H hizki bereizgarria: erregistro informala erabiltzeko deia
Norberak bere herriko euskara erabiltzean iruditzen zaigu nahiko erregistro informala erabiltzen ari garela, baina errealitatea da zuka, berdin du zein euskalkitan, hizkuntza formala dela. Ohitu gara edozein unetan erabiltzera, baina erregistro informala ere badugula gogoratzea ez dago soberan.

Euskaraldiaren lehen edizioa ospatu zenean, 2018an, ikasi genituen Ahobizi eta Belarriprest kontzeptuak, eta orduztik aldiro jantzi ditugu gure papera identifikatzen dituzten txapak. Baina aurtengo laugarren edizioa berrikuntza batekin dator, eta gure inplikazioa zertxobait moldatzen duen bereizgarri bat sortu dute; H hizkia gehitu ahal izango diogu gure txapari, gurekin zukaz beharrean hikaz hitz egitea nahi badugu.
Lagun arteko hizkera dugu hitanoa, kolokiala, baina gutxitan erabiltzen dena. Zuka erregistro formalagoa izanda ere, konfidantza handiko zirkuluetan normaltasunez erabiltzen da, hika desagerpenera kondenatuz. Baina hitanoa euskararen ezaugarri eder bat bezala hartzen badugu, hori ere bultzatzea garrantzitsu ikusten dute Euskaraldiko antolatzaileek, eta horregatik jarri dute horretan esfortzua aurten.
Hitanoa erabiltzen duten lurralde guztietako herritar talde batek ZirHika taldea osatu zuen 2019an, hitz egiteko era hori bultzatzeko asmoz. «Hitanoa tresna paregabea da kalean eta lagunartean erabiltzeko, hizkuntzari freskotasuna eta adierazkortasuna ematen dion hizkera informala delako -gogorarazi zuten ekimen honen aurkezpenean-. Nahiz eta ikastetxeetan euskaraz ikasi, gazte askok kalean erdarara jotzen du bat batekotasun, adierazkortasun eta informaltasun bila: gazte-hizkera baten bila. Euskarak berezkoa duen hizkera informala, berriz, gainbehera joan da azken hamarkadetan».
Hitanoa ez da herri guztietan maila berdinean erabiltzen. Herri oso euskaldunetan mantendu da batez ere, baina hala ere pixkanaka galtzen doa. Asmoa, euskaldunen artean orokorrean eta gazteen artean bereziki hitanoaren erabilera areagotzea da, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzea.
SUSPERTZEKO TRESNAK
Orain arte Hikaldia ospatu izan da herri batzuetan, baina orain ekimena Euskaraldi osora zabaldu nahi dute, ZirHika taldea Tauparekin elkarlanean. Hala, H hizkia txapari gehitzen dionak esan nahiko du berarekin hikaz egin dezakegula, berdin du Ahobizi edo Belarriprest izan. Are gehiago, H-a eramateko ez da zertan hitanoa jakin behar, ikasi edo entzun nahi duenak ere gehitu baitezake.
Honela, hitano hiztunak aktibatu eta sortu nahi dituzte, galtzen ari den hori berreskuratzeko. Parte hartu nahi duten herritarrei, txaparekin batera H-dun gometxak ere banatuko zaizkie. 84 herrik eman dute izena Euskaraldia Hikan.
«Zirhika elkartea jarri zen Euskaraldiko lantaldearekin harremanetan, hainbat herritan aurretik ere egina zen Euskaraldiaren bueltan Hikaren sustapena, eta elkartekoek hori Euskal Herri osora zabaltzeko proposamena egin zioten lantaldeari», azaldu digu Jon Kobeaga, Euskaraldiko antolakuntzako kideak. «Euskaraldia beti izan da moldagarria, herri bakoitzean dauden hizkuntza beharretara egokitzea da gure proposamena. Horri helduta, Euskaraldia Hika sustapena egiteko zein herrik zuten interesa galdetu genuen. Zirhikarekin elkarlanean osatu da proposamena hala nahi zuten herrietan, eta Euskaraldiak proposamen hori zabaltzen lagundu du», gehitu du.
Hikagin inkestaren emaitzen arabera, hitanoaren egoera orokorra ez dela ona ondorioztatu zuten. Izan ere, inkesta bete zutenen gehiengoak (%55) egoera eskasa edo oso txarra dela zioen, eta nokarena tokarena baino okerragoa. %11k esan zuen egoera ona dela eta %33ak erdipurdikoa. Fokua udalerri euskaldunetan jarriz gero, hitanoaren egoeraren pertzepzioa hobea da; %64ak uste du ona edo erdipurdikoa dela.
Horregatik uste du ZirHikak euskararen erregistro informalak bultzada bat behar duela. Hala, aurten Euskaraldian parte hartzeaz gain, Euskal Herriko Hika Topaketaren bigarren edizioa ospatuko dute Markina-Xemeinen, azaroan. Bi urtetik behin antolatzea aurreikusten dute, eta lehenengoa Gipuzkoan izan zenez, oraingoan Bizkaira salto egitea erabaki dute.
Era berean, Hikadromoaren bigarren edizioa ere egingo dute Durangoko Azokan. 2024ko abenduaren 7an egin zuten lehena Gerediaga elkartearen babesarekin, eta dinamikak izan zuen arrakastaren ostean -75 pertsonek hartu zuten parte, Euskal Herriko lurralde guztietakoak-, aurten ere egingo dute, lortu zen giro apartarekin animatuta.
Horrez gain, ZirHikak hitanoa sustatzeko bestelako proposamenak badituzte, aurrera begira martxan jartzeko asmotan. Hasteko, udalekuetan txertatzea gustatuko litzaieke, batez ere Bertsozale Elkarteak eta EMAk antolatzemn dituen Salto! izena dutenetan. Gainera, gida bat sortu nahi dute, hitanoa erabiltzea sustatzeaz aparte, hura ikasteko pautak eman nahian.
Norberak etxean praktikatu ahal izateako, ZirHika taldeak ‘Appa hi!’ aplikazioa jarri zuen martxan. Horri esker, jolas baten bidez, hitanoa ikasten joan gaitezke, eta mailetan aurrera egin. Hitano hiztunak gehitzera eta aktibatzera bideratutako lanak dira guztiak.
Noka tresna feminista bezala
Hitanoaren galera nabarmena izan da urtetik urtera, baina batez ere nokarena. Hika hitz egiten den herrietan toka entzutea arrunta bada ere, noka entzutea zaila da edonon. Gizonen artean erabiliagoa da hitanoa, beraz, emakumeen artean baino. Ezaugarri horri begiratuz gero, hitanoari bultzada ematea ez da pentsatu dezakeguna bezain erraza, ahots kritikoak ere badituelako. Izan ere, euskararen bereizgarrietako bat da ez duela genero markarik, pertsona askorentzat abantaila dena. Hori dela eta, hitanoari uko egiten diotenak badaude, toka eta noka bereiztean beste hizkuntza gehienetan dauden genero markak erabiltzen direlako. Hala ere, mutilen eta nesken artean dagoen hikaren erabilera maila desberdintasunak motibatuta, feminista gazteek noka berreskuratzera eta eurena egitera tematu dira.
Orain arte hitanoa -gutxi erabiltzen den arren- gizonen hizkuntza izan bada, emakumeak ez dute konformatu nahi, eta euren erregistro informala aldarrikatzen hasi dira. Genero markaren eztabaida alde batera utzita, hizkuntza eta komunikazio eskubidea lehenetsi da, emakumearen ahalduntzearen aldeko apustua eginez.
Noka ikasi eta kalean emakumeen artean erabiltzeko hautua egin duten asko daude, hitanoa ikastetxean ikasten ez den zerbait delako; kaleak dira eskolak, eta, beraz, ikasteko presente egon behar du hor. Datozen egunetan fijatu zaitez zein emakumek daraman H-a paparrean.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
