Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Mireia Pons eta Julen Calvo nagusi, Domusa Teknik 40 MLK lasterketan

Azpeitiko proba Atletismoko Espainiako Federazioak antolatutako Espainiako Txapelketarako baliagarria izan zen; hortaz, bi katalanok titulua irabazi dute. Skyrunning World Series zirkuituko Turkiako hitzorduan, berriz, Naiara Irigoyen hirugarrena izan da.

Calvok eta Ponsek irabazi dute Domusa Teknik 40 MLK ultra lasterketa.
Calvok eta Ponsek irabazi dute Domusa Teknik 40 MLK ultra lasterketa. (RFSA)

Azpeitiko Domusa Teknik 40 MLK lasterketak lau ekitaldi baino ez ditu bete, eta dagoeneko ultra distantzian antolatzen diren hitzorduen artean berezko lekua hartu du. Lagun Onak Mendi Bazkuna taldearen probak agerraldi sutsua izan du, eta azken edizioa horren isla izan da. Hori esan eta gero, aurreratu behar dugu Ultra Trail Runningeko Espainiako Txapelketa jaso zuela. Hain zuzen ere, Atletismoko Espainiako Federazioaren eskutik heldu zen.

Hori aurreratu eta gero, ez zen harritzekoa izan irteera puntuan Euskal Herriko zein gure ingurumariko lasterkari asko eta on ikustea. Gainera, hitzordu ofizial horrek udaran Canfrancen (Aragoi) jokatuko den ultra distantziako mundialarentzat txartelak banatu zituen.

Eguraldia nahasi izan zuten: euria, tenperatura freskoa (10º irteera puntuan) ekaitza… Halere, korrikalariak ez ziren kikildu eta lehia oso ederrak ikusteko aukera egon zen 65 kilometro eta 3.7000 metroko goranzko desnibela izan zituen ibilbidean. Mutilen kategorian, Pello Berrizbeitia lasterketaren buru jarri zen, eta eibartarraren atzetik, besteak beste, Zaid Ait Malek, Ivan Hernandez eta Perez Aurell kokatu ziren. Hurrengo kilometroetan aldaketa batzuk egon ziren. Adibidez, 30. kilometroan Victor Mier lider zegoen. Ekaitza lehertu eta ibilbidea astuna jarri zen. Zati batzuetan oso lokaztuta zegoen, eta erokiko asko egon ziren.

Julen Calvo irabazteko kinieletan ez zen hautagai nagusia, baina aipatu dugun puntu horretatik aurrera lasterketa handia egin zuen. Mier aurreratu eta atzean zituen lehiakideei alde polita atera zien. Ia eragozpenik gabe, katalana helmuga puntura lehen postuan heldu zen 6:07:43 denborarekin. Berrizbeitia ere sendo mantendu zen, eta bigarrena izan zen irabazlearengandik sei minutura. Urko Arizeta hirugarren postuan sailkatu zen 8 minutu eta 5 segundora.

Pons, nagusi

Emakumezkoen mailan, berriz, Maria del Mar Pastor indartsu hasi zen Domusa Teknik lasterketan. Mireia Pons eta Gemma Arenas atzetik zituen, eta, hain zuzen ere, bi katalanok 30. kilometroan tropelaren buru jarri ziren. Ponsek erritmoa azkartu eta Arenas atzean utzi zuen; sei minutuko aldea zegoen bi lasterkarion artean. Ekaitzaren erauntsia hala nola kudeatu zuten, eta Pons Azpeitian lehen postuan helmugaratu zen 7:16:49 kronoarekin. Arenasek amaiera ona egin zuen, eta irabazleari minutu batzuk kendu zizkion. Bigarrena izan zen 3 minutu eta 2 segundora. Barbara Ruiz podiumaren hirugarren kutxara igo zen; irabazlearengandik 18 minutu eta 35 segundora iritsi zen.

Domusa Teknik lasterketak ere beste hitzordu bat izan zuen: 15 MLK. Hots, laburragoa: 26 kilometro eta 1.400 metroko desnibel positiboa. Ikram Rharsall izan zen neska azkarrena (2:20:38). Minutu bat eta 37 segundora Onditz Iturbe bigarren postuan sailkatu zen. Eta hirugarrenean: Oihana Zubillaga.

Mutiletan, Aritz Egeak irabazi zuen 2:04:34 kronoarekin. Pello Bautistak bigarren postua sinatu zuen (minutu bat eta 19 segundora helmugaratu zen) eta Marco Ramosek hirugarrena.

Irigoyen, hirugarren

Bien bitartean, Skyrunner World Series zirkuituan korrikalari nafar bat protagonisten artean kokatu zen. Naiara Irigoyeni buruz ari gara. Burlatako kirolariak nazioarteko zirkuitu horretako Turkiako hitzorduan parte hartu zuen. Hots, Corendon Tahtali Run to Sky lasterketan.

Bitxia da hitzordu horren ibilbidea; izan ere, itsas mailan hasi eta Thataliko gailurrean (2.365 m) amaitzen da: 27 kilometro. Irakurtzen den bezala, ibilbide ia osoa igoera bat da; jaitsiera labur batzuk baino ez ditu. Anastacia Rubtsova errusiarrak irabazi zuen 3:17:11 denborarekin. Carrodilla Cabestre izan zen bigarrena eta burlatarra hirugarrena. Irigoyenek adierazi du ez zuela guztiz gozatu lasterketarekin: “Aurreko proba batean, Calamorron, arazo batzuk tarteko erretiratu nintzen. Turkiako azken hau nire ezaugarrietarako oso ona zen, baina puntu bat falta izan zait”.