Kale animazioa non nahi izan da igande honetan, Senpereko lakuaren inguruan.
Kale animazioa non nahi izan da igande honetan, Senpereko lakuaren inguruan. (Patxi Beltzaiz)
Musika eta giro hona Herri Urratsen.
Musika eta giro hona Herri Urratsen. (Patxi Beltzaiz)
Haurrentzako puzgarri eta jokuak.
Haurrentzako puzgarri eta jokuak. (Patxi Beltzaiz)
Herri Urratsi hasiera emateko ekitaldi instituzionala egin dute.
Herri Urratsi hasiera emateko ekitaldi instituzionala egin dute. (Patxi Beltzaiz)
Gustu guztietarako egitarau zabala izan da Senperen.
Gustu guztietarako egitarau zabala izan da Senperen. (Patxi Beltzaiz)
Patxi Iriart kantuan Gipuzkoa gunean izan den bertso saioan.
Patxi Iriart kantuan Gipuzkoa gunean izan den bertso saioan. (Patxi Beltzaiz)
Kontzertuetan eskaintza zabala, gustu guztietarako.
Kontzertuetan eskaintza zabala, gustu guztietarako. (Patxi Beltzaiz)
Txikienentzako jolasak izan dira Senperen.
Txikienentzako jolasak izan dira Senperen. (Patxi Beltzaiz)
Erik Etxart ikastolen elkarteko lehendariordea ekitaldian.
Erik Etxart ikastolen elkarteko lehendariordea ekitaldian. (Patxi Beltzaiz)
Kale animazioa Senpereko lakuaren inguruan.
Kale animazioa Senpereko lakuaren inguruan. (Patxi Beltzaiz)
Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskarari bultzada emateko Herri Urrats ospatu dute Senperen, «elgarrekin»

Eguraldi txarraren beldur baziren ere, giro ederra izan da Senperen, Herri Urratsen 42. ospakizunean. Hitzordu berri bat iragartzeko baliatu dute gaurko zita: maiatzaren 23an mobilizazioa egingo dute Baionan, baliabide gehiago eskatzeko.

Senpereko lakuaren ingurumariak jendez bete dira.
Senpereko lakuaren ingurumariak jendez bete dira. (Patxi BELTZAIZ)

Goizean goiz esnatu da Senpere igande honetan, goizeko bederatziak pasatxo txalekodun laguntzaileak zerura begira eta guneetako azken prestaketak egiten zebiltzan. Izan ere, 42. Herri Urrats festa hartu du lakuak. Eta beste hitzordu baten berri eman dute: maiatzaren 23an, Baionan, «tanborrada erraldoia» egingo dute Parisi eskatzen dizkioten gutxieneko postuak exijitu, eta jasotzen duten mespretxua salatzeko mobilizazio baten bidez.

‘Elgarrekin’ hautatu zuten lelotzat, eta halaxe ibili dira goizean zehar belaunaldi ezberdinak elkarrekin auzolanean. Aurtengo festan bildutako etekinak Arberoako ikastolako suteak eragindako kalteak konpontzera eta Senpereko Kattalin Elizalde kolegioaren obrak egitera bideratuko dira.

Goizeko 10.00etan zen irekiera ekitaldia, Araba Berriaren gunearen atarian. Ordurako batzuek egina zuten lakuaren inguruko itzulia eta, ohitura zaharrei jarraituz, minutu batzuetako atzerapenarekin hasi da, aspaldiko lagunak agurtzen ari baitziren parte hartzaileak, eta antolatzaileak azken lanetan hara hona.

Erik Etxart Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak eman dio hasiera ekitaldiari, eta adierazi du «ezinbestean eta zoritxarrez» salaketa batekin hasi behar dutela agerraldia: «Iazko azaroan, urtero egiten dugun bezala, gure irakasle postu gehigarrien beharra frantsez hezkuntza ministeritzari helarazi genion, otsailean behar zuen erantzun, maiatza erditsura heldu gara eta oraino mutu daude». Azaldu du, adostuak dituzten printzipioen arabera, datorren ikasturtean, bigarren mailan hiru gela gehiago izango dituztela eta, ondorioz, sei irakasle hurbilen postuak behar dituztela. Eta lehenengo mailan bost irakasle berezitu, 30 notifikaziotik goiti baitituzte, «hori da gutxienez behar duguna», zehaztu du. Eskakizun horiekin, maiatzaren 23an, arratsaldez, Baionan egingo dute mobilizazioa.

Giro ona eta eguzkia lagun

Herri Urratsen ohitura omen da lakuari itzulia ematea, berdin du zein norantza hartu, gune batean ez bada bestean topatuko duzu gustuko eskaintza. Ekitaldia amaitu denerako, plazak betetzen ari ziren, Araba Berria gunera hurbiltzerakoan haurrek eskutik tiraka eramaten zituzten gurasoak puzgarrietara, eta mokadu bat egiteko aukera ere bazegoen. Eguardi partean hasi da betetzen, Olatz Salvador, Süne, Ezpalak eta Frigo kontzertuak izango baitira bertan. 

Gipuzkoa gunean bertsolariek eman diote hasiera guneko egitaraurari, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Aitor Servier eta Patxi Iriart aritu dira kantuan, eta jarraian, Baiona Kantuzeko lagunek alaitu dute giroa. Ibilbidean zehar zebiltzan joaldunek ere bertan hartu dute atseden, berriro ere ardi larrua jantzi eta basoan barna lurra esnatzeko-

Ibilbidean aurrera egin eta bidea apur bat loituta egonagatik ere, eguzkia lagun hartuta pozik dabiltza milaka euskaltzaleak aintziraren inguruan. Sagardo dastaketa eta haurren txokoa zeuden parez pare Lapurdi gunean, batzuk Pontx pailazoari begira zeuden bitartean beste batzuk eztarriak bustitzen hasteko.

Gaiteroak ere sumatzen dira bidean, eta gutxienez bost hamarkadako aldea duten belaunaldiak gurutzatzen dira lakuaren bueltan. Nafarroa Badok gunea izaten da sarritan bisitatuena, eta Herri Urratseko maketa lehiaketako irabazleek, bertako oholtza probatzeko aukera izan dute, Karena taldekoek hain zuzen ere. Arratsaldean izango dira, Maskak, Pil.Y, Dupla eta Marte Lasarte taldeen kontzertuak.

Bazkalordua iritsi aurretik lagun andana zen Xiberoa gunearen inguruetan, izan ere, berritasun bat gehitu zaie edizio berri honetan: Tokiko Gunea. Ipar Euskal Herriko etxaldeekin eskuz esku lan eginez tokiko jan edana eskaintzeko prest dira.