Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Volleringek bere bigarren Vuelta irabazi du, azken etapako garaipenarekin borobilduta

Demi Vollering Vueltako txirrindulari indartsuena izan da, aurreikuspenak betez. Etapa menditsu gogor batekin bukatu da lasterketa larunbat honetan eta hau ere bereganatu du. Podiumean alboan izan ditu Marlen Reusser eta Anna Van der Breggen. 12. amaitu du Usoa Ostolazak.

Demi Vollering, besoak altxata, Cotobelloko helmugan.
Demi Vollering, besoak altxata, Cotobelloko helmugan. (Miguel Riopa | AFP)

Demi Volleringek bere bigarren Vuelta irabazi du. Azkeneko etapa ere bereganatu du FDJ-Suezeko txirrindulariak. Marlen Reusser izan da bigarren eta Anna Van der Breggen hirugarren. Azken sailkapenean postu hauek errepikatu egin dituzte. 

Emakumezkoen tropelean izan den botere banaketaren erakusgarri izan da lasterketa hau. Iaz taldekide ziren podiumeko hiruak, baita bosgarren postuan amaitu duen Niamh Fisher-Black ere. Aurten, bakoitza talde banatan, ikuskizun bikaina eskaini dute. Botere banaketa ez da herrialdeetan egon. Izan ere zazpi etapak herbereetako txirrindulariek irabazi dituzte.

155 kilometro eta hiru mendateko etapa gogorra izan dute txirrindulariek larunbat honetan Vuelta amaitzeko. Colladona, Colladiella eta Cotobelloko igoera asturiarrek txikizioa eragin dute tropelean, gogortasunari euri giroa gehituz.

Hala ere, faborito guztiak batu egin dira azken bi mendateen arteko lautadan. Bertan aurrera egin dute Mavi Garcia beteranoak eta Evita Muzic Volleringen taldekide gazteak. Tropelak erritmoa bizitu du haien bila eta, batez ere, azken igoera abiatzeko posizio on baten bila. Usoa Ostolazak zorte txarra izan du gaurkoan. Ostegunean Neilan maila itzela eman eta bosgarren egin ostean, gaurkoan sailkapen nagusian goiko postu bat ixtea zuen helburu. Tropel nagusian zihoan azken igoera baino lehen, baina 12 kilometrora erorikoa izan du eta atzetik aurrerako bidea egin behar izan du Cotobelloko igoera gogorrean.

Egon da bere aukera baliatzen saiatu denik. Marion Bunelek, Pauliena Rooijakkersek eta Evita Muzicek sailkapenean galduta zuten denbora baliatzen saiatu dira aurrera egiteko, baina ez diete abagune handirik eman. Erasoen aurrean, Van der Breggenek erritmoa jartzea erabaki du eta laukote batean utzi du taldea: Vollering, Reusser eta Kerbaol. Sailkapeneko lehenbiziko lauak, sorpresarik gabe.

Apustu hori egin du SD Worxeko txirrindulariak, baina Vollering eroso ikusi da momentu oro. Liderra kilometro eta erdiren faltan mugitu da, baina denak itsatsi zaizkio gurpilera. 800 metroren faltan bigarren erasoa iritsi da eta honek bai min egin du. Vueltako txirrindulari indartsuena izan dela argi utzi nahi izan du eta lasterketa hau erreskadan bigarrenez irabazi du.

Ostolazak, erorikoaren posizio ugari galdu arren, igoera ona osatu du eta sailkapen nagusian 12. amaitu du, aurrekoengandik oso gertu. Etapan 16. izan da zarauztarra.