NAIZ

Laia Salsamendi eta Ane Mendiburu dira Nafarroako Irekiaren txapeldunak

Nafarrek 22-16 menderatu dituzte Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga leporaino bete den Labrit pilotalekuan. Otsagabian jaiotako aurrelari gaztearentzat garaipen berezia da, belauneko bi lesio larri gainditu ostean.

Salsamendi eta Mendiburu pozik, sariak jaso ostean.
Salsamendi eta Mendiburu pozik, sariak jaso ostean. (EMC)

Laia Salsamendi eta Ane Mendiburu 22-16 nagusitu dira gaur eguerdian Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu den Nafarroako Irekiaren finalean. Harmailak leporaino beteta zirela, irabazleek opari gehiegi egin dituzten Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga menderatu dituzte.

Lau pilotariek erantzun egin diote ikusleen pilota goseari, 500 pilotakadatik gorako partida jokatuz. Eta finala gogorra izan arren, bikote nafarraren ilusioak gain hartu dio aurkarien esperientzia handiagoari. Emaitza horrek Uharten egiten ari diren lan bikaina saritzeko balio du, bi txapeldun berriak bertan haziak baitira, eta esanahi berezia du Laia Salsamendiren kasuan, belaunetan bi lesio larrik ere ez baitiote pilotari izateko ametsa zapuztu.

Otsagabian jaiotako aurrelariak partida ikusgarri batekin borobildu du egun berezia. Zoritxarra, lesio moduan, bere bidean gurutzatu aurretik, erakutsia zuen tantoa amaitzeko dotorezia eta gaur partidaren erritmoa berak markatu du, kantxan inoiz eroso egon ez diren Aldai eta Arrillaga jokoz kanpo utziz. Atzean, pilotakada guztiak zentzuz jo dituen Ane Mendiburuk bikain lagundu dio Salsamendiri.

Bosnako berdinketara arte, finala oso piloteatuta eta orekatuta izan da, tantoak alde batera zein bestera eroriz, baina hasiera gogor horren ondoren, bikote nafarrak jokoaren eta markagailuaren nagusitasuna hartu du, 9-1eko partzialarekin. Bazirudien esperientzia eta ofizio handiagoa izateak balantza bizkaitarraren eta gipuzkoarraren aldera bideratu zezaketela, baina pentsa zitekeenaren kontra, gorriak izan dira akats gehien egin dituztenak, eta horrek gazteen lana erraztu du, Aldai saihesten eta finala luze egin zaion Arrillaga zigortzen jakin baitute.

Hala ere, Aldaik eta Arrillagak ez dute etsi eta tanto bakarrera hurbildu dira 15-16koan, hein handi batean defentsan egindako lanari esker eta Aldaik erasoan asmatu duelako. Hala ere, Dimakoaren akats batek berdinketa lortzea eragotzi die eta hor joan zaizkie titulua lortzeko aukerak, askoz ere osoago amaitu duten eta ikusleen laguntza izan duten aurkarien aurrean.