Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

‘Donostiatik Kirgizistanera’ proiektuak irabazi du Joxe Takolo beka

Heldu den udaran, Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro donostiarrek Djangart mendilerroan ukitu gabe dauden hainbat horma eta mendi eskalatu nahi dituzte. Gazteon egitasmoaren originaltasuna azpimarratu du epaimahaiak.

Joxe Takolo bekaren aurtengo protagonistak (eskuinean) Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro dira.
Joxe Takolo bekaren aurtengo protagonistak (eskuinean) Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro dira. (Azpeitiako Udala)

Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Joxe Takolo bekak esplorazioaren aldeko apustua egin du bere azken edizioan. Horrela adierazten du, bederen, proiektu irabazleak. Mikel Txintxurretak eta Imanol Murok aurkeztutakoak ‘Donostiatik Kirgizistanera’ du izenburu: bi gazteon espedizioak Djangart mendilerroa helburu du. Bisita gutxi izan dituenez, ezezaguna bezain erakargarria da. Hortaz, esplorazioak indar handia hartuko du donostiarren abentura berrian. Hain zuzen ere, Joxe Takolo bekaren epaimahaiak abentura kutsu horri, esplorazioari, azpimarra berezia egin dio. 

Bekaren aurtengo ekitaldiak bi proiektu jaso ditu. Halere, Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak adierazi zuen biak ala biak oso parekatuta egon direla: «Epaimahaiarentzat ez da lan erraza izan behin betiko erabakia hartzea. Oinarrietan jasotako irizpideak kontuan hartuta bakoitzari emandako puntuazioan, puntu bakarraren aldea egon da. Donostiarren egitasmok duen originaltasunari garrantzia eman dio. Eskalada bide berriak sortu nahi dituzte, historikoki oso-oso espedizio gutxi jaso dituen Kirgizistaneko mendilerro batean. Hortaz gain, udalarentzat oso pozgarria da beka honen bidez gazteei proiektu eta erronka berriak egiteko aukera ematea».

Udal ordezkariak gaztetasuna aipatu zuen, eta hala da. Baina Txintxurretak zein Murok (gaztetik elkar ezagutzen dute) eskarmentua dute alpinismoan eta eskaladan. Etxean zein atzerrian. Azken urteotan, gainera, sokakideak dira. Orain, beraien ibilbidean beste urrats bat egin nahi dute Kirgizistaneko Djangart mendilerroan. Informazio eskasarekin abiatuko dira: «Google Earthen arakatzen mendigune horrekin egin genuen topo. Han eta hemen informazioa bilatzen hasi eta ohartu ginen oso gutxi zegoela. Bisita gutxi jaso dituen alderdia da: denera, hamar-hamabi espedizio baino ez dira han izan. Gainera, espedizio gehienetan aurretik zabaldutako bideak igo dituzte; beraz, uste dugu aukera handia dagoela mendi horietan beste bide batzuk sortzeko. Gu asmo horrekin goaz».

Abentura

Protagonista donostiarrek Joxe Takolo bekaren babesa eskertzeaz gain, aurreratu zuten laguntza (4.000 euro) hori gabe oso zaila izango zutela espedizio hori egitea. Aurreratu dugun bezala, Txintxurreta eta Muro, neurri batean, itsuan doaz Kirgizistanen bizi nahi duten benetako abenturara. Irisgarritasuna ere mendilerro ezezagun horren «eragozpen» bat da. Djangart mendilerroa kokatzeko, herrialdearen hego-mendebaldean dagoe, Txinarekin mugan. Eta azpiegiturak ez omen dira oso «egokiak».

Alpiniston helburuen artean, Howard Bury mendiaren mendebaldean esploratu gabe dagoen ingurumaria dago. Mendi batzuk identifikatu dituzte, besteak beste, Letaveta (5.285 m): «Badakigu ipar-ekialdeko aurpegia eskalatu gabe dagoela, eta, hortaz, horma hori izango da helburu nagusietako bat. Mila metro inguru ditu, eta, ikusitakoaren arabera, mistoa eta izotz bertikala aurkituko ditugu. Hala eta guztiz ere, plana ez da itxia, eta mendi zein pareta interesgarriagoak aurkitzen baditugu, haietara joatea ez dugu baztertzen».

Euskal Herritik uztailaren 26an abiatuko dira, eta hilabete bateko espedizioa iragarri dute Joxe Takolo bekako aurtengo protagonistek.