzekoa zuten manifestua sare sozialen bidez zabaldu dute.
Agirian Tuteran, Erriberako bihotzean jaiotako Blankaren sinadura darama: eremu euskaldunean jaio ez bada ere bere sentitzen du euskara, eta argi dio herritarrak direla euskararen zubiak: «Euskararen etorkizunera benetako zubiak gutako bakoitza gara, gutako bakoitza izanen da euskara etorkizunera eramanen duena», dio. Zubiak eraikitzearen zailtasunaz ere mintzo da: «Kontziente gara zubiak eraikitzea ez dela gauetik egunera egiten den zerbait, herritarren posizioa eta pentsaera aldatzeak bere denbora behar duela, eta horretara goaz: euskararen aldeko bidea egitera. Euskarari, ateak irekitzera. Ahal bezainbeste jenderekin, ahal bezainbeste aliaturekin».
Zentzu horretan, euskaldundu denetik «bihotzean poztasun berezi bat» duela dio, «munduari begiratzeko, eta gure ingurua ulertzeko betaurreko berriak. Eta betaurreko horiek nafar guztiek jartzea da gure erronka eta hautua. Euskara hemengoa delako, eta hemengoa bada, nafar guztiona da».

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
