Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Gure bihotzaren taupadak», erritmo dantzagarriak euskaraz

Bulego taldearen ardura izan da Euskaraldiaren 4. edizioari soinu banda jartzea. Nazioartean diharduen baina euskara hutsean konposatzen duen taldea izanik, primeran erakutsi dute bide arrakastatsu bat egitea posible dela eta euskaldun izateak ateak zabaltzeko aukera eman dezakeela.

Durangoko azokan eginiko aurkezpena.
Durangoko azokan eginiko aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Bulego talde azkoitiarrak egin du Euskaraldiaren laugarren edizioko kantua, “Gure bihotzaren taupadak”, aurkezpenean «edonork entzuteko moduko abesti herrikoia» bezala aurkeztu zutena. Argi dagoena da dantzagarria eta itsaskorra dela, arrakasta izateko osagai apartak dituela. Izan ere, Bulegoren ibilbidea ere arrakastatsua da, euskara hutsean aritu arren... edo horregatik hain justu. «Uste guztien kontra ikusi dugu gure hizkuntza dela atzerrira joaten garenean beste talde batzuen aurrean bereizten gaituen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, eta horrek ateak irekitzen dizkigu», aipatu zuen Tomas Lizarazu taldeko abeslariak.

Lizarazuren hitzetan, pixkanaka euskara Bulegoren nortasunean errotzen joan da eta, ondorioz, Euskaraldiko kideak taldearekin harremanetan jarri zirenean ez zutela «bi aldiz pentsatu beharrik izan baiezkoa emateko», esan zuen. «Euskaraldiarekin bat eginez eta abestia sortuz, guri hainbeste eman digun hizkuntza bati bueltan zerbait ematera gindoazela sentitzen genuen». Jendartean izan dezaketen eragina euskararen alde baliatzea euren ardura ere badela aipatu zuten.

Abestiaren sorrera, ordea, ez da hain erraza izan, denontzako kantu bat egin nahi zutelako, Euskaraldiaren izaera askotarikoa kontuan harturik. Abesti hau izan da Bulegoren ekarpena, baina uste dute denok jarri dezakegula gure aletxoa. «Pauso txikiak emanez aldaketa handiak sortu ditzakegu gure inguruan. Ez daukagu aldaketa handiak kanpotik etortzeko zain egon beharrik», adierazi zuen Lizarazuk.