Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Artolaren eskarmentuak eta Larrazabalen haize freskoak igandean Ogetan egingo dute talka

Amurrioko aurrelariak Alegiakoak pilota bizixeagoak aukeratu baditu ere, «lau pilotak oso aproposak» direla iritzi dio. Artolak finalerdietan aurrez aritu izana «kalterako izan ez arren», Larrazabalen erasokortasuna zeinahi presioren gainetik dagoela adierazi du.

Larrazabal eta Artola, biak ere materialarekin gustura.
Larrazabal eta Artola, biak ere materialarekin gustura. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jokin Altuna eta Unai Lasoren arteko lehiak pilotaren «klasiko» bihurtu badira, ezin gauza bera esan Iker Larrazabal eta Iñaki Artolaren arteko finalerdiari begira. Iker Larrazabalek iaz B Serieko Buruz Burukoa eraman zuen eta suziria bailitzan, Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko finalerdira ere iritsi da, bidean Ezkurdia, Altuna edo Dario bezalako pilotarien aurrean garaipena lortu ostean, nahiz eta garrantzirik gabeko neurketa bat Zabalaren aurka galdu.

Iñaki Artolak, berriz, 2021eko Buruz Buruko finalerako txartela lortu zuen, baina lesio malapartatu batek txapelik preziatuena lortzeko bidetik atera zuen. Dena den, igandean Ogetan jokatuko duten finalerdiari begira, Larrazabalek ekarri duen haize freskoaren aldean eskarmentua berarekin du aurrelari gipuzkoarrak.

Iganderako materiala aukeratu dute pilotari biek eta ez da arazorik izan. Larrazabalek adierazi duenez, «nire pilotak zerbait biziagoak dira bereak baino, baina nik uste partidan zehar lau pilotak aterako ditugula». Are gehiago, Amurrioko aurrelariaren ustetan, «pilotaleku honetarako material aproposa» apartatu dute protagonista biek.

Hasteko eta bat, Zabalaren aurka eskuineko eskua minduta amaitu zuen Amurriokoak. Zorionez, «eskuetatik eta buruz nahiko ondo» dagoela azaldu du, inolako aitzakiarik gabe, ostiralean azken entrenamendua egitearen faltan.

Ilusioak eta ametsak

Behin materiala dagokion kutxan gordeta, bataren eta bestearen indarguneak eta gabeziak aztertzeko ordua iritsi da. Zentzu horretan, Larrazabalek pilotalekua txikitatik ondo ezagutzea eta maila honetara iritsi izanak sortu dion ilusioak eskarmentu faltak baino pisu handiagoa izango ote duen itxaropena azaldu du.

«Orain arte inoiz jokatu dudan partidarik garrantzitsuena jokatuko dut igandean eta badakit pixka bat urduri izango naizela. Hala ere, partida ona jokatuko dudala uste dut», azaldu du arabarrak. «Iñaki fisikoki ikaragarria da eta pilotari lasai jotzeko moduan badago, asko luzatzen du. Nahitaez bera kantxan mugitu behartzen saiatu behar dut», gaineratu du Larrazabalek.

«Badakit Artola dela faboritoa, baina nik lan ona egin dezaket ere. Horretarako bete-beteko partida jokatu beharko dut fisikoki, teknikoki eta baita buruz ere. Pilotari abiadura eman behar diot eta aukera dudan momentuan, tantoa amaitu», laburbildu du 22 urteko gazteak.

Aurkariaren ilusio horri nola aurre egin aztertzea egokitu zaio Iñaki Artolari. «Eskarmentua alde edukitzea ez da txarra, hori hor egongo da beti, baina Ikerrek bidean nik baino izen askoz handiagoa duten aurkariei irabazi diela ikusita, badakit niri irabaztea ere baduela eta horri erreparatu behar diot».

Zentzu horretan, sakeak eta sake-erremateak izan dezakeen garrantzia azpimarratu du Alegiakoak. «Ikerrek tantoa erraz egiten du ondo dagoenean. Jokoan gehiago edo gutxiago izatea badago, baina sakea, sake-errematea... hor tanto asko eta takada handiak lortzeko bidea dauka. Hor gehien asmatzen duenak partida irabazteko bide handia egingo du aurrera».

Horrez gain, Larrazabalen boleari errespetu handia diola onartu du. «Hor goitik, boleaz bereziki, inork baino biziago darabil pilota. Gainontzeko pilotariekin alderatuta apur bat ezberdin jokatzen du eta arma hori nolabait geratzen edo saihesten ahalegindu beharko dut», gaineratu du Artolak.

Esan bezala, 2021ean finalerako txartela eskuratu zuen Alegiakoak, baina lau urte beranduago beste horrenbeste lortzeko «amets» egitearen garrantzia argitu du Artolak. «Amesten ez baduzu eta zure buruarengan sinesten ez baduzu, ezinezkoa da hori lortzea. Astean zeharreko lanaren zati bat da hori. Gero partida galtzeko aukera beti hor dago, bai, baina kasu horretan ez dago besterik lanean jarraitzea baino».